euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paranako Urrundik-ek ‘Udazken arratseko’ kontzertuetara gonbidatzen du, igandeetan, Euskal Etxeko patioan

2021/04/15

Udazken arratseko kontzertuak Urrundik-en
Udazken arratseko kontzertuak Urrundik-en

PUBLIZITATEA

Parana, Argentina. ‘Udazken arratseko kontzertuak’ izeneko zikloari emango dio hasiera Urrundik Elkarteak igande honetan, apirilaren 18an. Lehenengo emanaldian, Euskal Etxeko gitarra irakaslea den Hernando ‘Pico’ Rubiok joko du. Rubio jardunbide handiko artista da eta probintzia eta nazio mailako sari ugari irabazi ditu folklore jaialdietan, tartean, 2017ko ‘Pre-Cosquin’en eta 2020an eta 2015ean Labordeko Malambo festa nazionalean.  

Zikloaren hurrengo saioak apirilaren 25ean eta maiatzaren 2an izango dira. Apirilaren 25ean Oscar ‘Pulga’ Gilesek zuzentzen duen ‘Yuruma’ taldeak joko du. Aipam dezagun taldeko kide batzuek Joseba Gotzon musikari bizkaitarrak Diasporaren omenez sortutako ‘Urrundik’ abestian jo zutela. Maiatzaren 2an Lorena Cura-k eskainiko du emanaldia.

Kontzertuak arratsaldeko 5etan izango dira Euskal Etxeko patioan (helbidea, España 430);  derrigorrezko protokoloa zintzo beteko dute eta horregatik lekuak mugatuak izango dira. Erreserbak egiteko urrundik@gigared.com helbidera idatzi behar da. Sarrera-laguntza bonoak 200 pesoko prezioan salduko dira.

Juan Carlos Borras Euskal Etxeko lehendakariak azaldu dio EuskalKultura.eus-i iaz lapurrak sartu zitzaizkiela egoitzan eta, izan ere, orain bilduko duten diruarekin lapurtu zizkieten gauzak berriro erosten saiatuko direla. “Baina helburu nagusia elkartzea da. Pandemia egoera honetan asko botatzen ditugu faltan lagunak eta topaketak”.

Orain arte aipatu hiru kontzertuak antolatu dituzte paranatarrek zikloaren barruan baina egoera asko gaiztotzen ez bada bederen, jarraitzeko asmoa dute, adierazi du Borrasek.

Euskal Etxea partaide izango da Hiriak egingo duen Euskadi Enparantzaren berrinagurazioan; Joseba Gotzon kantariak bertako kontzertu batez hasiko du bere bira berria Argentinan

Jakitun Argentinaren kasuan pandemiak osasun egoera zinez gaiztotzen segitzen duela, Urrundik-eko lehendakariak dio "Egoerak uzten digun bitartean, aurrera jarraituko dugu"

Momentuko osasun egoerak gaiztotzen segitzen baitu. “Egoerak uzten digun bitartean, aurrera jarraituko dugu”, esan digu Urrundik-eko lehendakariak egoeraren aurrean Elkarteak izango duen jarrera adierazteko. “Larria da pairatzen ari garena baina, protokoloa errespetatuz, agendan ditugun ekintzak egiteko asmoa dugu”.

Izan ere, honako bi saio bereziki kuttunak ari dira prestatzen 2021eko programa barnean: Uztailaren 25ean ‘Bajada de los Vascos’ ibairako bidean dagoen Euskadi Enparantza berrinauguratuko dute. Eta urriaren 3an, Joseba Gotzon musikariak Argentinako bira hasiko du Paranan.

Urrundik Facebook-en, Asociación Vasca Urrundik



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia