euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Presencia Vasca' irratsaioak 17 bete zituen lagun eta kolaboratzaileak bildu zituen emanaldi bereziarekin

2007/04/16

Federico Borras zuzendaria eta Mikel Ezkerro laguntzailea emanaldi berezian (argazkia Urrundik)
Federico Borras zuzendaria eta Mikel Ezkerro laguntzailea emanaldi berezian (argazkia Urrundik)

PUBLIZITATEA

Parana hiritik astero aireratzen den 'Presencia Vasca' irratsaioak, uhinetan egindako 17 urteak ospatu berri ditu, saioko lagun eta kolaboratzaileak bilduz bi orduko 'irrati ireki' emanaldi batekin. Saio berezia Federico Borras esatariaren hitzekin hasi zen, Mikel Ezkerro kolaboratzailea alboan zuela. Raúl Alcain, saioaren sortzailea ere bertan egon zen, 94 urte beteta baina beti bezain gogotsu, saioaren hasierako urteak gogoratuz.
Asko izan ziren 'Presencia Vasca' irratsaioaren 17 urterreneko emanaldi berezira hurbildu ziren lagun eta lankidek. Bi orduko saio ezohikoa izan zen eta bertan 'Presencia Vasca'ko taldea zoriontzeko deitu edota mezuak bidali zituzten Argentinako eta Euskal Herriko lagun askoren ahots eta hitzak entzun ahal izan ziren. Horien artean izan zen Marieli Díaz de Mendibil, Euskadiko ordezkaria Argentinan, joan den azaroan ireki zen Ordezkaritzaren ibilbide eta asmoen berri emanez. Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak --programan sarri elkarrizketatua-- 'Paranatik aritzen den emisora xume honek Euskal Herriaren irudi erreal bat zabaltzen egiten duen lana' goraipatu zuen.

Javier Madrazo, Ongizate, Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako sailburuaren ahotsa ere entzun ahal izan zen saioan. Madrazo Argentinan izan da berriki eta mezua utzi zuen 'Presencia Vasca' 17 urte hauengatik zorionduz. Euskal Herritik programako kolaboratzaile den Iñaki García Uribek, saioa urte hauetan zehar entzun eta jarraitzen dutenei eskerrak eman zizkien, 'euskal aberria maite dutenei besarkada bero bat' bidaliz.

Urteurren jai jendetsua

Joseba Etxarri, Euskakultura.com-eko zuzendariak ere bere agurra bidali zuen eta hain denbora luzean emisioa uhinetan mantentzeko lantaldeak egin duen lana eta konpromezua azpimarratu zituen. Begoña Errazti Eusko Alkartasunako lehendakariak Euskal Herritik hartu zuen parte saioan eta Euskal Herrian egun bizi den egoera politikoaren inguruko hausnarketa egin zuen. Santa Rosatik (La Pampa-Argentina) ere heldu zen Daniel Bilbao, kazetari eta Euskal Diaspora Nazioarteko Elkarteko kide. Bilbaok irratsaioaren ekarpena goraipatu zuen, bere ideia aniztasuna azpimarratuz. Hauetxek izan ziren irratsaioan parte hartu zutenetariko batzuk, ez denak, zerrenda luzea baita. Irratsaioaren laburpen oso bat irakurri nahi izanez gero, jo Urrundik elkartearen webgunera.

Irratsaioa bukatu eta gero 'Presencia Vasca'ko lantaldea, kolaboratzaile eta lagunak Urrundik elkartearen egoitzan bildu ziren, lagunarteko bazkari bat egiteko. Bilkura alaia eta jendetsua izan zen eta kantu eta dantza argentinar eta euskaldun artean joan zen arratsaldea. Saioko eta bazkariko argazkiak ikusgai daude Urrundik Euskal Elkartearen web guneko Argazki Galerian. [Ezkerreko argazkian 'Presencia Vasca'ko lantaldea eta lagunak 17 urte hauengatik topa egiten (argazkia Urrundik)]


Lotura interesgarriak

Urrundik Euskal Elkartea, Paraná
www.urrundik.com.ar

Federico Borrás Alcain-ek abokatu berri bezala zin egin zuen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 7an

Emakumeen bakarrizketak Urrundik-eko antzerki saioetan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 1ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia