euskal diaspora eta kultura

2013/04/02
Urte berezia izango da 2013 hau Villa Mariako euskal etxeko kideentzat. Izan ere, eurak izango dira datorren azaroan aurtengo Argentinako Euskal Aste Nazionalaren antolatzaileak. Jaiaren datari dagokionez azaroaren 8tik 10era izango da eta programa eta voucher-en prezioak aurrerago jakinaraziko dira. Bitartean Villa Mariako euskal gizataldearentzat garrantzi gutxiago ez duten urteko ohiko jardunak burutzen ari dira euskal etxean. Aktibitateen programari hasiera ematen dion elkarretaratzea egin da, etxeko dantzari, abeslari eta Pilota Eskolako umeak bildurik.
2013/04/02
Haritz Aranburu, Rio Grande do Sul-go Euskal Etxe berriko Kultura zuzendaria, Sao Paulon izan berria da eta bisita egin dio Tremembé-n egoitza duen Casa Basco Brasileira elkarteari. Bi euskal etxeak elkarlanean hasteko asmoa agertu dute, eta lankidetza horren baitan euskara klaseak abiatuko dira aurki Rio Grande do Sul estatuko hiriburua den Porto Alegren. Horrez gain, 2013ko Euskal Brasildar Astea Porto Alegren egiteko aukera hausnartzen ari dira.
2013/03/28
Aurreko urteetan bezalaxe, Argentinako Euskal Etxeen Federazioak (FEVA) mezua zabaldu du kide dituen euskal etxe, lagun eta komunikabideen artean, Aberri Eguna dela-eta datorren igandean. "Abertzaleok beharrezkoa dugun eguna da hau, jaia, musika, dantza, bilerak, hitzaldiak, euskara eta nolanahi ere nor garen adierazi eta horren lekukotasuna eman dezagun". "Aberri Egun elkargarria opa dizuegu guztioi, geure sentimenduetan sendo eta ikurrinak lagun gure identitatea agertuz", jakin arazi dute. Sortuk, bere aldetik, mezua zuzendu dio propio Diasporari (ikus bideoa).
2013/03/27
2013/03/27
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak, Santa Fe probintzia argentinarrean, Zuzendaritza berritu du pasa den martxoaren 16ko Ohiko Biltzar Orokorrean. Agintealdi berria hasiko duen Zuzendaritza Batzordeak Javier Oteiza hautatu du presidente, eta harekin batera arituko dira Fernanda Fignioni Múgica, lehendakariorde, eta Alicia Igarazabal, idazkari, besteak beste.
2013/03/27
Etxepare Euskal Institutak antolatuta, iragan martxoaren 20ean abiatu zen Madrilen "Atxagaren Unibertsoa" izeneko kultur egitaraua. Ekimenaren helburua Bernardo Atxaga idazlearen lanen atzerabegirakoa egitea da, "Obabakoak" eleberri ezagunaren 25. urteurrenaren karira. Atxaga egungo euskal idazlerik ezagunena da eta bere liburuak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira. Madrilen egiten ari den egitarau honi esker idazlearen zaleak haren unibertsoan sakontzeko aukera paregabea dute, eta ekitaldiak harrera oso ona ari dira izaten. Apirilaren 7an amaituko da ziklo berezi hau.
2013/03/27
Sandra Estarrona gasteiztarra Arte Ederretako ikaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, baina aurten Txilen ari da ikasten, nazioarteko truke bati esker. Viña del Mar-en Sandra Valparaisoko Euskal Etxearekin harremanetan jarri zen eta, elkarteko presidente Archibaldo Uriartek gonbidatuta, mural bat margotu du egoitzako horma batean. Rubila Araya kazetariak euskal artista gaztea elkarrizketatu du, Txilen bizitzen ari den esperientzia eta artea hizpide, besteak beste.
2013/03/26
Korrika 18 Genevaraino heldu da edizio honetan, aurrenekoz, suitzar hiri honetako euskaldun talde batek antolatu zituen ekitaldiei esker. Jarduera egitarau galanta osatu zuten gainera antolatzaileek, bertsoak, zinea, kantuak eta euskararen aldeko lasterketa uztartuz. Iragan astean "Apaizak obeto" eta "Bertsolari" dokumentalen emanaldiak egin ziren eta igandean Amets Arzallus bertsolariak Genevako euskaltzaleentzako zein Diaspora osoko euskaldunentzako bertso egoki-egokiak jarri zituen, Korrikari Suitzara ongi etorria emateko.
2013/03/26
Urtero legez, Diasporako euskal etxeak Aberri Eguna ospatzeko ari dira prestatzen, datorren igande honetan. Atzerrian diren euskaldunentzako jairik garrantzitsuenetakoa da hau, eta urtero ekitaldi ugari antolatzen dituzte euskal elkarteek. Argentinako Necochea hirian, adibidez, euskal etxeak hiru eguneko egitaraua prestatu du, ostiraletik hasita. Halarik ere, beste zenbaitek, batez ere Argentinan, datorren asteraino atzeratuko dituzte ekitaldiak, oporrak direla eta.
2013/03/26
Arabako lautadatik Ameriketara joan ziren emigranteei buruzko ikerketa ari da egiten Jesus Mari Alegria idazlea. Lan hori burutzeko, Alegriak euskal Diasporaren laguntza eskatu du eta emigrazio istorioen berri dutenei berarekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatu die. Arabako eta batik bat, Araia eta Asparren herrietako emigranteen lekukotasunak bildu nahi ditu. Horiekin guztiekin lautadako langile eta emigranteen omenean liburua argitaratzea da bere asmoa. Alegria "Araia, recuerdos e historias a contratiempo" liburuaren egilea da dagoeneko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus