euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zure ondar alea jarri nahi duzu eta lagundu online euskal musika tailerrak ematen Argentinako Olavarriako haurrei?

2021/02/12

Olavarriako Euskal Etxeko txikiek opari pertsonalizatuak jaso zituzten Gabonetan
Olavarriako Euskal Etxeko txikiek opari pertsonalizatuak jaso zituzten Gabonetan

PUBLIZITATEA

Olavarria, Argentina. Buenos Aires probintziako Olavarrian dago Gure Etxe Maitea Euskal Etxea eta bere erronka nagusietako bat belaunaldi-jarraipena bermatzea da. Lan aparta ari dira egiten txiki eta nerabeei begira, euren partaidetza sustatzen, eta hasiak dira fruituak lortzen. Elkarteko lehendakari Marisu Mendizabalek EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez hogei bat neska-mutileko dantza taldea sortu dute, online saioekin 2020an zehar euren interesa mantenduz eta zabalduz, euskal kulturaren beste hainbat adierazpen ezagutzen jarraitzeko. 

2021 urteari begira, eta osasun egoera epe motzean behintzat aldatuko ez delakoan, musika ikasgaiak ere sartu nahi ditu Euskal Etxeak gaztetxoei online egiten dien kultur eskaintzan. Eta horretarako, gonbitea luzatu nahi diete Argentina osoan, Euskal Herrian edo Diasporan dauden musikari edo musikazaleei, euren ezagutzak parteka ditzaten, Euskal Etxeak abiarazi nahi dituen online tailer berrietan. Gustura hartuko lukete lankidetzarik, tarteka edo ahal duten heinean bada ere.

Mendizabalek azaldu digunez, “FEVAk online antolatu zituen euskal musika eta instrumentu tailerretan hartu genuen parte, Cordobako Gerorako musikarien eskutik, eta horrek animatuta, txalaparta bat egin eraiki genuen. Gerorako Santiago Chamorro luthierrak txistu batzuk egin dizkigu eta danbor pare bat ere badaukagu. Interesa badago eta orain arte irakatsi izan dugunari segida eman nahiko genioke urrats berriak eman eta musika apur bat ikasiz, konplikaziorik gabe, tailer gisa”.

“Txikien taldea nahiko handia da eta asko indartu da iaz izan genituen topaketa birtualekin. Badakigu Euskal Etxeko jardueren zain egoten direla, asko gustatzen zaizkielako, eta gure esku dago interes hori mantentzea eta aldi berean Euskal Etxearekin duten harremana sendotzea”, adierazi digu lehendakariak.

Deialdia martxan da eta, asko ala gutxi, laguntzeko aukera badaukazu zure ekarpena ongi etorria izango da Gure Etxe Maitean. Kontaktatu Euskal Etxearekin honako helbidean Facenooken, Centro Vasco Olavarria Gure Etxe Maitea edo emaila hona bidaliz mendizabalmaria@speedy.com.ar.

Eskerrik asko aldez aurretik, guztion artean goaz aurrera..



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia