euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeak bere 63. urteurrena ospatu du musika, dantza eta Chacabucoko eta Arrecifeseko lagunekin

2014/11/04

Lagun Onak euskal etxearen 63. urteurrenean, dantzariak kalejiran
Lagun Onak euskal etxearen 63. urteurrenean, dantzariak kalejiran

PUBLIZITATEA

90 lagun bildu ziren Buenos Aires probintziako Lagun Onak euskal etxean erakundearen 63. urteurrena ospatze aldera. Eta hiriko lagunak ez ezik, Chacabucoko Guillermo Larregui eta Arrecifeseko  Euskaldunak Denak Bat euskal etxeetako ordezkariak ere bertaratu ziren 9 de Julio kaleko egoitzara anfitrioiekin ospatzeko. Gogora dezagun Arrecifeseko euskal etxea Pergaminokoaren babesle izan dela hasieratik eta oraindik ere laguntzen duela aktibitate ugaritan.

Pergamino, Argentina. Joan den urriaren 25ean izan zen Pergaminoko euskal etxearen 63. urteurren jaia eta komunitate osoari gaztelaniaz zein euskaraz luzatutako gonbiteari erantzuten ehun inguru lagunek hartu zuten parte festan, tartean Chacabuco eta Arrecifes hirietako euskal kolektibitateen ordezkariek.

Jaiari hasiera emateko, Euskaldunak Denak Bat-eko dantzari eta dantza irakaslea den Miguel Garcia Bernaus-ek dantzatu zuen ohorezko Aurreskua. Baina ez zen hori gaueko dantza bakarra izan; izan ere, Pergaminoko dantzariek bildutako guztiak gonbidatu dituzte  Fandangon, Arin-arinen eta Kalejiran parte hartzera.

Gauean zehar, gainera, zuzeneko musika egon zen, Luis Carballo abeslariaren eskutik, zozketak, eta kalitate handiko menua dastatzeko. Etorkizunari begira, prestatzen hasiak dira pergaminotarrak La Platara joateko. Aurtengo euskal astean, Lagun Onak-eko taldeak dantza plazak aurkeztuko ditu eta taldeko bi gaztek, Camila Querede Ugartek eta Ana López-ek, larunbateko gau emanaldian hartuko dute parte Ugarritzak taldea osatuz.

Genealogiari buruzko hitzaldia

Urrian ere baina 17an, eta FEVAren kultur eskaintzaren baitan, gaiak erakarritako adituen aurrean eskaini zuen Laura Nobile genealogistak “Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute” hitzaldia. “Historia ikasle, ikerlari eta beste gizatalde batzuen kideak etorri ziren aktibitatera. Eta baita Pergaminoko ‘Centro de Historia Familiar’ erakundeko zuzendaria ere. Oso garrantzitsua izan da bere partaidetza zeren eta, dakigun bezala, lan paregabea egiten baitute mormoiek genealogiaren arloan”, jakinarazi dio Nobilek berak Euskalkultura.com-i.

Aurtengo ekintzen programa abenduaren 5ean bukatuko da Euskararen Eguna eta San Javier ospatzeko egingo duten jaiarekin. “Datorren urterako proiektuak ere baditugu; eta gogo handia eta lan egiteko jende gehiago ere bai. Urteetan etorri gabe egon ziren lagun batzuk bueltatzen ari dira orain euskal etxera eta taldea sendotzen ari da” azaldu diote euskal etxetik EuskalKultura.com-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia