euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina ezagutu eta bertan euskal kultura ezagutarazi nahi duzu? Eman zure izena Hator Hona programan!

2012/03/07

Hator Hona proiektuaren irudia Irekita dago jadanik -apirilaren 20ra arte- 2012ko Hator Hona programan parte hartzeko izena emateko epea. Necocheako Euzko Etxea euskal etxeak zabaldutako deialdia 18 eta 30 urte bitarteko Euskal Herriko gazteentzat dago zuzenduta eta proposatzen dena Argentinako Necocheara etortzea da, euskara, euskal musika, dantza, sukaldaritza eta kirol tailerrak ematera, egonaldiaren truke. Aurtengo edizioaren behin behineko data uztailaren 13tik abuztuaren 5erakoa da. Animatu (edo interesa izan lezakeen inor ezagutzen baduzu, esaiozu), esperientziak balio du-eta.

Gehiago irakurri...


Ana Olazabal donostiarrak espainiar estatuko Diseinatzaile Gazte Onenari saria eskuratu du

2012/03/07

Ana Olazabal diseinatzaile donostiarra Pariseko Pret-a-Porter azokan izango da irailean (argazkia Gaztezulo) Ana Olazabal diseinaitzaileak Espainiako Diseinatzaile Gazte Onenari saria irabazi berri du eta Gaztezulo aldizkariak elkarrizketa egin dio. Saria 'Release' izeneko bilduma batekin irabazi zuen eta epaimahaiak lehiaketako puntuaziorik altuena eman zion petroliak itsasoan duen mugimendua irudikatzen duten soineko eta jantzi hauei esker. Irailean diseinu hauekin eta egunotan prestatzen ari den beste batzuekin Pariseko Pret-a-Porter azokan izango da. Gaztezulo aldizkaritik jaso dugu elkarrizketa.

Gehiago irakurri...


Guillermo Larreguiren omenean, eskorga bultzatuz Lujan-era joatera gonbidatzen du Eusko Aterpea EEak

2012/03/06

Eusko Aterpeak antolatutako Mus Txapelketan parte hartu zuten bikoteak, tartean, Angel Maison eta Martin Duhau txapeldunak. Txapelak Marcela Balbi Mutuverriak oparitu zituen. Argazkian ere, 2. postuan geratu ziren Matias Marco eta Maricarmen Itcea Proposamen anitz luzatzen dizkio urtero Gral. Rodriguezeko euskal etxeak bere komunitateari eta aurtengo aldia ez da salbuespena izango. Irekita dago jadanik euskara, dantza, mus eta txalaparta tailerretan parte hartzeko izena emateko epea. Bestetik, Ohiko Batzar Nagusia izango dute Eusko Aterpea-ko arduradunek martxoaren 24an eta biharamunean “Baietz egin!” izeneko ekitaldia, Guillermo Larregui Eskorgaren Euskaldunaren omenean. Lujan hirira joango dira oinez, eta eskorga bultatuz. Iristean otordu legea partekatuko dute ibiltariek eta Lujango Garraio Museora hurbiltzen direnek. Hitzordua martxoaren 25ean izango da eta euskal etxetik aterako da goizeko 9etan.

Gehiago irakurri...


Paueko Lagunt eta Maita euskal etxe bearnesak giro ederrean egin zuen 2012ko Bilkura Orokorra

2012/03/06

Jean-Pierre Urrutia presidentea Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxearen bilkura orokorrean hizlari (argazkia SAgostini) Une gozoa ari da bizitzen Paueko Euskal Etxea: iaz estreinatu zuen, azkenik, luze amestutako egoitza propioa, eta bazkideak gogotsu ari dira parte hartzen elkartearen sail eta ekimen desberdinetan. Otsailaren hondarrean elkarteak bilkura orokorra egin zuen eta bertan 2011ko lorpenen berri eman zuen Jean Pierre Urrutia presidenteak. Aurtengo ekitaldiak ere iragarri zituen, hala nola, egunotan jokoan diren Frantziako Mus txapelketarako sailkapen partidak. Preseski, musaren alorrean gogor ari da lanean elkartea eta 2013an edo 2014ean Frantziako txapelketa antolatzekotan da.

Gehiago irakurri...


Aldiberean Euskal Herrian, Perun eta Indian estreinatuko da Lander Camareroren "What about Columbus"

2012/03/05

Lander Camarero zuzendaria, proiektuaren teaser-ean zinemagile zapuztuau Larunbat honetan euskal zinemagintzan sekula gertatu ez den balentria egingo du Lander Camarero zinemagile bilbotarrak: dokumental bat aldi berean hiru herrialdetan estreinatzea. "What about Columbus" du izena filmeak, eta Bilbon, Liman eta Indiako Pune hirian aurkeztuko dute. Ez hori bakarrik: hiru hirietako aretoekin zuzeneko webcam bidez konektatu eta zinemagileekin eta ikusleekin kontinentearteko solasaldia egingo da. Dokumentaletan Saint Exupery-ren "Printze Txikia" egokitu dute euskal, indiar eta perutar zinemagileek eta Camarerok egokitzapen horien arteko desberdintasun narratiboak eta sorkuntza prozesua aztertu ditu.

Gehiago irakurri...


Argentinar banderaren sorreraren bigarren mendeurrenean, Rosarioko Zazpirak Bat ekitaldietako partaide

2012/03/05

Zazpirak Bat euskal etxeko lagunak Argentinako Banderaren bigarren mendeurrenean (argazkiak EE) Ekitaldi anitz antolatu ziren joan den otsailaren 27an Argentinan zehar nazio banderaren omenez. Izan ere, berrehun urte bete ziren bandera zuri-urdin argia ikur nazionaltzat lehenengoz erabili zenetik Rosario hirian, Parana ibaiertzean. Rosario bera izan zen ekitaldi ofizialen egoitza eta bertan, hiriko udalak gonbidaturik, Zazpirak Bat euskal etxeak parte-hartze nabaria izan zuen protokolozko ekintzetan. Batetik, ohorezko plaka eta lore sorta eskaini zuten euskaldunek lehenengo oihal hura brodatu zuen Maria Catalina Echevarriaren oroimenez. Bestetik, bat egin zuten beste erakundeetako buruekin Banderen Aretoan egindako zeremonian. Ospakizuna zuzenean transmititu zuen internetez Zazpirak Bat-eko 'Mendeurreneko mikroguneak'.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak, Nafar Gobernuak eta Akitaniak lehen aldiz elkarrekin defendatu dute euskara Europan

2012/03/05

Euskal erakundeen ordezkariak Europar Parlamentuan (argazki Irekia) Euskarak ordezkaritza bateratua izan zuen iragan astean Europako Parlamentuan EAEk, Nafarroak eta Akitaniak egin zuten misio baten bitartez. Hiru agintaritzetako euskararen alorreko erakundeen buruak izan ziren bidaian: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako aailburuordea, Lurdes Auzmendi; Akitaniako Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria, Frantxua Maitia; eta Nafarroako Euskarabidea Institutuaren zuzendaria, Maximino Gomez. Ordezkaritzak euskararen alorrean egiten ari diren ekimen berri eman zion Europar Parlamentuko hizkuntza gutxituen talde arteko batzordeko lehendakariorde Tabajdi eurodiputatuari, eta laguntzak lortzeko aukera ere izan zuen aipagai.

Gehiago irakurri...


NABOk zabalik du Udalekun izena emateko epea: uztailaren 17tik 25era egingo da Boisen (itxaron zerrenda)

2012/03/02

Iaz San Frantziskon egin ziren bi Udalekuetako bateko neska-mutil kuadrila bat (argazkia NABO) Urtero bezala, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal neska-mutilek bi asteko euskal udalekuan parte hartzeko aukera izango dute, NABO euskal etxeen federazioaren eskutik. Aurtengo Udaleku Boisen egingo da, uztailaren 17tik 25era. Kanpamentuan euskal kulturan sakontzeko eta elkar ezagutzeko aukera izango dute besteak beste dantza, musika, euskera, kirola eta beste jardueren bitartez. Izena eman nahi dutenek maiatzaren 1a arte dute epea, baina lehen bait lehen egitea gomendatzen da, lekuak 105 besterik ez baitira, eta agortzen ari baitira dagoeneko. [BETE DA]

Gehiago irakurri...


Gure Txoko elkarte australiarrak Sydneyko badian ontzi-txangoa eginez ospatu zuen 45. urteurrena

2012/03/02

Gure Txoko Euskal Etxeko zenbait kide Sydneyko badian egin zuten txangoan (argazkia SydneyEE) Gure Txoko euskal etxe australiarrak 45 urte bete ditu aurten eta urtemuga ospatzeko elkarteko kide talde batek ontzi-txango bat egin zuen Sydneyko badian. Berrogei bat lagun bildu ziren ekitaldira eta egun bikaina pasa zuten, ganba eta ostra-ko menuaz gozatuz. Horrez gain, elkarteak euskarako klaseak berrabiarazi ditu, Gabonetako geldialdiaren ostean, Ugutz Tornes irakaslearen gidaritzapean. Datozen asteetako ekitaldien artean aipagarriak dira igande honetan elkarteak Sebastian dantzari mauletarrari egingo dion agurra -Euskal Herrira bueltatzen da Sydney-n bi urte eman ondoren-- eta apirilean, Aberri Egunaren ospakizuna.

Gehiago irakurri...


Sanferminetako zezenak eta ardoa Euskal Herriaren ordezkari Andepeko San Juango Eguzkiaren Festan

2012/03/02

San Juango Eusko Etxeak aurkeztutako karroza, Kukuxumusuko irudiak protagonista Urtero bezala, 2012 honetan ere ospatu zuen Eguzkiaren Festa Nazionala San Juan probintzia cuyotarrak, Argentinan. Otsailaren 22tik 25era milaka lagun bildu ziren Andeen magaleko hirian hainbat adierazpen kulturalez gozatu ahal izateko. Kolektibitate euskalduna jaialdiaren partaide izan zen, euskal karroza eta dantzen erakusle. Karrozari dagokionez, Sanferminetako giroa birsortu zuten San Juango Eusko Etxea-ko kideek Kukuxumusuren diseinuez baliaturik. Dantzak, berriz, euskal etxe anfitrioiak gonbidaturik, Cordobako Gure Txokoa eta Villa Mariako Euzko Etxea-ko dantzariek ipini zituzten.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia