euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

XVIII-XX mendeetako euskal jantzi erakusketa zabalduko du Pellegrinin astelehenean Magdalena Mignaburuk

2011/04/01

Magdalena Mignaburu artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Magdalena Mignaburu artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Pellegrini herriak --Buenos Airesko probintzia muturrean, La Pampakoarekin mugan-- euskal jantzi tradizionalei buruzko erakusketa bat zabalduko du datorren astelehenean, Magdalena Mignaburu Berho euskal jatorrizko hezitzaile eta ikertzailea egile eta Pellegriniko Udalaren urteurreneko ekitaldien baitan. 'Gure arropa-Nuestra ropa'k (sic) zazpi probintzietako 20 jantzi biltzen ditu, bakoitzari buruzko azalpena emanez, zein eskualdekoa den eta zein langintzan eta eguneroko bizitza motan erabiltzen zen azalduz. Apirilaren 4 eta 5ean Pellegrinin egon ostean, Pehuajó-ko 'Etxe Alai' Euskal Etxera pasatuko da, bertako Aberri Eguneko egitarauko parte. Magdalena Mignaburuk, bestalde, astelehenean bere webgune berria sareratuko duela iragarri du.

Pellegrini, Argentina. Erakusketak XVIII. mende hondarretik hasi eta XX. mende hasiera arteko 20 euskal jantzi tradizional biltzen ditu, xehetasunez berreginak eta detaileak ere ongi zainduta, egileak EuskalKultura.com-i adierazi dionez. Magdalena Mignabururen esanetan, "Euskal Herria eta geure kultura azaltzerakoan, hemengo euskal jatorrizkoen eta euskal jatorrizkoak ez direnen aurrean, euren arreta behar duzu erakarri, euren interesekoak izan daitezkeen gaiak azalduz, molde atseginean. Erakusketa honekin, Euskal Herria nahi izan diet azaldu bertan erabiltzen ziren jantzien bitartez, euskaldunek zer janzten zuten, zertarako, noiz eta non agertuz. Manikietan ezartzearekin batera, jantzi bakoitza Euskal Herriko mapa batean kokatu dut, nongo jatorria duen adieraztearren".

"Hurreratuko denak folleto bat ere errezibituko du, bertan ikusiko duena, edukiari buruzko informazioa eta oinarrizko zenbait gauza etxera eraman ahal ditzan, tartean zenbait webgune eta interneteko erreferentzia, EUSKALKULTURA.COM tartean. Horrekin batera ni neu ere bertan izango naiz, azalpenak ematen eta behar diren galdera guztiei erantzuten", esan digu Mignaburuk. Erakusketa prestatzen, bibliografia zabala, garaiko postal eta irudiak eta beste hainbat lekukotasun erabili ditu egileak. Aurretik ere ibilia da bera euskal erakusketen munduan, hala nola 'Euskal zantzua Argentinan: hezi eta ikasi memoriaren bidez' (La huella vasca en Argentina. Educar y aprender a través de la memoria) izenekoan eta, besteak beste, FEVA edo 'Euskal Argentinar Bazkun Alkartasuna' (euskal argentinar euskal erakundeen federazioa) erakundearen berrogeita hamargarren urteurrena zela-eta argitaratu zen 'Historia de la Federación de Entidades Vasco Argentinas' liburuaren egile ere bada.

Magdalena Migaburuk, bestalde, datorren astelehenetik, apirilaren 4etik, aurrera sarean egongo den bere webgune berriaren berri ere eman digu (www.mignaburu.com.ar). Bertan bere ibilbidea, lanak, ekarpenak, informazioa eta berriak islatuko dituela adierazi du.

Pellegrini-tik Pehuajó-ko Euskal Etxera

'Gure arropa-Nuestra ropa' erakusketa apirilaren 4ean eta 5ean egongo da zabalik Pellegrinin. lehenengo egunean, bertako agintariek inauguratuko dute eta bisitariak errezibituko ditu. Baita bigarrenean ere, baina arreta berezia ipiniz inguruko barrutiko eskoletako ikasleei. Horiei guztiei harrera emango die Magdalena Mignaburu berak.

Ondoren Pehuajó-ko 'Etxe Alai' Euskal Etxera pasatuko da erakusketa, bertako Aberri Eguneko egitarauko parte. Hori bukatuta, jantzi batzuk emendatu nahi lizkioke egileak erakusketari.

'Gure arropa-Nuestra ropa' erakusketa euren euskal etxean edo euren herrian hartzeko interesa izan dezaketenak Magdalena Mignabururekin komunika daitezke honako emailera idatziz: aurrera55@hotmail.com.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia