euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar hasiko da Bartzelonan 'Euskal Herria Sona' euskal musika jaialdiaren XII. edizioa

2009/10/29

Euskal Herria Sona 12. edizioaren afixa
Euskal Herria Sona 12. edizioaren afixa

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak bihar ostirala emango dio hasiera 'Euskal Herria Sona' euskal musika jaialdiaren edizio berri bati. Hilabete osoan zehar, abenduaren 5a bitartean, Patxi eta Konpainia, Iñaki Plaza & Ion Garmendia, Hegokoak, Rafa Rueda, Maddi Oihenart, Aristizabal & Barandiaran, Korrontzi, Ruper Ordorika, Arramazka eta Gatibu taldeen kontzertuek inguratuko ituzte euskal erritmoak Bartzelonako kaleetara. Horrez gain, txalaparta, kantu eta dantza ikastaroez edota trikipoteoaz gozatzeko aukera izango da aurten hamabigarren ediziora iritsi den jaialdian.

Bartzelona, Katalunia. Euskal Herria Sona jaialdiaren hamabigarren edizioa ostiral honetan hasiko da eta azaroan zehar euskal musikari eta artista ugari pasatuko dira hiriburu kataluniarreko agertokietatik. Ikuskizunez gain, jendearen parte hartzea bultzatu eta jaia barrutik gozatu ahal izateko, afariak, trikipoteoa, kantu, txalaparta eta dantza ikastaroak burutuko dira jaialdiaren egitarauaren barruan.

Hamabi urte joan dira Euskal Etxeak ateak kanpora zabaldu eta bere ekintzak kalera atera nahi izan zituenetik eta euskal musika eta folklorea era dibertigarri eta dinamiko batean ezagutzeko aukera ematen duen jaialdi hau, urtero handitzen eta sendotzen doa.

KONTZERTUAK

Aurtengo ekitaldiak bihar bertan hasiko dira Patxi eta Konpainiaren doako dantza ikuskizunaren eskutik, gaueko 22:00tan, Plaça del Rei-en. Hurrengo asteko ostiralean, azaroaren 6an, ordu berean, Iñaki Plaza eta Ion Garmendiak euren lehen lana den "20 Hatz Proiekt" diskoa aurkeztuko dute CATen (Centre Artesà Tradicionàrius). Biharamunean, azaroaren 7an, Hegoak taldearen euskal-afro kantuez gozatzeko aukera izango da Euskal Etxean, arratseko 20:00tan. Rafa Ruedak "Zuhaitz okerretan gora" melodia itsaskorrez beteriko disko berria aurkeztuko du Azaroaren 13an, 21:00tan, Convent Sant Agustí-n.

Batzuentzat ezbairik gabe euskal musikaren ahotsik berezienetakoa dena, Maddi Oihenart xiberotarra, CATera hurbilduko da bere kantuak jendaurrean aurkeztera. Kontzertua 22:00tan hasiko da. Azaroaren 20an, Euskal Etxean, arratseko 20:00tan, Aristizabal eta Barandiaran bikoteak lau eskuz joko duen piano abesti sorta, euskal egileetan oinarrituta egongo da. Hurrengo egunean, Korrontzi folk taldeak bere emanaldia eskainiko du CATen gaueko 22:00tan. Euskal musikan erreferente den Ruper Ordorikak, "Haizea Garizumakoa" diskoa atera berri duela, L'Auditori-n kontzertua eskainiko du azaroaren 27an gaueko 21:30-tan. Jaialdiaren azken txanpan Arramazka eta Gatibu taldeen rock doinuak izango dira protagonista. Hitzordua La Farinera del Cloten izango da abenduaren 5ean, gaueko 22:00tan.

IKASTAROAK, NIT BASCA ETA TRIKIPOTEOA

Jaia barrutik ondo ezagutu eta gozatu ahal izateko, aurten ere jendearen parte hartzea bultzatu nahi izan da, hainbat talde ekintza antolatuz. Larunbat honetan bertan, Patxi Perezek doako dantza ikastaroa burutuko du Plaça del Rei-en arratsaldeko 19:00tan. Euskal Etxean beste bi ikastaro emango dira: txalaparta ikastaroa eta kantu ikastaroa. Lehenengoa azaroaren 14ean egingo da goizeko 10etan. Bigarrena azaroaren 28an egingo da arratsaldeko 17:00tan. Azken ikastaro honen ostean afari bat egingo da Euskal Etxean, giro jator eta alai batean elkarrekin egoteko.

Azaroaren 12an, 21:00tan, ekitaldiak CAT inguruan izango dira, Nit basca edo Euskal Gaua jaiarekin. Euskal Etxeko talde eta ikastaroetako ikasleak eta artistak euren ikuskizunak eskainiko dituzte elkarteko kide eta lagunen aurrean. Trikipoteoa, urteroko ekitaldi jendetsu eta gogokoenetarikoa, La Tornatik hasiko da Azaroaren 21ean, arratsaldeko 18:00tan, doako ekintza da, eta dibertsioa eta giro paregabea ziurtaturik daude.

Informazio gehiagorako:

-www.ehsona.com
-www.euskaletxeak.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia