euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Osasuna otxoteak kantaldia eman zuen Chacabucon, Euskaldunen Lagunen taldeak gonbidatuta

2012/12/28

Osasuna otxotearen emanaldia Chacabuco Amigos de los Vascos elkartearen kultur gauan (argazkia ChacabucoVascosEE)
Osasuna otxotearen emanaldia Chacabuco Amigos de los Vascos elkartearen kultur gauan (argazkia ChacabucoVascosEE)

PUBLIZITATEA

Giro politeko euskal musika ikuskizun dotoreaz gozatzeko aukera izan dute Chacabuco herri argentinarrean, bertako Peña Amigos de los Vascos kultur taldeak antolatuta. Euskal gastronomia afari batekin hasi zen gaua, musikaz jarraitzeko gero: Necocheatik Osasuna otxotea etorri zen hirira eta txalo zaparradaz eskertu zuten entzuleek euren emanaldia. Aurretik Chacabuco bertako bi gitarra jotzailek, Facundo Jurado eta Ivan De Titto gazteek, eman zuten kontzertua, harrera eta onespen nabaria lortuz baita ere.

Chacabuco, Argentina. Amigos de Los Vascos kultur taldeak afari-ikuskizun bat antolatu zuen iragan abenduaren 17an elkartearen egoitzan egindako ekitaldian, Chacabucoko tren geltokiaren parean. Ekitaldia hasi aurretik eurijasa izugarria bota zuen, ziurrenik hori dela eta espero baino lagun gutxiago bildu ziren bertara baina, halarik ere, bildu zirenek giro ederrean gozatu zuten ikuskizunaz eta afariaz. "Giroa bizia eta alaia izan zen, pintxo oso goxoak zerbitzatu ziren eta, nola ez, elkarteko sukaldariek argentinar enpanada tipikoak ere prestatu zituzten", azaldu dute antolatzaileek.

Amigos de los Vascos 2012 Chacabuco (3)

 [Amigos de los Vascos elkartearen egoitza, Chacabucon (argazkia ChacabucoVascos)]

Euskal musika eta gastronomia ezagutzera emateko helburuarekin antolatu zuen elkarteak ikuskizuna, beti ere Chacabuco bertako musikariei ere tartea eskainiz. Horrela, ikuskizuna hiriko bi gitarra jotzaile gaztek abiarazi zuten, Facundo Juradok eta Iván De Tittok. Bikoak maila bikaina erakutsi zuen, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dutenez.

Jarraian, Necocheako Osasuna zortzikoteak hartu zuen lekukoa, euskal eta argentinar folklorean oinarritutako errepertorioarekin. Giroa berotzen hasia zen ordurako eta bukaera aldera elkarteko bazkideek ere bat egin zuten kantariekin, tangoak eta argentinar kanta herrikoiak abestuz. Aparteko aipamena merezi du Jorge Zabaleta elkarte antolatzaileko presidentearen ekarpenak, gaucho-en poemak errezitatu baitzituen.

Amigos de los Vascos 2012 Chacabuco (2)

 [Facundo Jurado eta Ivan De Titto gitarjoleen emanaldiak hasi zuen ikuskizuna (argazkia ChacabucoVascos)]

 Amigos de los Vascos 2012 Chacabuco (4)

 [Antolatzaileek diploma eman zien Osasuna otxoteko kideei (argazkia ChacabucoVascos)]

Amigos de los Vascos laguntaldeak poza agertu du ikuskizunak izan duen erantzun ona dela eta, batez kontuan izanik "elkartea oso gaztea garela". Kultur taldea hasia da jada datorren urteko aurreneko ekimenak antolatzen: kultur hitzaldi bat eta beste musika eta gastronomia hitzordu bat izango omen dira, adierazi zuten gaualdi honen ondotik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia