euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Nostalgia apur batekin baina etorkizunari begira" jaio da Navarron hiriko 'Eusko Txokoa' elkarte euskal argentinarra

2023/11/23

Navarroko Sociedad Rural-eko aretoan 'Eusko Txokoa'ko kide Marcela Abaunz, mikrofonoa eskuan, Jose Saldías historialaria eta elkarte berriko alma materra den Maria Ines Llanos Luloagarekin
Navarroko Sociedad Rural-eko aretoan 'Eusko Txokoa'ko kide Marcela Abaunz, mikrofonoa eskuan, Jose Saldías historialaria eta elkarte berriko alma materra den Maria Ines Llanos Luloagarekin

PUBLIZITATEA

Navarro, Argentina. Hogeita hamar urte igaro dira Navarro hirian, Buenos Aires probintzian, tanberoen (behizainen) azken jaia ospatu zenetik. Urriko azken asteburuan, ordea, 30.000 lagun inguruk edizio berri baten deiari erantzun zioten eta, ohiko topaketa berreskuratzea xedez bildu ziren Navarroko Sociedad Rural-en egoitzan. Hitzorduak, hitzaldiak, azokak, ikuskizun artistikoak eta janari-patioa eskaini zituen eta, testuinguru horretan, Euskal Herritik etorritako familien ondorengoek 'Eusko Txokoa' elkarte berriaren sorrera iragarri zuten.

Tanberoen topaketa mintzaldi baten gertaleku ere izan zen, José Joaquín Saldías historialari, museologo eta ikonografoa “Los vascos lecheros. Imágenes de una identidad. Representaciones visuales de los vascos y la industria láctea en el arte argentino" (Euskal esnezaleak. Identitate baten irudiak. Euskaldunen eta esne-industriaren irudikapen bisualak arte argentinarrean) izeneko hitzaldi txalotua eman zuen. izan ere, urriaren 28an, larunbata, jende ugari hurbildu zen Saldiasen hitzak entzutera. Euskal immigranteei buruz, bereziki Navarro inguruan kokatu zirenez mintzatu zen Saldias, dokumentazio bisual aberatsa erakutsiz, arlo jakin horretan euskaldunek Argentinako historian izan duten rol handiaren adierazgarri.

Gorazarre Sabrina Andrade Blasón pilotariari, Basterrechea familiaren ondorengoa

 
Sabrina Andrade gazteari gorazarre Basterrechea familiaren pilota leku xaharrean, inguruan sostenguan dituela pilotariak, lagunak, familiakoak eta Eusko Txokoa-ko kideak.

 
Sabrina Andrade Blasón, María Inés Llanos Luloaga, Liliana Blasón Basterrechea (Sabrinaren ama) eta Raul Barandiarán 

“Nostalgia apur batekin, baina etorkizunari begira sortutako taldea gara, eta gure kezketako bat gazteria da”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Navarroko elkarte berriaren alma materra den María Inés Llanos Luloagak. Karia horretara, 'Eusko Txokoa'ren lehen ekintzetako bat Sabrina Andrade Blasón bertako pilotari gazteari gorazarre egiteko ekitaldia izan da. Izan ere, Txile 2023ko Joko Panamerikarretan parte hartu berritan, zilarrezko domina lortu zuen banakako gomazko paleta motan. Omenaldia azaroaren 17an, ostirala, gauzatu zen, duela 150 urte eraikitako Basterrechea familiaren pilotalekuan. Sabrina pilotaria da eta Argentinako tenis selekzioko kide ohia, baita ere familia aldetik Luis Basterrechearen birbiloba, Fructuoso Basterrechearekin batera, Navarroko kirol honen aitzindaria izan zena. Bertako “El Navarrero” egunkariak omenaldiaren berri eman zuen, hemen ikus daitekeen bideoa eginez.

Zorionak, Sabrina, eta ongi etorri Navarroko Eusko Txokoa!

Eusko Txokoa sareetan:
IGen: www.instagram.com/eusko_txokoa/
Facebooken: Eusko Txokoa taldea



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia