euskal diaspora eta kultura

2012/06/01
101 urteko ibilbide luzean, lehen aldiz emakume bat aukeratu dute Montevideoko Centro Euskaro elkarteko bazkideek presidente. Lucia Goñi Spinoglio da bera, eta 2012-2013 jardunaldian euskal etxea gobernatzeko ardura hartuko du. Iragan maiatzaren 26ean egin zituen Centro Euskaro-k hauteskunde "historiko" hauek; izan ere, elkarteko arduradunek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, "presidenteaz gain beste lau emakume hautatu dituzte bazkideek zuzendaritza postuetarako eta, aurrenekoz, gizonek baino emakume gehiagok osatzen dute elkarteko buruzagitza". "Egoerak normaltzen eta aurrera goazen seinale", markatu digute.
2012/05/31
Ibilbide luzeko pertsona izan da Felipe Muguerza Necochea bere herriko eta Argentinako euskal gizataldearen barnean. Orain arte Necocheako Euzko Etxea-ko lehendakari izan dena luzaz izan da Euskal Herriko jende askorentzat Argentinako euskaldunen ikur, Necocheako ardurak eta FEVAko presidente gisa izan zituenak ere kari. Aurtengo hauteskundeetara ez da aurkeztu, eta orain arte lehendakariorde zen Jose Luis Alustiza eman dute bozek lehendakari. Batzordekide izango ditu, besteak beste, Jose Luis Picardi, lehendakariorde; Ricardo Esnaola, idazkari; Mirta Garrido, idazkariode; Horacio Yacomini, diruzain; eta Sebastian Laborde, diruzainorde.
2012/05/31
Bizkaiko Foru Aldundiak 20.000 euroko dirulaguntza bat emango dio Deustuko Unibertsitateari zenbait proiektu garatu ahal izateko, horien artean emigrazio eta itzulerari buruzko jardunaldi batzuk, hitzaldiak eta ikerlanak. Deustuko Unibertsitateak Euskal Ikasketa Institutu garrantzitsua biltzen du bere baitan, lehen mailako kultur eragile dena Euskal Ikasketen alorreko goi-mailako irakaskuntza bultzatzen baitu, euskara eta euskal kulturaren hedatzaile izanik Bizkaian bertan bizi direnenentzat eta baita kanpoan bizi diren bizkaitarrentzat ere, adierazi du foru erakundeak plazaratu duen ohar baten bitartez.
2012/05/31
Berlingo Euskal Etxeak Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiekin darrai, eta horren baitan jarduera berri bat iragarri du biharko: Pablo Picasso artistaren "Guernica" margolan ikonikoaren berrinterpretazio bat egitea, graffitti moduan. Bost euskal eta alemaniar artistek osatuko dute lan hau, Berlingo eskola bateko umeen ekarpenekin. Hasieran graffittia horma batean egitea zen Euskal Etxearen ideia baina, lana hartuko duten auzokideen eskariari erantzunez, egurrezko hormirudi batean egingo da, horrela auzoko puntu desberdinetan erakutsi ahal izango baita.
2012/05/31
Hator Hona programaren 9. edizioa uztailaren 13tik abuztuaren 6ra gauzatuko da kostalde argentinarreko hiri honetan. Hiru astetan zehar, Euskal Herritik etorritako sei gaztek euskal kulturarekin lotura duten hainbat ekintza garatuko dituzte bertako Euzko Etxean, tartean euskara, musika, dantza eta kirol eskolak. 2012ko Hator Hona-ko partaideen izenekin batera, beste nobedaderik iragarri du euskal etxe anfitrioiak: uztailaren 26 eta 27an –Argentinako neguko oporren baitan- eta beste euskal etxe batzuetako kideei begira, tailer bereziak antolatuko dituzte Euzko Etxean. Honi buruzko informazio gehiago datozen asteetan ezagutaraziko da ekimenaren blogean.
2012/05/31
Bihar ostirala hasiko da La Plata hirian larruzko pala modalitateko ‘Aaron Sehter’ pilota txapelketa. Buenos Aires probintziako Pilota Federazioak –FPPBA- eta Argentinako Pilota Federazioak -CAP- antolaturik, lehiaketak nazio osoko pilotari onenak bilduko ditu eta entrenatzeko aukera bikaina izango da Munduko Txapelketan aurkeztuko diren Argentinako selekzioko pilotarientzat. Arratsaldeko 4etan, La Platako Euzko Etxean hasiko den lehia hiru datatan burutuko da, horietako hurrena uztailaren 28a Venado Tuerton eta hondarrekoa abuztuaren 18a, berriro La Platan bertan.
2012/05/30
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Gaztemundu trebakuntza programaren 2012ko edizioaren deialdia. Egitasmo honen baitan euskal etxeetako 20 gaztek Euskal Herrian trebatzeko aukera izango dute. Aurtengoan programa irailaren 3tik 14a bitartean egingo da eta gaia euskara eta euskal etxeetan euskera irakaskuntza izango da. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30ean bukatuko da.
2012/05/30
Argentinan jaio eta hazitako euskalduna da Veronica Domingo gaztea, eltze askotako burruntzalia. Euskarari dion maitasun sendoak bultzatuta, Euskal Herrian bizi denez geroztik Mintzalaguna izeneko egitasmoan hizkuntza praktikatzen lagundu dio makina bat bertako euskara ikasleri. Hori dela eta, aurtengo Mintza Egunean saria jaso du Veronicak. Atzera begira, harriduraz gogoratzen du Argentinan euskara ikasteko egin zuen ahalegina eta militantzia; horregatik ezin du ulertu Euskal Herrian hizkuntza eskura izan eta ikasten ez saiatzea. Izan ere, Veronicarentzat euskara "familia da". Berarekin mintzatu da EuskalKultura.com.
2012/05/30
Iragan astean aipatzen genuenez, Uruguaiko Posta Zuzendaritza Nazionalak bat egin du Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxea ospatzen ari den Mendeurrenarekin eta izan ere zigilu berezi bat plazaratuz egin du, efemeridea bildurik. Daniel Pereyrari zor zaion diseinuaren 15.000 ale atera dira, horierariko bakoitza 37 pesoko balioduna. Zigiluak pilota jokoa (hain zuzen ere jai-alai edo zesta-punta) erakusten du ezkerreko irudian, eta horren ondoan Gernikako Arbola eta Juntetxea. Horiekin honako hitzak: "Institución de Confraternidad Vasca Euskal Erria 1912-2012" eta ikurrin bat, barnean zigiluaren prezioa duela, 37 peso uruguaitar.
2012/05/30
Maiatzaren 19tik 22ra Argentinako Cuyo eskualdea bisitatu zuten Ricardo Basterra FEVAko lehendakariak eta erakundeko idazkari Marta Abarrategui-k. Andeen magaleko probintzietara egindako bidaian hiru euskal etxetako kideekin elkartu ziren FEVAko ordezkariak, esan nahi baita San Juango Eusko Etxea, Mendozako Denak Bat eta General Alvear-eko Atuelko Euskotarrak euskal etxekoekin. San Juan hirian, gainera, buruzagientzako urteko lehenengo prestakuntza tailerra eman zuen Ricardo Basterrak. Bestalde, datorren larunbatean, ekainaren 2an, euskal etxeen bilkura gauzatuko du FEVAk Chascomusen. Bihar da azkeneko eguna bazkari/afarietako lekuak baieztatu eta parte hartu nahi dutenek informazio hori adieraz dezaten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus