2011/02/10

Kalean da, Herbehereetako liburudendetan, Zirimiri Press argitaletxearen lehen liburua, 'Emekiro', sei euskal emakume idazleren ipuin bilduma, euskaratik zuzenean neerlanderara itzulia. Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Jasone Osoro, Eider Rodriguez, Katixa Agirre eta Kristina Goikoetxea dira idazleak, seiak ala seiak 1970az geroztik jaiotakoak. Herbehereetan hizkuntza txikien literatura eta kultura ezagutaraztea da argitaletxe gaztearen helburua, emeki-emeki, ia konturatu gabe bustitzera heltzen den zirimiria bezala. Ekimenaren atzean Madrilgo Euskal Etxean euskara ikasi zuen Henrike Olasolo, eta bere emaztea Cristina Richarte daude.
Gehiago irakurri...
2011/02/10

Asian barrena bira egin ondoren eta azken hilabeteotan Euskal Herrian emandako hainbat kontzerturen sarrerak agortu ostean, Berri Txarrak talde nafarrak Latinoamerika eta Kanada bisitatuko ditu otsail hondarrean hasi eta martxoko lehenengo bi asteetan egin behar duen biraren barruan. Bira honek Brasil, Argentina, Txile, Mexiko eta Kanadara eramango ditu, hain zuzen ere, Curitiba, Sao Paulo, Buenos Aires, Bellavista, San Antonio, Santiago, Mexiko Hiria eta Torontora, otsailaren 25an hasi eta martxoaren 10a bitartean.
Gehiago irakurri...
2011/02/10

Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxeak Argentina osoko euskal etxeei Udako Mus Txapelketan parte hartzeko gonbitea luzatu zien duela pare bat aste. Ekitaldia otsailaren 25 eta 26an izango da Buenos Aires probintziako kostaldeko hiri honetan eta txapelketan sartzeko 400 pesoko izenematea ordaindu beharko du muslari bakoitzak, ostiral eta larunbateko afariak barne. Izena emateko epea datorren asteartean, otsailaren 15ean, bukatuko da, eta ez da beharrezkoa aurrerakinik egitea.
Gehiago irakurri...
2011/02/10

Madrilgo Euskal Etxeko kideek azken aste hauetako hotzari entzungor egin eta hiriko kaleetan ibili dira bi euskal tradizio ezagun ohoratzen: Santa Ageda eskean eta Danborrada txikiarekin. Elkarteko korua Madrileko erdigunean kantari ibili zen joan den otsailaren 4an eta "Aintzaldu daigun Agate Deuna..." bezalako koplek zur eta lur utzi zuten Puerta del Sol-etik zebilen bat baino gehiago. Aurretik, urtarrilaren 23an, elkarteko txikiak izan ziren protagonista, danborradaren burrunbarekin. Jarraian, bi ekitaldion bideoak ikusgai.
Gehiago irakurri...
2011/02/09

Kirmen Uribe idazle ondarroarrak euskararen hotsak ekarriko ditu gaur Genevako Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen aretora. Miquel Barceloren kupula ospetsuaren pean Uribek eta Manuel Rivas galiziarrak euren lanak irakurriko dituzte, batak euskaraz eta galegoz, besteak. Ama Hizkuntzen Nazioarteko Egunaren karira antolatu dute ekitaldia. Hil honen hondarrean, aldiz, Portugalen izango da Uribe, 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriaren itzulpena aurkezteko.
Gehiago irakurri...
2011/02/09

Gaztea da oso Mar Chiquita partiduko euskal etxea. Izan ere, 'Izatez Harro' erakundeko kideak 2009ko azaroan elkartu ziren lehendabizikoz. Baina euskal etxearen oinarriak ezarri bezain laster, lanari ekin zioten. Oso denbora gutxian, partiduko herrietako ekitaldietan beren presentzia handituz joan dira eta komunitateari begirako proiektuak martxan jarri dituzte. Horietako bat pasa den abenduan Buenos Aires Probintziak elkarteari mutualitate gisa emandako onespena da. Euskal Etxea izateaz gain Mutualitatea ere badira, beraz, eta honen bidez formakuntza alorrari ekin ahal izan diote iaz eta laster, datorren otsailaren 15ean, hornitegi edo denda bat inauguratuko dute.
Gehiago irakurri...
2011/02/09

Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko dantza taldeak Alta Gracia hiriko Gizataldeen Azokan parte hartu zuen joan den astean, euskaldunen emanaldia telebista nazionalak eskaini zuelarik. Azokak 'Todo el mundo en Alta Gracia' izenburua zuen eta aurtengo edizioak bisitari marka guztiak hautsi dituela adierazi dute bertaratu ziren euskaldunek: 30.000 lagundik gora izan ziren euskal taldeak parte hartu zuen gauan. Gure Txokoa elkarteko ordezkaritzarekin batera Rio Gallegoseko Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeko lagunak ere bertaratu ziren.
Gehiago irakurri...
2011/02/09

Bi euskal etxe berri onartu zituen atzoko Gobernu Bilkuran Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean euskal etxeen munduko erregistroan sartzeko. Latinoamerikakoak dira biak, Brasilgo Brasilia hiriburuko Eusko-Brasildar Etxea, lehena; eta bigarrena, berriz, Uruguaikoa, Flores departamenduko Euskal Etxea. Honekin, hiru dira dagoeneko Brasilen onartuta dauden euskal etxeak, eta hamar Uruguaikoak.
Gehiago irakurri...
2011/02/08

Telebistako hainbat dokumentaletan urrutik dauden herri eta kulturei buruz hitz egiten da askotan. Askotan ere dokumental horiek aurkezteko arduradunak edadeko adituak dira. Joan den urtarrilaren 4an Argentina Telebista Publikoak igorri zuen saioan, berriz, Euskal Herriaz hitz egiteko aukera izan zuena aditua zen, bai, baina adin gutxiko aditua. 'Caja Rodante' umeentzako saioko 'Historias Rodantes' atalean, Faustino Caneva Anitua txikiak Buenos Airesko Laurak Bat-en instalazioak eta han bertan egiten diren ekintzak erakutsi zizkion ikusleriari (ikus bideoa).
Gehiago irakurri...
2011/02/08

Larunbatean bukatu zen Expolangues hizkuntz-azokan Eusko Jaurlaritzak antolatzaileei proposatu die 2013ko edizioan euskara azokako hizkuntza gonbidatua izan dadin. Era berean, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Hervé Trinquet Pariseko Eskual Etxeko lehendakariak euskara sustatzeko hitzarmena sinatu zuten. Horrez gain Azkue fundazioak hitzarmena sinatu zuen Parisen Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearekin, bien arteko elkarlana sustatzeko asmoz. Azkenik, Nafarroako Gobernuak ere bere standa zabaldu zuen Azokan, Euskarabidea institutuaren bitartez.
Gehiago irakurri...