euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zinea, euskara, bideoak eta dantza tailerra dira Berlingo Euskal Etxearen webgune berriaren proposamenak

2011/02/17

Berlingo Euskal Etxearen webgunearen irudia Ainhoa Añorgak, Berlingo Euskal Etxeko presidenteak, elkarte euskal alemaniarrak webgunea berritu duela jakinarazi digu eta bertan ikusmiratzeko gonbitea luzatzen die EuskalKultura.com-eko irakurleei. Webgunearen helbidea www.euskaletxea.de da eta bertan elkartearen ekimenen berri topatuko duzue. Alemaniar hiriburuan eta inguruetan egiten diren euskal jarduerak ere jasotzen dira eta Gernika Kulturverein elkarte euskal-alemaniarrari buruzko atala ere bada.

Gehiago irakurri...


Euskara klaseak, Cordobako 'Gerora' Elkarteak zerrenda zinez luze baten lehenengo ekintza 2011 honentzat

2011/02/17

Euskara klaseak hasi dira jadanik 'Gerora' Elkartean. Argazkian Elba Mocoroa irakaslea ikasle batzuekin (argazkia Gerora) “Euskal Kultura bere adierazpide guztietan hedatzea” hartu zuten helburu Cordobako 'Gerora' taldeko lagunek elkartzea sortzea erabaki zutenean. Eta helburu hori gidari eta eragile bihurtu da talde berriarentzat. Ekimenez betetako urte baten ondoren, proposamen gehiagorekin egingo diote aurre 2011ri. Euskara eta dantza klaseak, historia, musika, sukaldaritza, kontzertuak, hauexek dira, batzuk aipatzearren, jaio berria den elkarteak komunitateari eskainiko dizkion aukerak.

Gehiago irakurri...


Jaime Brown neska euskalamerikar gaztearen lagunek otoitza eskatu dute bere osasun larriaren aurrean

2011/02/17

Jaime Brown (argazkia Nena Erreca) Jaime (Ieimi ahoskatuta) Brown urtarrilaren 23an 18 urte egin berri dituen neskato euskal kaliforniarra da. Lagun asko dauzka Jaimek AEBetako euskal komunitateetan, 'betidanik' izan baita Los Banos-eko Euskal Etxeko kide eta dantzari eta baita San Frantziskokoa ere. Hamaikatxo euskal festa, ikastaro eta elkarretaratze bizi izan ditu han-hemenka bere inguru amerikarrean, alaitasuna eta euskaltzaletasuna ezaugarri. Duela gutxi, bizkarreko min batek medikuarengana eraman zuen, eta handik ospitaleratu egin zuten, minbizi tumore bat harrapatu baitiote bihotz ondoan. Laguntxoek mezu besarkatzaileak eta animo hitzak bidaltzen ari zaizkio eta beste batzuek otoitza eskatu dute, "lehen bait lehen osa dadin".

Gehiago irakurri...


Euskal Kultur Erakundeak gazteen sorkuntza sustatzeko lehiaketa bat eta diru laguntzak deitu ditu

2011/02/16

Pantxoa Etchegoin, EKEko zuzendaria, Hogei'ta egitasmoaren aurkezpenean (argazkia EKE) Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak Hogei'ta egitasmoaren barruan gazteen kultur sorkuntza sustatu nahi du datozen urteetan eta horretarako hainbat ekimen jarri ditu abian. Alde batetik, 'Irudimena' lehiaketak euskal kulturari buruzko argazki bat hartu eta testu edo irudi bat sortzeko erronka proposatzen du. Sariak netbook-ak, ipod-ak, Fnacbook-ak eta argazki kamerak dira. Bestetik, Hogei'ta deialdi artistikoaren bidez bideogintza, argazkilaritza eta grafismo arlotan bi sormen-proiektu, gehienez 5.000 eurotako laguntzarekin babestuko ditu. Euskal gazteek, Euskal Herrikoek zein Diasporakoek, parte har dezakete bi deialdiotan. Izan ere, EKEko Jakes Larrek EuskalKultura.com-i azaldu dionez: "kulturzaleok ez dugu mugarik!".

Gehiago irakurri...


John Bieter: 'Laster, euskalduna izatea gero eta gutxiago izango da odola eta gero eta gehiago nahia'

2011/02/16

John Bieter irakaslea Argentinako Udako Euskal Unibertsitatean, Buenos Airesko 'Euskal Echea' eskolan (argazkia EuskalKultura.com) Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko antolatzaileek gonbidaturik John Bieter historialari euskal estatubatuarrak 'Euskaldunak Estatu Batuetan' delako ikastaroa eman zuen Buenos Airesen. Bieter Boise State University-ko Historia saileko irakasle elkartua da. 'Ondare iraunkor bat: euskaldunen historia Idahon' liburua idatzi zuen anaia Markekin, AEBetan euskal komunitate esanguratsuena duen estatu honetako euskaldungoa aztertuz. Boiseko Cenarrusa Center for Basque Studies delakoko zuzendaria da, erakundea bera sortzen lagundu zuten eragileetakoa izateaz gain. Buenos Aireseko egonaldia bukatu baino ordu batzuk lehenago, EuskalKultura.com-ekin mintzatu da eta Estatu Batuetako eta Argentinako euskaldunen arteko berdintasun eta ezberdintasunak aipatu ditu besteak beste.

Gehiago irakurri...


Haurrak eskuaraz!: Bordeleko Eskual Etxeak elkarteko txikiei zuzenduriko haur-txokoa abiaraziko du

2011/02/16

Bordeleko Euskal Etxeko haur batzuk 'Xitoak' euskal kultur lantegian (argazkia BordeleEE) Helduden martxoaren 2tik aurrera Bordeleko Euskaldunen Biltzarra elkarteko haurrek euskaraz ikasi eta jolasteko hitzordua izanen dute astero, 'Haurrak eskuaraz!' ekimenari esker. Euskal etxeak antolatu duen ikastaroa asteazkenero eginen da eta Amaia Mujika, Bordelen ikasketak egiten ari den hazpandarra, izango da irakaslea. "Elkarteko guraso askok nahiko lukete seme-alabek eskuaraz hitz egitea, eta horixe da gure helburua, joko eta kantu bidez eskuaraz ikastea", azaldu dio EuskalKultura.com-i Mayia Duhaldek.

Gehiago irakurri...


Omenaldia Bilbon Sergio Oiarzabal poetari eta hilondoko bere liburu bat aurkeztuko dute Bidebarrietan

2011/02/16

Omenaldia bihar osteguna, arratsaldeko zazpi t'erdietatik goiti egingo da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Bere obraren zatiak irakurriko dira, musikak lagundurik Bilbotar olerkariaren lagun talde batek, tartean idazle eta poetak, musikariren bat, argitaldariak eta hiriburu bizkaitarreko literatur eta poesia inguruetan mugitzen diren jendeak, omenaldia prestatu dio bihar ostegunez Bidebarrieta Liburutegian Sergio Oiarzabal poeta gazteari, joan den ekainean eta tupustean, 36 urte zituela hil ondoren. Poetaren testuen zatiak musikak ladunduta irakurriko diren ekitaldia hunkigarria eta lagunarte girokoa espero da. Sergio Oiarzabal, euskal diaspora gaietan aditua den eta egun Deustuko Unibertsitatean eremu horretan ikertzaile diharduen Pedro Oiarzabalen anaia zen. Hitzordurako ateak zabalik egongo dira parte hartu nahi duen ororentzat.

Gehiago irakurri...


Arantzazu Amezaga: "Historiako atal handiak berreskuratu behar ditugu, memoria ukatu baitigute"

2011/02/16

Arantzazu Amezaga (argazkia Josemari Velez de Mendizabal-Euskonews) Diasporako euskaldunak aipatzen ditugunean, zalantzarik ez dugu eurak Euskal Herriko parte direla. Artikulu honetan aipatzen dugun Arantzazu Amezagaren kasuan, ezaguna da oso bere ibilbidea --geografikoa zein bizitzan zehar garatu duena-- eta han-hemenka utzi dituen emaitzak. Diaspora, bere kasuan, familiaren eta senarren aldetik ere haren familiaren aldetik datorkio, Diasporako alaba, emaztea, ama eta amatxi baita. Argentinan sortua, lotura sakonak dauzka Uruguai eta Venezuelarekin, eta, bistan da, baita Euskal Herriarekin ere, urteak baitira 'itzuli' zela eta egun Nafarroatik garatzen baitu bere ekimena.

Gehiago irakurri...


Manifestazio batera deitu dute Bilbon Sortu legeztatzeko; Cesar Arrondok irakurri zuen mezua erdaraz

2011/02/15

Argentinako euskal diasporako kide den Cesar Arrondok protagonismoa hartu zuen joan den asteburuan, otsailaren 19an Bilbon Sorturen legeztapenaren alde egingo den manifestazioa aurkezterakoan (argazkia Europa Press) Euskal Herrian, joan den astetik aurrera egunkari eta komunikabideetan lekurik gehien hartzen ari den berria Sortu alderdiaren aurkezpenaren ingurukoa da, izen berri honekin plazaratu baita 'Alderdien Legea' delakoa medio azken urteotan legez kanpo egon den ezker abertzalea, oraingoan alderdiaren estatutuetan indarkeria guztiak, ETArena barne, arbuiatzen dituela. Maiatzean foru eta udal hauteskundeak izango direlarik Hego Euskal Herrian (Iparraldean ere bozak dira, baina Batasuna legepekoa da) gizartea eta mundu politikoa aztoratuta dabil Espainiako gobernuak eta justiziak hartuko duten jarreraren aurrean. Legeztapenaren alde, manifestazio baterako deia zabaldu da datorren larunbaterako Bilbon. Jendaurrean aurkezterakoan, Diasporako euskaldun batek, Cesar Arrondo argentinarrak, irakurri zuen deia gaztelaniaz.

Gehiago irakurri...


Argentinako UEU: urtez urte haziz doan proiektuak 2011ko ikastaroa itxi zuen joan den ostiralean

2011/02/15

Udako Euskal Unibertsitateko ikasle eta irakasle batzuek hiriburuko "Gernika" jatetxean afaldu zuten  (argazkia UEU) 2009an proposamen ausart batekin ireki zizkion ateak Buenos Aires hiriburuko Euskal Echeak Argentinako komunitateari. “Handia da dagoen jakinmina euskal kulturarekiko eta, aldi berean, aukera gutxi daude ikasteko. Agian, Udako Unibertsitate batek hutsune hori bete dezake”, azaltzen zuen proiektua proiektu baino ez zenean Enrique Aramburu ideiaren bultzatzaile nagusiak. Gaur, hirugarren edizioa bukatuta, hasierako helburuak bete eta proposamena asko hazi dela aitortzen dute antolatzaileek: “Ikasleen lanak gero eta hobeak dira, aurten ordaindu ahal izan diegu irakasleei eta kanpoko irakasle gonbidatu baten hitzaldiak itxi du ikastaroa. Geure burua gaindituz joan garen seinalea da”, ondorioztatu dio Aramburuk EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia