euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Umorea pantailan hasiko du ikasturteko zine programazioa British Columbiako Zazpiak Bat Euskal Etxeak azaroaren 14an

2014/11/03

Estilo eta gai anitzak dituzte Zazpiak Bat Euskal Etxeak aukeratu dituen filmek
Estilo eta gai anitzak dituzte Zazpiak Bat Euskal Etxeak aukeratu dituen filmek

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian zeresana eman duen −txarteldegian arrakasta izan duen− ‘8 apellidos vascos’ komedia izango dute ikusgai British Columbiako (Kanada) euskaldunek azaroaren 14an. Egun horretan hasiko du Zazpiak Bat Euskal Etxeak 2014-2015 ikasturteko euskal zine programazioa. Emilio Martínez-Lázarok zuzendutako filmaren ostean ‘Urte berri on, amona!’ eta ‘Obaba’ ikusiko dituzte datozen hileotan. “Xumea da gure programazioa baina batzeko eta, lagunartean, euskal zinea ikusteko aitzakia ona da”, adierazi dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko lehendakari Elena Sommer-ek.

Vancouver, Kanada. “Ez dut filma ikusi baina Euskal Herrira joan nintzenean oso ondo zegoela esan zidaten eta, ingelesezko azpitituluak zituela ikusita, hona ekartzea erabaki nuen”, esan du Sommer-ek.

Filmarekin batera bestelako osagarriak ere izango dituzte gerturatzen direnak: Sommer-ek berak prestatutako pintxo eta platertxoak –patata tortilla, txorizoa, bakailaozko piper beteak, odolostea, entsaladilla errusiarra eta ajoarriero−, ardoa, sagardoa eta txakolina. Pintxo-pote deitu diote berotze ariketa honi, Euskal Herriko kutsua erantsiz. “Ea horrela jende gehiago animatzen den”, esan du txantxetan lehendakariak. Mayview Circle-n alokatu ohi duten 75 lagunentzako aretoan izango dira ekintza kulturalok. Arratsaldeko 19:00etan batuko dira eta 20:00etarako filma jarriko dute.

Hurrengo filma, Urte berri on, amona!, urtarrilaren 16an ikusiko dute eta, martxoaren 6an, Obaba.

Euskara eskolak

Hizkuntza klaseekin ere hasiko dira, azaroko aste honetanxe, Kanada mendebaldean. Zuriñe Fermin bilbotarra izango dute irakasle, orain arte izan duten Jon Lorenteren ordez, azken hau Euskal Herrira itzuli baita. Zortzi lagunen bueltan izango dira eskoletan, Sommer-en berbatan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia