euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nola pasa beisboletik euskal pilotara hiru hilabetetan: kirolari amerikarrak euskal pilotaren harrobi berri?

2018/05/01

Juan Ramón Arrasate (eskuinean), bere pilota ikasleekin (arg. Pablo de Llano-El País)
Juan Ramón Arrasate (eskuinean), bere pilota ikasleekin (arg. Pablo de Llano-El País)

PUBLIZITATEA

Gauza ezaguna da zestaren --jaialaiaren-- gainbehera azken hamarkadetan Estatu Batuetan. Egoera ahulean, ezusteak eta ezinpentsatuak nonnahitik datozkio. Oraingoan, Euskal Herriko pilotariei Floridan aritzeko bisatuetan ezetzak eta atzerapen handiak jasatearekin batera, pilotak beste egoera harrigarri bati aurre egin beharko dio: Miamiko Magic City kasinoa, kirolari amerikarrak ari da hiru hilabeteko ikastaro batekin trebatzen, 'pilotari' izan daitezen, pilota eta apustuak tarteko asmatu duen show baterako.

Donostia-San Sebastian. Pilotaren mesedetan ala kaltetan? Euskal pilotaririk gabeko 'pilota'? Honelako soluzioak ala hiltzea, AEBetan, hasteko? Hilabete pare bat badira Miamiko eremu industrial bateko instalazioetan kirolari taldetxo bat pilota ikasten ari dela. Miamiko Unibertsitateko zenbait kiroletan aritutako kirolariak dira, tarteak beisbol jokalariak, futbol amerikarrekoak eta baita taekwondista bat ere, pilota ikastaro bat egiten, ondotik euskal pilotari birziklatuta atera daitezen.

Taldearen buruan, entrenatzaile edo ikastaro-emaile, Juan Ramon Arrasate 58 urteko pilotari euskalduna.

Miamiko Magic City kasinoak uztailean estreinatuko du 'pelotari' koadrila hau protagonista izango duen jaialai ikuskizun berria, apustuak ere osagai. Hala biltzen du duela gutxi El País egunkariak Pablo de Llano kazetariak sinatuta argitaratutako artikulu batek. Argi dago historiako une batean Floridako sinbolo ere bilakatu zen euskal kirol hau, 1988ko IJAPAko pilotarien hiru urteko grebaren ondotik agonia luze batean ari dela Estatu Batuetan, eta gaur egun oraindik bizirik badirau, berari lotutako jokorako lizentzia bitxi batzuk tarteko dela.

Orain, pilotari eta Miamiko kantxako intendente ohi Jose Ramon Arrasate lekeitiarren ikastaroa tarteko astean bost egunez ari dira entrenatzen kirolari amerikarrok. Urtarrila aurretik euretako inork ez zuen sekula zestarik esku artean izan, baina abentura honi ekin diote. Sari moduan, emaitza onenak lortzen dituenak 100.000 dolar inguru irabazi ahal izango ditueneko pizgarria.

Honi guztiari buruzko beste artikulu bat irakurri dugu, Bilboko El Correon, Juan Pablo Martín kazetaria sinatzaile, non aipatutakoaz gain, proiektu honetarako diseinatu duten kantxa berria ere aipatzen den, txikiagoa, Markinan diseinatua, 36 metro luze, 10 zabalera eta 9ko alturaduna eta material polimerikoz egina, mugigarria izan daitekeena. Kasinoaren bigarren solairuan instalatuko dute, aurretik kontzertu gela izandako areto batean.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia