euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uxue Barkos Argentinan: Rosarion, Nafar Etxeek egindako topaketan partaide bukatu du lehendakariak bere bidaia

2018/12/11

Uxue Barkos Argentinako Nafar Etxeen 10. Topaketan
Uxue Barkos Argentinako Nafar Etxeen 10. Topaketan

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. Nafarroako gobernuburu Uxue Barkosek, asteburuan zehar Argentinako Nafar Etxeek Rosarion egindako Topaketan partaide bukatu du bere lehenengo bisita ofiziala herrialde hegoamerikarrera. Rosario bertako Nafar Etxeak antolatutako programari esker, aukera paregabea izan zuen gizatalde nafar-argentinarrak egiten duen lana ezagutzeko, besteak beste dantza, musika eta pilota erakustaldien lekuko izanik. “Benetako plazer”tzat jo zuen Barkosek ikusitakoa, “pertsona zoragarriak ezagutu ditut, eta oroimenean irudi, emozio eta adiskidetasun ahaztezinak geratu zaizkit” adierazi zuen.


[Nafar dantzak Rosarioko kaleetan]

Rosarioko egonaldia ez zen mugatu, ordea, gizatalde topaketara. Hiriko Monica Fein alkateak errezibitu eta 'bisitari ospetsu' izendapena eman zion nafar lehendakariari. Bilkuren alorrean, Barkosek eta berarekin batera zihoan ordezkaritzak Espainiako Kontsulatu Nagusia bisitatu eta Alfonso Palazon kontsula agurtu zuten, eta Santa Fe Probintziako Miguel Lifschitz gobernadorearekin ere bildu eta elkarrizketatu ziren.

Buenos Airesen

Rosariora abiatu aurretik eta Argentinako hiriburuan eman zuen bigarren egunean, Barkosek Nafarroaren garapen ekonomikoa eta Nafarroak energia berriztagarrien arloan duen berebiziko kokapen aurkeztu zituen Merkataritza Burtsan. Ekitaldian, presidenteaz gain, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia Izaskun Goñi mintzatu zitzien bildutakoei.

Euskal kolektibitatearen harrera

Abenduaren 6an, euskal etxeak berak egindako gonbite bati erantzunez, Buenos Airesko Laurak Bat ere bisitatu zuen Barkos lehendakariak, bere bazkideen artean ehuneko hogeitabosta nafar jatorrikoa duen erakundea. Euskal Etxea ezagutu eta egin zioten harreran parte harturik, erakundeko eta FEVAko batzordeetako lagunekin bildu zen. Rosarioko ere euskal gizataldearekin ere elkartu zen. Hiriko Zazpirak Bat-eko nafar jatorriko kide batzuk elkartea aurkeztu eta opari bat eskuratu zioten.

Argazki eta bideo gehiago, Centro Navarro de Rosario-n.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia