euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pariseko Euskal Etxeak 60. urteurren jendetsua ospatu zuen, Hondarribiko Gran Sol jatetxeak eginiko bazkariarekin

2016/10/21

Hondarribiko Gran Sol Jatetxeko Bixente Muñoz eta lantaldea Pariseko Eskual Etxearen urteurrenean (argazkia Paris EE)
Hondarribiko Gran Sol Jatetxeko Bixente Muñoz eta lantaldea Pariseko Eskual Etxearen urteurrenean (argazkia Paris EE)

PUBLIZITATEA

Festa handia izan da iragan asteburuan Pariseko Eskual Etxean, elkarteak bere 60. urteurrena ospatzen zuela-eta. Larunbatean, rock kontzertu gaualdi batekin hasi ziren ekitaldiak. Igandean, aldiz, 150 lagundik gora bildu ziren euskal etxera, Hondarribiko Gran Sol jatetxeko Bixente Muñoz sukaldariak prestaturiko bazkariaz gozatzera. 

Paris, Frantzia. 60 urte igaro dira Pariseko Eskual Etxea elkartea sortuz zenetik, eta bazkideek giro alaiean ospatu duta urteurrena. Orain 60 urte, Jeanne Idiart eta Louis Domeq gazteek gidaturiko taldeak elkartearen lehen egoitza izan zen etxea lortu zuen, eta harrezkero, nahiz eta euskal etxea Saint Ouen auzora aldatu, erakunde aktibo hau izan da Pariseko euskaldunen topalekua. 

Elkarteak asteburu luzea iragan zuen ospakizunetan murgilduta. Larunbatean, euskal rock gaualdia egin zen, “Baobabs will destroy your planet” eta “Katez” taldeekin, elkarteko Maitane Larrondek EuskalKultura.com-i azaldu dionez. 

Igandean, ospakizunak "era chic eta dotorean" egin ziren. Eguna meza elizkizunarekin hasi zen, Notre Dame du Rosaire elizan, Mounho Aitak gidatuta eta elkarteko bi abesbatzen partehartzearekin: Gernika eta Anaiki.

Meza amaitu ondoren, elkarteko bazkide eta lagunak euskal etxearen egoitzara joan ziren, aperitifa bertan egitera. Ondoren, bazkaria heldu zen, Hondarribiko Gran Sol jatetxeko sukaldariek eskainia. Gran Sol jatetxea ezaguna da bere pintxo eskaintza zabal eta berritzaileagatik eta Pariseko euskaldunek zuzenean eta etxean izan zuten sukaldaritza estilo hau dastatzeko aukera. 

Sukaldean Bixente Muñoz chefa eta bere lankide Mikel eta Iñigo aritu ziren. "Janari goxoak eta harrigarrizko nahasketak ere izan genituen, dena izigarri ona izan da", esan du Larrondek. "Bihotzetik eskertzen diegu heien lana eta baita umore ona ere Mikel, Bixente eta Iñigori!". 

Postrea Xabi Mougica, Lekorneko sukaldariak egina izan zen, tarta eder bat euskal koloreekin dekoratua, elkartearen 60 urteak ospatzeko. Une hori baliatu zuen elkarteko presidenteak, Sébastien Daguerrek, bazkide eta lagunei eskerrak emateko. Bereziki eskertu zuen Daguerrek Eusko Jaurlaritzako Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejo eta Europako euskal etxeentzako teknikari Manu Meaurioren bisita eta parte hartzea. Daguerrek eskerrak eman zizkien baita ere bertan ziren elkartearen aurreko presidente Trinquet eta Domecq-i.

"Aparteko eskerra merezi dute ere antolakuntzan eta bazkaria zerbitzatzen izan ziren bazkideek, izan ere, 550 plater atera ziren!", gehitu du Larrondek. "Ezin dugu ahaztu laguntzaileen lana dela Pariseko Eskual Etxearen arrakastaren arrazoia".

Teilatua konpondu beharra

Urteurreneko ospakizunetan dena bikain atera ostean, elkartea lanean da berriro ere buru belarri, besteak beste etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzen. Horien artean aipagarria da Euskal Etxean, eraikinean, egin behar diren obrak: "gure arazo handiena, teilatua egitea oso garestia izan dela eta orain isolamendua behar dugula egin. Gure etxea izugarri ederra eta handia da, baina, eraikuntza horren mantentzeko, ekitaldi ainitz antolatu behar ditugu eta gero eta jende gehiago errezibitu!", azaldu du Larrondek. 

Bidenabar, elkarteak hurrengo ekitaldietako batzuen berri ere eman du: 

-Azaroaren 19 an: Errugbi gaua : Frantzia Australiaren aurka.
-Azaroaren 26 an: Gatibu taldearen kontzertua.
-Abenduaren 10 an: Santo Tomas.



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia