euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Bisquert EuskalKultura.comekin solaskide Argentinan, Otañoz errodatu nahi duen dokumentala aipagai

2012/04/12

Patxi Bisquert La Platako Lazkao Jatetxean (argazkia EuskalKultura.com)
Patxi Bisquert La Platako Lazkao Jatetxean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bidaiaren arrazoi nagusia pertsonala izan bada ere, 'Tasio' filmaren protagonistak euskal etxe batzuk bisitatzeko baliatu du Argentinara egin duen bidaia. Buenos Aires probintziako hiriak eta hiriburua bera ezagutzean, zuzenean egiaztatu ahal izan du Patxi Bisquertek hainbatetan entzundakoa, Argentinan euskal presentzia nonahi soma eta dasta daitekeela, alegia. Bere lehen aldia izan da baina ez dirudi azkena izango denik. Izan ere, "Pello Mari Otañori buruzko dokumental bat egiteko asmoa dut", azaldu dio EuskalKultura.com-i. "Proiektua nahiko bideratuta dago eta dena ondo ateratzen bada, aurten egingo dut", esan du Argentinan errodatzeko asmoa duen filmaz.

La Plata, Argentina. Ohikoa ez den ekimen bat burutu da martxoko azken egunotan Buenos Aires probintziako Chascomus eta Tandil-en eta La Plata hiriburuan, Tasio, euskal zinemaren klasiko bat den izenburua, berriz ere eman baita, baina oraingo honetan zinema lanaz gozatzeko aukeraz gain protagonista nagusia, Patxi Bisquert aktorea, bertan zegoela, filma komentatzeko eta galderei erantzuteko prest. Izan ere, proiekzioaren ondoko mintzaldietan, Patxi Bisquert-ek errodajeko hainbat xehetasun eta pasadizo kontatu dizkio publikoari, bildutako jendearen galdera ugari eta interesdunek zerrenda osatu zuten bitartean.

La Platako topaketa bertoko Lazkao Jatetxean burutu zen eta EuskalKultura.com-ek aukera baliatu zuen Patxi Bisquertekin geratu eta hitzaspertua izateko Buenos Aires probintziako hiriburuan aktore euskaldunarekin.

Euskal Diaspora

“Nire lehenengo aldia da hau Argentinan eta aitzakia nire alaba jaioberria izan da. Neska argentinar batekin nago eta pasa den urrian umetxo bat izan genuen, neskatila, Uma izenekoa. Argentinara etortzeko arrazoia Uma bere aitona-amonei aurkeztea izan da”, erantzun digu Patxi Bisquert-ek Atlantikoa zeharkatzeko zergatiaz galdetzean. Baina etortzeko oinarrizko arrazoia pertsonala izan arren, ez zuen aktore euskaldunak baiezkorako zalantzarik agertu euskal etxe batzuk bisitatzea proposatu ziotenean.  Hegoamerikan lurreratu aurretik bazuen Bisquert-ek euskal diasporaren berri; eta hemen bizi izandakoak, entzunda zeuzkan ideia horiek berresteko balio izan omen diote: “Gehien harritu nauena hainbeste abizen eta izen euskaldun ikustea izan da. Begibistakoa da euskal immigrazioak Argentinan izan duen garrantzia. Entzunda neukan Argentinako kaleen izenetako asko euskaldunak zirela, eta ez nuen sinesten… baina egia da, hainbat gauza baieztatu ahal izan ditut”.

Aitortzen du Tasioren protagonistak Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunez ez zekiela gauza handirik. Bazeuzkan, dena den, euskal diasporari buruzko ideia orokor argi batzuk: “Garai batean laguntza handia jaso genuen Euskal Herrian Diasporarengandik, frankismo garaian esaterako. Hango erresistentzia hemengo laguntzarekin mantendu zen urte askotan; baita euskal gobernua ere. Horraino iristen nintzen. Gero Cesar Arrondo ezagutzeko aukera izan nuen Zizurkilen, ni zizurkildarra bainaiz, Otañoren jaioterrikoa. Izan ere, badut halako grina, Pello Mari Otañori buruzko dokumental bat egitekoa. Hemen datu batzuk eskuratu nahi eta harremanetan jarri ninduten Cesar Arrondorekin. Aitzaki horrekin ezagutu genuen elkar eta Cesarren bitartez jakin ditut Diasporako mugimenduaren gorabeherak. Interesgarria iruditzen zait oso, euskal nortasun hori nolabait mantentzea nahiz eta hamabi mila kilometrora egon… mantentzea, eta behar dugunean laguntza hori emateko prest egotea... gauza horiek interesgarriak iruditzen zaizkit. Orain adibidez guk ez dugu nahiko genukeen askatasuna baina hori bideratzen ari da eta bide horretan ere ondo etorriko da gure arteko harremana. Pentsatzen dut euskal diasporak lan handia egiten duela maila horretan. Bestalde, laguntza horrek bi aldeetara jo behar du, hemendik Euskal Herrira eta baita Euskal Herritik hona ere”.

Otañori buruzko dokumentala

Bidaia hau bukatuta, ez du aktore zizurkildarrak Argentinatik urrun luzaz egoteko asmorik. Are gehiago,  laster bueltatzeko ideia finkoa du, oraingoan lan proiektu bat besapean: “Nahikoa bideratuta dago Pello Mari Otañori buruz buruan dudan proiektua. Oraindik gidoitxoa moldatu behar dut baina hori ere konponduta dago. Beraz falta den gauza bakarra betikoa da, sosa, dirua, alegia. Ez litzateke asko izango, proiektu merkea da eta gerorrek ez dugu sosik kobratuko. Gastuak honako bidaia, ostatua eta tresnen alokairua baino ez lirateke. Beraz hori lortuz gero, pentsazen dut aurten egin ahal izango dugula. Hilabete bateko errodajea aurreikusten dut, zati handiena hemen Argentinan. Kontuan izan behar dugu Otañoren bizitzaren parte garrantzitsuena hemen gertatu zela. Bere lan asko galdu egin dira baina Argentinan oraindik gordetzen dira batzuk. Eta bere senide batzuk ere hemen daude, gutxi baina batzuk badaude. Dokumentalean erakutsi nahi ditugun pasadizoak hemen gertatu ziren, han ere batzuk, eta zer edo zer grabatuko dugu han, Zizurkilen. Eszena batzuk fikzionatu nahi nituzke han. Adibidez, herrian egin zioten agurra”.

Bertsolari ospetsuari buruzko dokumentalak oihartzun handia izan dezake euskaldun argentinarren artean. Baina 'Ehun Metro' filmaren protagonista ere baden Bisquert-ek euskal komunitatearen mugak gainditzeko helburua du. "Argentinako zinea oso interesgarria iruditzen zait. Euskal Herrira ez dira pelikula asko heltzen, famatuenak bai, Ricardo Darin edo Federico Lupirekin, baina besterik oso gutxi ikusten da. Izan dut hala ere beste pelikula batzuk ikusteko aukera eta oso interesgarriak iruditu zaizkit 'Bombon, el perro', esate baterako; edo 'El último verano de la boyita', oso istorio polita, emakume batek zuzendua. Gutxi ikusten ditugu han baina ikusten ditugun filmeei oso bereziak direla sumatzen zaie. Nik ere nahiko nuke hemen, Argentinan, filmaren batean aritu. Espainiako estatuan egingo dira, ez dakit, berrogei bat pelikula urtean eta berrogei horietatik oso oso gutxi salbatzen dira, umeentzakoak dira asko, eta oso komertzialak. Hemengoak ezberdinak dira. Horregatik bidaia honetan zinemagileekin kontaktu batzuk egiteko ere aprobetxatu dut". 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia