euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian da 49. Durangoko Azoka, datozen lau egunetan Euskal Herriko eta Diasporako argitalpen berrien erakustoki

2014/12/05

Azokan izango dira, urtero legez, Nevadako Unibertsitateko "Center for Basque Studies"-eko argitalpenak
Azokan izango dira, urtero legez, Nevadako Unibertsitateko "Center for Basque Studies"-eko argitalpenak

PUBLIZITATEA

Gaur, goizeko 9:30tan irekiko ditu ateak 49. Durangoko Azokak, Euskal Herriko ikasleei zuzenduriko egun berezian. Halarik ere, azoka publiko orokorrarentzat ere irekia izango da. Urtero legez, Landako pabilioiko kale eta standetan barrena ikusmiran aurkitu ahalko dira Euskal Herria azken urtean zehar argitaratutako liburu eta diskoak. Diasporako hainbat argitalpen ere izango dira eskuragarri; guk jarraian aipatuko ditugu horietako batzuk.

Durango, Bizkaia. Aurreneko bisitariak hartzen hasia da dagoeneko 49. Durangoko Azoka eta datozen egunetan Euskal Herriko zazpi probintzietako milaka bisitari izango dira bertan, baita Diasporako batzuren batzuk ere. Aurten azokan eskuragarri izango diren produktu guztien artean Diasporarekin harremana dutenen zerrendatxo bat egingo dugu guk, zortzigarren probintziatik datozenentzako edo hango berri izan nahi dutenentzako.

Hasteko, aipa dezagun urtero urtero azokan izan ohi den Diasporako argitaletxe bat: University of Nevada Press, Renoko Center for Basque Studies-eko argitalpenekin. Aurten Goienkale, 31n jarriko dute standa. Argitaletxeak aurten plazaratu dituen liburuen artean honako hauek: "Fifteen days in Urgain", Jose Antonio Loidiren detektibe eleberri klasikoaren ingelesezko itzulpena, Boiseko Nere Letek egina; edo "Hammer of Witches", sorginen epaiketetan girotutako eleberri historikoa, Begoña Echeverria euskal-kaliforniarrak ingelesez idatzia. Kataloko beste izenburu batzuk, hemen.

Ttarttalo argitaletxeak (Goienkale 1-7) Diasporarekin zerikusia duten hainbat liburu ditu katalogoan, nahiz eta aurreko urteetako argitalpenak izan, besteak beste: "The Basque Hotel" (Robert Laxalt euskalaerikarrarena); "El oso hormiguero de su majestad" (Seve Calleja) edo "Aritzona, el roble protector" (Martin Etchtart). 

Elkarren katalogotik, aipatu "Itzulera baten historia" (Martin Ugalde);  "Kafea hartzea Iruñean" (Robert Laxal) eta "Tigre ehizan" (Aingeru Epaltza).

Pamielak (Barrenkale 53, 60), Atxagaren "Nevadako Egunak" dakar, besteak beste.

Horrez gain, Diasporarekin zerikusia duten beste zenbait nobedade dira "Patria vasca en Argentina", Argentinako EAJren historia, Magdalena Mignaburu (euskal-argentinarrak jasota (Sabino Arana Fundazioak argitaratuta), edo "Joanes, euskal baleazalea" komikia, New Yorken bizi den Guillermo Zubiaga marrazkilariaren eleberri grafikoa, jatorriz ingelesez argitaratua Center for Basque Studies-ekin eta aurten euskarara eta gaztelaniara itzuli dutena.

Durangoko Azokako standen mapa: hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia