euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pülku sagardotegi patagoniarrak eta Itziar Aguirre gastronomoak elkarrekin sortutako Iñaki sagardo argentinarra

2015/10/23

Iñaki Sagardo Naturala
Iñaki Sagardo Naturala

PUBLIZITATEA

“Patagoniako bertako produktuez osatua, sagardogintzan esperientzia handia duten adituek eginda eta euskal ondarearen eraginpean, identifikatzen gaituen ikur bat lortu dugu: Iñaki sagardo naturala”, hitz hauekin aurkezten dute euren proiektu berria Pülku sagardotegiak eta Itziar Aguirre euskal sukaldari rosariotarrak, eta Macachingo Euskal Aste Nazionalean datorren astean egingo den edariaren lehenengo dastaketara gonbidatzen dute. 

Rosario, Argentina. Bi esparru ezberdinetako adituak bildu dira Iñaki sagardo naturala sortzeko: Rio Negro probintziako Villa Reginan dagoen Pülku sagardotegia eta Argentinako euskal diasporaren sukaldaritzan erreferentea den Itziar Aguirre.

Produktuari dagokionez, “sagardoa erabat naturala da; ez dauka gasik ezta azukrerik ere, eta 'hartzidura malolaktikoak' ematen dio ahoan hain goxo sentitzen den loditasun hori eta edalontzietara eramatean sortzen den aparra”, azaltzen dute egileek.

Iñaki sagardo naturala prest dago eta Macachinen urriaren 26tik azaroaren 1era egingo den Euskal Aste Nazionalean aurkeztuko da. Azarotik aurrera eskuragai egongo da “Euskal Herriko baserrietan bezala, lagunen artean gozatu ahal izateko”.

Txotx garaia diasporan

Arrakasta handia izaten ari da azkenaldian euskal sagardoa diasporako euskal etxe eta jatetxeetan. Izan ere, hainbat jatetxetako menuetan eskaintzen da eta gure diasporako beste zenbait elkartek Sagardo edo Sagardotegi Eguna ospatzen dute. Boiseko euskal etxean, adibidez, egin berria dute Sagardotegi Gaua eta Bruselan urriaren 17an egin zen ezaugarri bereko festa bat. Zerrenda ez da batere laburra… bihar bertan Estatu Batuetako New Englandeko Euskal Etxean Sagardo Eguna ospatuko dute. Egun osoan zehar, euskal kulturaz eta batez ere euskal sagardoaz gozatuko dira gonbidatuak.

Sagardoaren inguruko jaiak egiteko, normalean inportatu egiten da sagardoa Euskal Herritik. Baina euren produktua ekoizten dutenak ere badaude. Datorren astean kaleratuko den Iñaki sagardoaz gain, Argentinan, Necocheako Euzko Etxeak, euskal etxean bertan sortutako Eneko Sagardotegiaren bidez, txuletoia ez ezik, etxean egindako sagardoa ere eskaintzen die lagun eta gonbidatuei, “sagardotegi” izenarekin antolatzen diren topaketetan. 

Iñaki Sagardo Naturala Facebooken, Iñaki Sidra Natural



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia