euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oso balantze egokia Argentinako Nafar Etxeek Nafarroako Gobernuak online eman dien lehenengo euskara ikastaroari

2021/05/27

Klaseak bukatu berri, euskara ikastaroen hurrengo urratsak ari dira aztertzen Argentinako nafar etxear. Argazkian, Buenos Airesko Nafarroaren Etxearen egoitza, Moreno 3682 helbidean, hiriburuko Almagro auzoan
Klaseak bukatu berri, euskara ikastaroen hurrengo urratsak ari dira aztertzen Argentinako nafar etxear. Argazkian, Buenos Airesko Nafarroaren Etxearen egoitza, Moreno 3682 helbidean, hiriburuko Almagro auzoan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aste honetan izan ditu 2020-2021eko azken eskola sinkronikoak, Iruñean egoitza duen Euskarabidea institutuak, Nafarroako Gobernuko Kanpoko Herritarren Zerbitzuaren koordinaziopean, Argentinako nafar etxeei begira online ematen aritu den lehenengo euskara ikastaroak. Gogora dezagun urtarrilean hasi zirela nafar argentinarrak –ikastaroak Ipar Hemisferioko egutegia jarraitzen du, beraz klaseak irailetik ekainera izaten dira– hiru taldetan banatuta eta Jela Martínez Urmeneta irakasle arduradun.

EuskalKultura.eus-ek Buenos Airesko Nafar Etxeko lehendakariarekin hitz egin du eta esperientzia paregabea izan dela adierazi digu kurtsoko ikasle ere izan den Martin Urtasunek: “Ikasle bezala esan dezaket oso aberasgarria izan dela. Euskarara eta nafar kulturara hurbiltzeko aukera izan dugu, askorentzat gainera lehen aldia izan da. Eta gustatuko litzaiguke jarraitzea, noski!”, adierazi digu.

“Erakunde mailan, badakigu ez dela hau oso une egokia Argentinan proiektuei ekiteko, baina jarraitu ez ezik, proposamena indartu ere egin nahiko genuke; lehenengo esperientzia honen egokitasunaren berri nafar etxe guztiengana heltzea eta hala nahi duten gure guztiek parte hartzea. Jarraipena eman nahi genioke hasitako bideari eta, zergatik ez, aurrez aurreko eskolekin ere saiatu”.

Udako oporraldia hasiko da orain Nafarroan –Argentinan negua– eta hiru hilabete izango dituzte nafar argentinarrek egoera baloratzeko eta hurrengo urratsak zein izan daitezkeen aztertzeko. Baldintzak betetzen badira, asmoa da, irailean, orain dauden ikasleei jarraitzeko aukera ematea eta oinarrizko talde berri bat irekitzea.

2021eko San Ferminak

Eta bestelako erronkarik ere izango dute laster Argentinako nafar etxeek: 2021eko San Fermin jaia antolatzea. Dakigun legez, osasun egoeragatik bertan behera utzi behar izan dira ospakizunak Iruñean bigarren urtez jarraian. Argentinan, osasun eta ekonomia alorreko egoera askoz okerragoa denez, ez du ematen bilerak egiteko baimenik egongo denik.

“Hala ere, zerbait egingo dugu; agian aurtengo programa ez da izango iazkoa bezain luze eta oparoa baina gonbiteren bat egingo dugu, uztailaren 7an eta beti bezala denon artean ‘Gora San Fermin’ oihukatu ahal izan dezagun”, adierazi du Urtasunek.



Komentarioak

  • Oso ondo!

    Asko pozten gaitu!

    Gaizka N (Iruñea-Pamplona), 2021/06/04 14:11

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia