euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zilarrezko Ezteiak betetzen ari den Parana-ko Presencia Vasca irratsaio argentinarrak bere 2015eko zikloa jarri du abian

2015/03/13

Federico Borrás, Presencia Vasca irratsaioaren 2015eko lenenengo programan
Federico Borrás, Presencia Vasca irratsaioaren 2015eko lenenengo programan

PUBLIZITATEA

Saioa zuzenean emititzen da, Federico Borras aurkezle, igandero, goizeko 11etatik 12etara, hiriko Radio Universidad-en (105.7 Mhz). Horrela izango da aurten eta --urteotan seinalez aldatu badira ere-- horrela izan da azken 25 urteotan. Berehala zilarrezko Ezteiak ospatuko ditu, beraz, Presencia Vascak, apirilaren 26an, bazkari batekin. Elkarretaratzean, Urrundik Elkartearen 15. urtebetetzea ere ospatuko da.  

Parana, Argentina. Euskal Herritik kanpo euskal kultura zabaltzeko proiektuak martxan jartzea ez da erraza; eta askoz zailagoa da, dudarik gabe, proiektu horiek denboran iraun daitezen. Baina Presencia Vasca irratsaioak 25 urte daramatza airean eta bere arduraduna den Federico Borras Alcain-i arrakastaren gakoa zein den galdetzen diogunean, “nekaezintasuna” dela esaten digu. “Seguru asko, euskaldunen artean hain tipikoa den ezaugarri hori da gakoa. Nekaezintasuna eta beti aurrera jarraitzeko joera. 25 urteetan denetik pasatzen da herri eta mundu mailan… eta baita norberaren bizitzan ere, jakina. Baina guk aurrera begiratu dugu beti, aurrera begiratu eta bideari eutsi. Eta harro gaude emaitzarekin, batez ere jarraitze horretan gero eta hobeto saiatzen garelako gure lana egiten”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Zilarrezko Ezteiak

25 urte asko dira eta teknologia berrien garaian, informazioak daukan abiadurarekin, beharrezkoa da egoera berrietara egokitzea. “Gure saioaren helburua betikoa da, hau da, euskal kultura zabaltzea. Baina aldaketa ugari izan dugu mendi laurden honetan. 1990. urtean hasi ginenean, “zabaltze” hori herri mailan egiten zen; gaur egun, eta internet bidez, herritik ez ezik, Argentina osotik, Uruguai eta Euskal Herritik ere entzuten digute! Nork pentsatuko zuen duela 25 urte hori posible izango zenik! Eta entzuleria handitzearekin batera engaiamendua ere bikoiztu egiten da, noski!”, adierazi du Borrasek. 

Saioaren formatua

Teknologia berriei esker, oso formatu zalua du programak: igandero, berriak, musika, iritzi zutabeak –haien artean Mikel Ezkerrorena– eta 2014an hasitako euskara saio txiki bat eskaintzen zaizkie entzuleei. Euskara saioari dagokionez, aipagarria da Jon Intxaurraga kazetari euskaldunak egin zuela iaz eta aurten ere jarraituko duela.

Ospakizun bi

Urteurren guztiak bezala, Zilarrezko Ezteiak ere ospatu behar dituzte Presencia Vasca-ko lagunek, eta apirilean 26an, igandea, egingo dute. Elkarretaratze berean, gainera bertako Urrundik euskal elkarteko 15. urtebetetzea ospatuko dute paranatarrek. Bazkaria irratsaioaren ostean burutuko da, hiriko El Circulo hotelean .

Gogora dezagun 'Presencia Vasca' igandero emititzen dela goizeko 11etatik 12etara, Radio Universidad-en (105.7 Mhz); bertakoak ez direnek ere badaukate saioa entzuteko aukera, internet bidez, irratiaren webgunetik: www.fmuniversidad.com. Programarekin kontaktatzeko, hauexek dira bideak: +54 343 4347777 telefonoa, presenciavasca@gigared.com helbide elektronikoa eta “Presencia Vasca Paraná” Facebook-eko kontua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia