euskal diaspora eta kultura
2016/04/26
Ziurrenik nazioartean interes gehien piztu duen ETBren saioa da 'Origen', eta estrenatu aurretik gainera! Genealogia eta Diaspora batzen dituen saioak Euskal Herrira ekartzen ditu emigratutako euskaldunen ondorengoak, euren sustraien bila. Normala denez, berria ziztu bizian zabaldu zen euskal etxeetan eta ehundaka bolondres aurkeztu ziren euren betiko ametsa bete nahian. Irailean estrenatuko diren ataletan besteak beste Che Guevararen anaia, Andeetako hegazkin istripuan izan zen Eduardo Strauss Urioste edo Guillermo Amutxastegi zesta jokalari mitikoaren loba ikusiko ditugula aurreratu digu Maite Ibañez produktoreak.
2016/04/26
Bi astez luzatuko da taldeak Euskal Herrian barrena egingo duen bisita. Hegoaldeko zein Iparraldeko leku esanguratsuenak ezagutuko ditu Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearen baitan sortutako taldeak. Ohiko tokiak ezagutzeaz gain, espero ez dituzten sorpresak ere izango dituzte… Bidariariak gaur iritsiko dira ostera osoko oinarri izango duten Azpeitiko Loiolara.
2016/04/25
Kultur Eragileak izeneko bideo-elkarrizketa bildumak kultur ondareari eta batez ere euskal kultur ondareari buruzko gogoeta egitera bultzatzen du. Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkaritzak, kultur eragile horiekin grabatutako materiala eskaintzeaz gain, interesa duten euskal etxeei bideoetan agertzen diren euskal erreferenteekin bideokonferentziak egiteko aukera ere ematen die. Probesteko moduko aukera!
2016/04/25
Lehendabiziko "Basque Yourself International Summer School" ikastaroa ekainaren 26tik uztailaren 15era egingo da, Donostian. Punta puntako irakasleak izango ditu: Bernardo Atxaga idazlea, William Douglass antropologoa, Kepa Junkera musikaria... Klaseak ingelesez emango dira eta ikastaroaren prezioa 1.800 eurokoa da. Izena emateko epea ekainaren 1ean itxiko da (eta oraindik beka batzuk gelditzen dira eskuragarri).
2016/04/25
Uruguaiko Carmelo eta San Jose herrietan aurkeztu ondoren, Uruguaiko hiriburura iritsiko da bihar Magdalena Mignaburu Gure Arropa euskal jantzien bere erakusketa ibiltariarekin. Arropa bilduma aste bukaerara arte egongo da ikusgai Montevideoko Centro Euskaro euskal etxean; inaugurazioan hitzaldi bat eskainiko du Mignaburuk, bihar asteartea, arratsaldeko 7etan.
2016/04/22
Etxepare Euskal Institutuak bost Euskara eta Euskal Kultura irakurle hautatzeko deialdia plazaratu du. Lanpostuak unibertsitate hauetan izango dira: Txileko Unibertsitatean eta Txileko Unibertsitate Katolikoan (Txile); Habanako Unibertsitatean (Kuba); Corkeko Unibertsitatean (Irlanda); Université de Pau et des pays de l'Adour (Iparralde) eta Brnoko Masaryk Unibertsitatean (Txekiar Errepublika). Argibideak, jarraian.
2016/04/22
Binary Soul enpresak Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera aurkezten du Sorginen Kondaira, euskal mitologian girotutako 3D bideo-jokoa da. Euskal kultura eta euskara haur eta gazteei gerturatzeko xedea du eta horretarako, gure geografiako zenbait leku enblematikotan inspiratu da, eta bertan kokatu du agerleku dituen paisaiak. Atzo Bilbon eginiko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako, Bizkako Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko, eta Binary Soul eta Elkar enpresetako ordezkariek hartu zuten parte.
2016/04/22
Oñatiko Udalak (Gipuzkoa) laster argitaratuko duen "historia genero ikuspegitik ikerketa bekak" Selma Huxley izena izango du. Bide batez, gaur ostirala omenaldia jasoko du Huxley-k Oñatiko Unibertsitatean, Euskal Herriko eta Kanadako historiaren ezagutzan eginiko lan izugarria eskertzeko. Artikulua Goiena aldizkarian eman du argitara Oihana Elortzak.
2016/04/21
Wyoming-eko Rock Springs-en jaioa, Estatu Batuetan, Mikaela Goicoecheak 16 urte dauzka eta kantuzalea da oso. Larunbat honetan emanaldia antolatu du bere sorterriko Broadway Antzokian dirua lortzearren New Yorkera joateko, kantua ikasi nahi baitu uda honetan Sagar Handiko akademia prestigiotsu batean.
2016/04/21
Aurten ere topaketa egingo dute Euskal Herrian bizi diren euskal-venezuelarrek eta Galdakaoko jatetxe batean bilduko dira larunbatean. Simon Bolivar elkarteak antolatzen duen 21. topaketa da aurtengoa eta bertara biltzen diren lagunen artean urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa bilakatu dela esan beharra dago. Eguna eguerdiko ordubatetan hasiko da, Santa Maria elizan egingo den mezarekin, eta ondoren bazkarian ehun lagundik gora espero dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus