euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Ignazio jaiekin hasiko da Diasporako hainbat lekutan abuztua, San Frantziskoko Euskal Bestekin bukatzeko

2021/07/30

San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen bestak, abuztu amaieran; eta hilabete erdialdean, St Pierre eta Mikelunekoak
San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen bestak, abuztu amaieran; eta hilabete erdialdean, St Pierre eta Mikelunekoak

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Hilabete berezia da abuztua, Ipar hemisferioan opor hilabete petoa. Oraingo asteburu honetan hasiko da: bihar San Inazio eguna uztailaren 31a, eta igandea, abuztuaren 1a, aurten pandemiak baldintzatua. Diasporan San Ignazio --edo San Inazio, Iñaki Deuna eta bestelako izenak barne-- santu loiolatarra gogoan antolatzen diren euskal festak dira. Festa garrantzitsuak Diasporako euskal egutegian.

Atzoko artikulu batean aipatu genituen Boiseko San Inazio jaiak Estatu Batuetan. Sustrai zaharragoa dauzkate Argentinan, esaterako,  Arrecifeskoek. Izan ere aurten ehun urte betetzen ari den bertako Euskaldunak Denak Bat euskal etxea bera baino zaharragoak dira herrian. Necochean, esaterako, Iñaki Deuna izenarekin ospatzen dituzte. Baina beste euskal etxe askok ere ospatzen dituzte, baita Buenos Airesko Laurak Bat-ek ere, Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak eta herrialde barru eta kanpoko makina bat euskal etxek, eta halaxe adierazi digute, esaterako Azuldik eta Comodoro Rivadaviako Euskal Etxetik.

Eta Txileko Santiagotik, azken kasu honetan Euskal Aste bat antolatzen dutela urtero Txileko Euskal Gizataldekoek. Aurten hiru egun izango dituen festa hau koru online bilkura batekin hasiko dute gaur, Argentina, Txile eta Euskal Herriko 13 abesbatza partaide. Urtetan Santiago eta Viña-Valparaísoko euskaldunen arteko elkartasun egunpasa bat babesten zuen "Iñaki Deuna"k, bi Eusko Etxeak ere tarteko, bide erdian, Casablancan ospatzen zena, zaharrenek ongi gogoratuko dutenez.

Aipatu leku horietako askotan, San Inazio meza antolatzen dute, beraz, kasu batzuetan online ere segi daitekeena. Esaterako, San Inazio eta Boiseko euskaldunak gogoan Kaliforniatik aita Anttonek emango duena. Edo Txileko Santiagotik Las Condesko Estadio Españoletik Colectividad Vasca de Chile euskal etxeko abesbatza kantari San Ignazio kaperatik sareratuko dutena, Euskal Asteko programako parte. Caracasko Eusko Etxekoek, euren egoitzan hilero egiten duten meza ere santu azpeitiarra gogoan egingo dute, "Inazio gure patroi haundia" amaiera-kantu komuna.

Abuztuan zehar, Estatu Batuetako udan egiten diren piknik eta ekitaldiak etorriko dira, bateonbat online, baina gehienak aurten aurrez aurre, neurriak hartuta, tartean Mountain Homekoa, AEBko Kantari Eguna, berriz, online izango da Gardnervilleko piknika bertan behera geratu ondoren. Hilabete erdian, aurten 9tik 15era, Ternuako kostaldetan, St Pierre eta Mikeluneko Euskal Besten txanda izango da. Eta berriz ere Estatu Batuetara etorriz, 14an Buffalo Wyoming-eko Andre Dena Mari bestak, 15ean Colorado Euskal Etxearen Piknika heldu dira, hilabetea San Frantziskoko Euskal Etxearenekin bukatzeko abuztuaren 28 eta 29an. Hau guztia osasun egoerak besterik ekartzen ez badu.

Iraila, berriz, Chinoko Euskal bestekin hasiko da, hileko lehenengo asteburuan... neurriak errespetatuta...



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia