euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miren Aizpitarte, Idaho: "Garrantzia duena ez da zenbat euskal odol duzun, berakiko duzun engaiamendua baizik"

2011/01/31

Miren Aizpitarte idahotarra alboka jotzen Lael Uberuaga eta Oinkari taldeko beste lagunen ondoan Shanghaiko Expon egin zuen erakustaldian (argazkia Oinkari.org) Miren Aizpitarte gazte euskal amerikarrak Idaho estatuko 'Distinguished Student Award' saria jaso du hilabete honetan, eta komunikabideek eskaini dizkioten artikuluetan bere euskal ondareari buruz mintzatu da. Miren Boiseko Oinkari dantza taldeko kidea da eta erakustaldietan alboka jotzen du sarri. AEBetako albokari bakarra da ziurrenik Miren eta, hori dela eta, beraz, bakarrik ikasi behar izan zuen, euskarazko liburuxka batekin eta bideoak ikusiz eta entzunez. Boiseko 'Amuma Says No' taldearekin ere jotzen du eta gazteei euskal dantzak eta akordeoia irakasten dizkie. Diasporako gazte euskaldunentzat engaiamendu eredugarria duzu, zorionak Miren!

Gehiago irakurri...


Iruñeko artzapezpikuak Orreagako Santa Mariaren jargiratze meza nagusia emango Mexikon igandean

2011/01/28

Coyoacan-go Jesusen Bihotzaren elizaren barrualdea Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako apezpiku den Francisco Perez Gonzalez Nafarroako Elizako ordezkari arituko da datorren igandean Mexiko Hiriko Jesusen Bihotzaren Elizan egingo den Orreagako Santa Mariaren jargiratze ekitaldian. Elizkizunean 'Fratellum Ensamble' taldeak Emiliana Zubeldia musikagile nafarraren Jasokunde Meza kantatuko du, eta jatorri baztandarreko Antonio Barberena akordeoilari mexikarra ere arituko da edertzaile.

Gehiago irakurri...


Euskal nobela beltzak lekua izango du astelehenean Bartzelonan hasiko den BCNegra jaialdian

2011/01/28

Bartzelonako BCNegra jaialdiaren aurtengo afitxa Jose Javier Abasolo, Jon Arretxe eta Aingeru Epalza idazleek parte hartuko dute datorren astean hasiko den Bartzelonako nobela beltzaren jaialdian, euskal literatura beltza eta kriminalaren errealitate eta etorkizunaren berri emateko. Eurekin batera Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, ariko da. Erein argitaletxea ere jaialdian izango da, 'Uzta Gorria', nobela beltzari eskainitako euren sail berria aurkeztuz. Ostegunean mahaingurua egingo dute hiriburu katalanean.

Gehiago irakurri...


Gabonen ostean, Vancouver-eko euskal etxe txiki baina biziak 2011ko ekimen sorta prestatzen dihardu

2011/01/28

Olentzero Vancouver-eko Euskal Etxeko mutiko batekin (argazkia VancouverEE) Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxeko kideak datorren hilean bilduko dira 2011ko jarduera egutegia adosteko. Euren helburua, urtero legez, elkartearen bidez Kanadako Pazifikoko kostako euskaldunei topagunea eskaintzea izango dute. Euskal etxe txikia da kanadarra, Elena Sommer presidentak onartzen duenez, eta sarri Seattle-go Euskal Etxearekin indarrak batzen dituzte ekimenak antolatzeko. Zazpiak Batek Gabon afari batekin itxi zuen iazko urtealdia, Olentzero euskal-kanadarra eta guzti.

Gehiago irakurri...


Mexikoko EEak San Sebastian jaiaren zirraraz gozatu zuen Danborradarekin (argazkiak eta bideoa)

2011/01/27

Danborrari euskalmexikarrak Euskal Etxearen frontoian (argazkia Maricarmen Arrechea) Danborradaren doinuak izan ziren nagusi joan den larunbatean Mexiko DFko Euskal Etxeak egin zuen San Sebastian eguneko afarian. Gau aparta izan zuten euskal mexikarrek: janari ona, musika eta parranda. Jon Astigarragak eta Juan Jose Arrietak prestatu zuten afariaren ostean, bertaratu zirenek sukaldari txanoak jarri, makilak eskutan hartu eta San Sebastian martxa jotzeko aukera izan zuten, elkarteko danborradarekin batera. Alfredo Jober donostiarra izan zen danborradako danbor nagusia.

Gehiago irakurri...


Necocheako Euskal Etxeak San Sebastian jaia egun batzuk aurreratu zuen, danborrada eta guzti

2011/01/27

Necocheako Danborrada larunbatean jotzen, Picon danbor nagusiaren zuzendaritzapean (argazkia Ester Arrondo) Necocheako Euskal Etxeak San Sebastian eguneko festa giroa ekarri du aurten ere Argentinara, asteburu osoko jaialdi batekin. Joan den urtarrilaren 14 eta 15ean egin zuten jaia, sainduaren eguna baino lehenxeago, asteburua izanik ahalik eta lagun gehien bildu ahal izateko. Ondo egin zuten gainera, Necocheako Danborradak gero eta euskal argentinar gehiago biltzen ditu eta: aurten Laprida, Tandil, Chascomus, Rosario, Villa Maria, Mar del Plata, Buenos Aires eta La Platako euskal etxeetako ordezkaritzak ere bildu ziren jaira, 'festara!' dei klasikoari erantzunez.

Gehiago irakurri...


EAJ-Argentinak Lopez 'usurpatzaile' eta 'legezkanpoko'a dela eta Celayak ezer berririk egin ez duela esan du

2011/01/27

Jon Uriarte jeltzale argentinarraren artikulua Argentinako Eusko Alderdi Jeltzalearen blogean "Patxi Lopez usurpatzaile bat da eta berarekin gobernuan dauden guztiak modu ilegitimoan ari dira euren karguetan". Argentinako EAJ-PNVko lehendakariorde den Jon Uriartek aste honetan Argentina Buru Batzarrak interneten duen blogean idatzi dituen esaldietako bat da, izan ere Julian Celaya Jaurlaritzaren Diasporarekiko Harremanetarako arduraduna kritikatuz argitaratu duen artikuluan gogorrak botatzen baititu Jaurlaritzaren zilegitasunaz eta baita ere Celayaz, esanez, besteak beste, azken honek "karguan daraman denbora ezer berririk egin ez duela", hau guztia Celayak bere saileko Euskal Etxeak aldizkarian argitara emandako ohar bati erantzunez.

Gehiago irakurri...


XVII. mendeko Euskal Baleontzien inguruko jardunaldia egingo dute etzi Kaliforniako Unibertsitatean

2011/01/26

Euskal Baleontzien jardunaldiak aurkezten dituen afixa Euskal Ikasketen alorreko jardunaldi honetara bilduko diren hitzaldi eta irakurketek euskal baleazaleen lege antolaketa, kultura trukea eta gatazkak jorratuko dituzte. Jardunaldi egun hau 'Lekuen Geografiak' zikloaren barruan antolatu du Santa Barbara Kaliforniako Unibertsitateko (UCSB) Kulturarteko Gizarte Zientzia zentruak. Hitzaldiak etzi ostirala, urtarrilaren 28an, izango dira goizeko 9:00etan hasita Unibertsitateko McCune aretoan.

Gehiago irakurri...


Ikastaroa emango du Buenos Airesko Udako Euskal Unibertsitatean John Bieter historialari euskal amerikarrak

2011/01/26

John Bieter, iaz New Yorken Ellis Island-eko euskal erakusketa zabaltzeko ekitaldian (argazkia EuskalKultura.com) Dena prest dago datorren otsailaren 1ean Buenos Airesen, Argentinako Udako Euskal Unibertsitatearen edizio berri bati ekiteko. Aurten ikastaroek irakasle berezi bat izango dute : John Bieter historialari euskal estatubatuarra, bere sorterriko euskal historia ikertu duen pertsona eta Idahoko euskal komunitateko kide ezaguna. Bieterrek 'Euskaldunak AEBetan' izeneko mintegi berezia eskainiko du eta berak itxiko du unibertsitatearen hirugarren edizio hau Idahoko euskaldunei buruzko hitzaldi berezi batekin.

Gehiago irakurri...


Danborradaren burrunba Kubara heldu da aurten lehendabizikoz, irlako euskaldunei esker

2011/01/26

Itxura guztietako euskaldunak eta kubatarrak bildu ziren Centro Vasco jatetxean San Sebastian eguna ospatzeko (argazkia JMArrugaeta-EuskalKultura.com) Gipuzkoar festazale sutsu batzuen gogo eta ahaleginari esker ospatu zen joan den urtarrilaren 19an San Sebastian egun bezpera eta egun sartzea Kuban. Irlako AthletiKuba Taldeak ere lagundu zuen antolakuntzan, izan ere, Karibean Errealzale eta Athletikzaleak Euskal Herrian baina zertxobait hobeto moldatzen dira. Bertako euskaldunak eta lagun kubatar batzuk Habanako Centro Vasco jatetxean bildu ziren eta afalostean, sukaldari txano eta guzti, San Sebastian martxa jo zuten Jose Luis Astigarraga, 'Asti'ren zuzendaritzapean. Esan beharra dago Habanakoa munduan egiten diren San Sebastian bezperako afarietan bakarrenetako izango zela angulak zerbitzatzen.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia