euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pandemiaren geldialdiaren ondotik, gogoz beterik, hainbat euskal etxek San Juan su eta festak berreskuratu dituzte

2022/06/23

Ekainaren 23ean, osteguna, baina baita ostiral, larunbat eta igandean ere ospatuko da aurten Diasporan San Juan Su eta festa
Ekainaren 23ean, osteguna, baina baita ostiral, larunbat eta igandean ere ospatuko da aurten Diasporan San Juan Su eta festa

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. San Juan egunaren bezpera, ekainaren 23a, San Juan su eta festen gaua da, Euskal Herrian eta munduko euskal komunitateen egutegian gorriz markatutako data. Kristo aurreko sinesmen eta ohiturei lotua, ez da euskaldunek soilik ospatzen duten hitzordua, beste herri askok ere ospatzen baitute, baina euskaldunenean ere finko dago errotuta, eta nahiz eta azkeneko bi urteotan beste gauza asko bezala pandemiagatik bertan behera geratu, aurtengoan indar erabarrituz deitu da hainbat euskal etxetan, Montevideoko Haize Hegoaren edo kantuz Chubut Iparekialdeko Euskal Etxearen kasuan bezala, berez dagokion gauean bertan, 23koan, eta beste kasu askotan asteburura aldatua, jendeari parte hartzeko aukera gehiago ematearren.

Hego Hemisferioko gainerako deialdiak bezalaxe, Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxekoek neguan sartu berriak ospatuko dute gaur gauean San Juan Sua. Euskal Herrian udako solstizioari lotua, Hego Amerikako San Juan deialdiak negukoari lotzen zaizkio. Kasu batzuetan, euskal etxeak, bat egingo du bertako beste kolektibitate batzuekin, suaren festa eurekin batera ospatzeko, Mediterraneoaldeko herri askotan indar handiko tradizioa baita San Juan Suarena. Argentinako Buenos Aires probintzian, konparazio, Bolivarko Nafar Etxeak Italiako eta Espainiako Elkarteekin, eta Centro Lucano, Asociación Castellano-Leonesa eta Casa Balear-ekin batera ospatu eta erreko dute 23an panpina.

Homedale, Trujillo, Olavarria, Necochea, Pergamino...

Estatu Batuetako Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxeak, Idahon, datorren igandera, ekainaren 26ra pasatu du deialdia, eta 'San Juan Eguna Basque Festival' izenpean, ahalegin polita egin dute egoki ospatzearren eta, izan ere, euren herritarrei euskaldunek San Juan nola ospatzen duten erakustearren, suaren inguruko dantza tradizionalei rol berezia emanez eta, horretarako, publikoari irekitako dantza-urrats oinarrizkoenak ikasteko saioak antolatuz aldez aurretik, hala nahi dutenek dantzetan ere bat egin ahal izan dezaten.

San Juan Sua festa egun garrantzitsua da Argentinako hainbat euskal etxetan, eta bi urteko isilunea eta gero berreskuratu eta iragarria dute, adibidez, Olavarrian, Gure Etxe Matea Euskal Etxekoek, sua, jaia eta pintxo-salmentarekin; edo Necochean, sua kanpoan egin ondoren euskal festa eta erromeriarako deia egin dute hiriko Euzko Etxearen aretoan, 'Gora Sanjuanak' oihuaren atzetik. Larunbatean, berriz, Pergaminoko Lagun Onak-ek bere egoitzan ospatuko du, dantza eta janaria lagun. Eta, Perun, Trujilloko Euskal Etxe gazteak lehenengo aldiz antolatu du zapatuan elkarretaratzea.

Cañuelas, Viedma, Comodoro Rivadavia...

Antzeko deia egin dute larunbaterako ere Cañuelasen, Denak Bat Euskal Etxekoek, sua, euskal dantza erakustaldia eta kantinarekin, janari anoak salgai. Eta Viedmako Aberri Etxekoek, 'suaren bedeinkapena, akelarrea, dantzak, kantak eta euskal taska' izango dituen festa iragarriz. Baita, Patagonian beherago ere, Comodoro Rivadaviako Euskal Etxekoek, kasu honetan deialdi bateratuan Portugaleko Elkartea, Asturias, Galizia eta Andaluziakoekin.

Hauek, heldu zaizkigun hitzorduetako batzuk dira, aurreko urteetan San Juan su eta festa askoz leku gehiagotan ospatu izan baita euskal etxeen eremuan, batzuk aurtengoan antolatuko dutela eta beste batzuk ez. Zerrendatuak ditugu San Juan ospatu izan dutenen artean Venezuelako Caracas eta Carabobo, Mexikoko Euskal Etxea, Vancouverreko Zazpiak Bat, Sydneyko Gure Txoko, Madrilgo Euskal Etxea, Bartzelonako Euskal Etxea, Chivilcoyko Beti Aurrera, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak, El Chacoko Euskal Etxea, General Las Herasko Zazpirak Bat, General Rocako Gure Etxea...



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia