euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat EEak bere mendeurreneko euskal astea ospatu zuen milatik gora lagunekin (II)

2012/10/30

Rosarioko kaleek, Argentinako bandera eta ikurrina batuz, euskal astea iragartzen zuten (argazkia EuskalKultura.com)
Rosarioko kaleek, Argentinako bandera eta ikurrina batuz, euskal astea iragartzen zuten (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Asteburu bat, milaka momentu. Esaldi honekin labur dezakegu Argentinako Euskal Aste Nazionala. Eta momentu horiei guztiei aukera emateko antolatu zuten Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko arduradunek aurtengo Euskal Astea. Hiru egunetan zehar mota askotako proposamenak eskaini zitzaizkien Rosariora bertaratu ziren lagunei, eta jendeak erantzunik onena zien antolatzaileei: giro ederra jarriz Diasporaren jai nagusiari. Ohi bezala, EuskalKultura.com horren guztiaren lekuko eta berri-emaile aritu zen. Hona Rosarioko kronikaren bigarren alea.

Rosario, Argentina. Kaleko argietan ezarritako ikurrinek markatzen zuten Rosarion Euskal Asterako bidea. Ez zegoen zalantzarik: hiriko etorbide nagusian sartzean, nabari zen Zazpirak Bat-en hirian geundela. Halaxe jaso zituen Rosariok bertara hurbildu ziren euskaldunak eta euskaldunen lagunak. Euskal etxeak programa aberatsa prestatu zien asteburu osoan zehar gonbidatu errezibitu zituenak gustura egon zitezen, etxean bezala senti zitezen. Hitzaldiak, erakusketak, musika eta dantza, bilerak; eta, jakina, euskal etxe askotako lagunekin berriro elkartzeko aukera.

(Ostirala oraindik iriste eta ailegatze eguna izan zen, nolabaiteko motor-berotze eguna larunbaterako. Izan ere, rosarioratutako asko eta asko ehundaka eta milaka kilometro ere egindakoak ziren, Argentinako euskaldunen urteroko hitzordu nagusia den Euskal Astera etortzeko. Pixkana jendea batzen joan zen, urtebetean ikusi gabeko bateko eta besteko lagunak azaltzen eta guztiak bidea prestatu zuen larunbata, goizeko lehen orduetatik hasita egun biribila izan zedin. Baina ostiralean gaude oraindik, asteburuari sarbidea ekarri zion egunean lehenengo lagunekin biltzen)

2012ko euskal astea 2012 01
[Ostiral eguerdian hasi ziren iristen lehenengo ordezkaritzak. Otorduak, Nekazaritza Elkarteko (‘Rural’-eko) instalazio ohietan egin ziren (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2012 02
[Asteburu osoan zehar, Magdalena Mignaburuk bildutako ‘Gure Arropa’ ohiko euskal jantzi zaharren erakusketa ikusgai egon zen ‘Rural’-ean (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2012 03
['Euskararen txokoa'n Euskara Lehiaketetan parte hartu zuten kartel eta umeen postalak ikusi ahal izan ziren eta euskarari buruzko eta Argentinan har daitezkeen euskara eskolei buruzko azalpen eta jakingarriak (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2012 04
[Ostiral arratsaldean, Independentistak Sareko ordezkari Floren Aoiz-ek hitzaldi bat eman zuen Zazpirak Bat Euskal Etxeko hitzaldi-areto nagusian. Argazkian Floren Aoiz eta Santiago Bereciartua rosariotarra  (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2012 05
[Asteburu osoan oihartzun eta segida gehien izan zuen gonbidatua Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izango zen, izan ere beti zeukan alboan jendea berarekin argazkia egiteko galdezka. Ibarretxek ‘Identitatea eta ekonomia’ izenburuko hitzaldia eman zuen Rosarioko Unibertsitatean,izan ere duela urte batzuk Honoris Causa doktore izendatu zuen unibertsitatean (argazkia EuskalKultura.com)]
 
[Iluntze aldera musika eta dantza ikuskizuna hasi zen El Circulo Antzokian. Argentinako zein Euskal Herritik etorritako artistak pasatu ziren ostiralean tauletatik, tartean, San Luiseko Villa Mercedesko Camerata de la Luna abesbatza. Bideoan, abesbatza 'Gernikako Arbola' abesten (argazkia EuskalKultura.com)]
 
[Ikuskizunean beste artista batzuek ere hartu zuten parte, hala nola, Arrecifeseko Maral taldeak, eta Euskal Herriko Urko, Naia Robles eta Natxo Knörr abeslariak eta Itxartu Dantza Taldeak. Bideoan Urko bere Guk euskaraz kantu ezaguna kantari (irudia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2012 07
[Antzokiko ikuskizunaren baitan, ehun urte bete berri dituen euskal etxeak erakundeko bi kideri egin zien omenaldi berezia: Fermin Sanchotena baztandarrari, mende erdi batez Zazpi-ko txistulari izandakoa bera --zendu zelarik, bere familiakoek jaso zuten oparia, ikus ezkerreko argazkia-- eta Felix Larrañagari, euskal elkarteko lehendakari izandakoa berau --makuluaz baina tente igo zen taula gainera--. Aipatzekoa da zeremonia osoa euskaraz eta gazteleraz jendaurretu zela, Alejo Conti Zazpirak Bat-eko euskara irakaslea aurkezle (argazkia EuskalKultura.com)]
 

[Eta antzokitik, Rural-era afaltzera, eta afaldu ondoren eta bertako aretoan, Argentinako eta Euskal Herriko abeslariek animatu zuten erromeria. Ohi duen moduan, Maral taldeak poliki dantzarazi zituen gazteak --eta hain gazte ez zirenak-- bere abestiekin (bideoa EuskalKultura.com)]

(Bihar jarraituko dugu)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia