euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chinoko Euskal Etxe kaliforniarrak omenaldia egin die 1955-1960ean bertara emigratutako euskaldunei

2014/06/24

Larunbatean Chinoko Euskal Etxean omenduak izan ziren euskaldunak. 1955 eta 1960. urte artean Ameriketaratu ziren denak (Maite Maisterrena)
Larunbatean Chinoko Euskal Etxean omenduak izan ziren euskaldunak. 1955 eta 1960. urte artean Ameriketaratu ziren denak (Maite Maisterrena)

PUBLIZITATEA

Chinoko Euskal Etxeak afari baten bueltan omendu ditu joan den larunbatean, 1950. hamarkadaren bigarren erdian bertara emigratutako euskaldunei. Ekitaldira bildutako120 lagunen babesean, garai hartan Ameriketarako bidea egin zuten 20-25 euskaldun agertu ziren “oso giro ederrean” ospatutako omenaldira, Maite Maisterrenak, Chinoko Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko kideak Euskalkultura.com-i adierazi dionez.

Chino, AEB. Afaria, Euskal Etxean, arratsaldeko 19:00etarako zegoen iragarrita, baina ohi denez, ordubete lehenago hasi zen biltzen jendea, elkar lasai agurtu eta lagunekin solasteko, sarrera moduko edari eta pintxo batzuk lagungarri. Ondotik, 120 bazkide inguruk hartu zuten parte otorduan eta Steve Gamboak (boluntario talde baten laguntzarekin) barbakoan egindako haragi-xerrez, oilaskoez, barazkiez eta entsaladaz gozatu ahal izan zuten. “Gozo-gozo zegoen dena, betiko legez”, Maisterrenaren berbatan.

Antolatzaileek, oraindik geure artean dauden emigranteak ohoratu zituzten eta afari bukaeran, postrea jateko orduan, Marianna Etcheverriak egindako dokumental laburra erakutsi zuten. Argazki zahar, argazki berri eta familia argazkiekin osatu zuten bideoa Etcheverriak eta lagundu zioten lagunek; bai eta, hainbat kasutan, protagonistei egindako elkarrizketa laburrekin ere. 

“Elkarrizketak izan ziren jendeak gehien txalotu zuen partea, herrialdera etorritakoan bizitakoak kontatzen baitzuten horietan”, adierazi digu bere aldetik Evelyne Lanathoua-Good-ek, EEko komunikatzaileak. Chinoko Euskal Etxeko webgunean eskegiko dute bideoa, hemendik egun gutxira.

Iaz egin zuen Chinoko Euskal Etxeak mota honetako lehen omenaldia, 1950-1955 urte bitartean heldutakoei gorazarre eginez. Eta datorren urterako 1960 eta 1965 urte artean etorritakoei egingo diete omenaldia.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia