2012/04/04

Bordeleko Euskal Etxeak deituta bilera egin zuten iragan martxoaren 24ean hiriburu ekitaniarrean Frantziako euskal elkarteek. Partehartzaileak Pariseko Eskual Etxea, Paueko Lagunt eta Maita, Montpellier-ko Eskualdunak elkartea eta Tolosako Denak Bat dantza taldea izan ziren. Bilkuran, elkar ezagutzeaz gain, aukera izan zuten ideiak eta lan moldeak partekatzeko eta elkarren esperientzietatik ikasteko. Biharamunean Eskualdunen Biltzarraren Odolkiaren Bazkarira bildu ziren ordezkariak, Bordeleko beste zenbait elkarte euskaltzalerekin batera.
Gehiago irakurri...
2012/04/03

Caracasko euskal komunitateko kide askok parte hartu zuten iragan martxoaren 31 Eusko Etxean egin zen argazki erakusketaren inaugurazioan. "1937. Euzkadi bajo las bombas" da erakusketaren izenburua eta Durangoko eta Gernikako bonbardaketen argazki historikoak ekarri ditu euskal elkarte venezuelarrera. Inaugurazio ekitaldian lekukotza oso berezia eskaini zituzten bonbardaketetan izan ziren bi emakume euskal venezuelarrek: Maria Teresa Aguirre de Arriagak eta Itziar Rodriguez Seijok. Bonbarketa horien 75. urteurrena betetzen da aurten, eta mundu osoan zehar euskal etxe asko ekitaldi oroigarriak ari dira egiten edo prestatzen.
Gehiago irakurri...
2012/04/03

Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek (CBS) Dolores Saval Triguero beka eskatzeko deia egin die Nevadako euskal jatorridun ikasleei. Beka honi esker unibertsitatean ikasketak egiteko diru-laguntza jasoko dute eskatzaileek; laguntza hori 500 eta 1000 dolar bitartekoa izan daiteke. Beka 1995ean sortu zen, Dolores Saval Triguero zenaren omenez. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 15ean itxiko da. Bestalde, CBS-ek “Play, Games and Sports: Bodies of Practice, Communities of Desire” nazioarteko mintegia egingo du apirilaren 19tik 21era. Honi buruz xehetasunak emango ditugu datorren astean.
Gehiago irakurri...
2012/04/03

135. urtemugaren urtean, ekintzez betetako egitaraua proposatuko dio apiril honetan Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak komunitateari, izan Belgrano kaleko egoitzan ala hiriburuko beste instituzio adierazgarri batzuetan, hala nola Recoletako Kultur Gunean eta Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga betetzen den hil honetan, honako deia egiten du Laurak Baten barne buletinak: “Gernika Astean, biktimen memoria, indarkeriaren kontrako aldarrikapena eta justizia izango ditugu gogoan”. Testuinguru honetan, oroitzapen eta hunkidura bereziko apirila iragarri dute Laurak Bat-ekoek.
Gehiago irakurri...
2012/04/02

Buenos Aires hirian, urtebetetze eguna zuten hiriko euskaldunek atzokoa, apirilaren 1ean bete baititu 117 urte hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxeak, sortzez Centro Vasco Frances izena hartu zuenak. Kultura arloko militantea izateaz gain, Norma Rios da elkarteko egungo idazkaria. Urtebetetzearen karietara artikulua idatzi digu, gogoeta eginez 117 urteko bizitza luzea duen erakundeaz.
Gehiago irakurri...
2012/04/02

Etxepare Euskal Institutak kultura kanpoan zabaltzeko diru laguntzen 2012 urteko deialdia argitaratu du Euskal Herri Agintaritzaren Aldizkarian. Deialdia hobetzeko asmoarekin, Institutuak kultur eragileen laguntzarekin hausnarketa prozesua burutu du, zenbait aldaketa eginez. Bi arlotan banatzen dira laguntzak: batetik dago, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, arte eszenikoak eta literatura 2012.ean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntza deialdia (370.000 €); bestetik, euskararen eremu geografikotik kanpo, 2012. urtean eta merkatu izaerarekin antolatutako azoka eta jaialdi profesionaletan parte hartzeko diru-laguntza deialdia (149.000 €).
Gehiago irakurri...
2012/04/02

Ospakizun handien urtea izan zen iazkoa Pergaminoko euskal etxeko kideentzat. 2011an 60 urte bete zituen Buenos Aires probintziako hiri honetako Lagun Onak elkarteak eta urtemugari zegozkion bilera eta jaiak urte osoan zehar burutu ziren. Urteurren ekimenek lortutako arrakastak bultzarik, proposamen ugariko egitaraua luzatzen diote orain euskaldun pergaminotarrek komunitate osoari; 9 de julio kaleko egoitzan gauzatuko diren ekintzen artean aipa daitezke Pazko janari salmenta, dantza klaseak, topaketak eta abesbatza, besteak beste. Bitartean, Lagun Onak-en facebookeko tokiak aktibitate hauen berri, instituzioaren historia eta euskal kulturari buruzko informazio eguneratua eskaintzen du. Izan ere, 2012 honetan, eta teknologia berriez baliaturik, erakundearen eta bere kideen arteko komunikazioa sendotzeko asmoa dute Pergaminoko euskal etxeko arduradunek.
Gehiago irakurri...
2012/03/30

Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Kolonbian izan da aste honetan eta bertako euskaldunekin biltzeko baliatu du bidaia. Celaya Bogotako euskal etxean eta Medellingo Luis Miguel Zulategui euskal etxean izan da, Iñaki Martinez Jaurlaritzaren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako ordezkaria lagun. Medellingo euskal elkartean omenaldi hunkigarria egin zieten Antioquia departamentuko euskaldun beteranoei.
Gehiago irakurri...
2012/03/30

Erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan, Hego Ameriketako Mercomus Mus Txapelketa 2012 delako muslari elkarretaratze eta norgehiagoka antolatu du Txileko Santiagoko Euzko Etxeak, Argentina, Uruguai, Peru eta Txile bertako jokalariak bildurik. Asteazken gauean eginiko protokolozko ekitaldi baten ondotik, egitaraua bihar larunbatera arte luzatuko da, Euzko Etxean egingo den gala-afarian sariak banatu eta euskal eta txiletar folklore emaitzak aurkeztuta. Txapelketa hiriburu txiletarreko Euzko Etxeak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren Txile eta Perurako Ordezkaritza babesle.
Gehiago irakurri...
2012/03/30

15 hilabeteko zaharberritze prozesuaren ostean, Pazko asteburu luzerako irekiko ditu berriro ateak La Pampa argentinar probintziako hotel esanguratsu honek. Euzko Alkartasuna hotel berrituak kalitate handiko 36 logela eta goi mailako zerbitzuak eskainiko dizkie Macachinera heltzen diren bidaiariei, hori guztia apaindura eta giro erabat euskaldunean. “Instalazioak berritu baditugu ere, hotelaren muina ez dugu aldatu. Alegia, euskal kulturarekin lotzen gaituena mantendu dugu, horrela izan behar duelako, Macachingo gizatalde euskaldunaren lekua delako eta Argentina osoan ‘Hotel Vasco’ izenpean ezagutzen delako”, azaldu dio Euzko Alkartasuna-ko kontseziodun berria den Oscar Prosperik EuskalKultura.com-i.
Gehiago irakurri...