euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako Estatuak omenaldia egin dio CBS-ri bere 40 urteurrena dela eta: 'Zorionak eta urte askotarako'

2007/05/09

Renoko CBSren omenez Nevadako erakundeetan eginiko ekitaldiko une bat (argazkai CBS)
Renoko CBSren omenez Nevadako erakundeetan eginiko ekitaldiko une bat (argazkai CBS)

PUBLIZITATEA

Euskarazko hitz horietxekin zoriondu zuten Nevadako Estatu Batzarreko kideek Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentrua-Center for Basque Studies bere 40. urteurrenean. Zentruko ordezkari taldea izan zen Estatu Batzarraren asteleheneko bilkuran, eta Gloria Totoricaguena CBSko zuzendariak hartu zuen errekonozimendua jasotzen zuen ebazpena. Alta, Totoricaguenak William A. Douglass-i, CBSren sortzaileari, pasa zion dokumentua, Douglassek zentruaren sorreran eta garapenean izan duen garrantzia aitortuz.
Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-Euskal Ikasketa Zentruak Nevadako Estatu Batzarraren goraipamena jaso zuen joan den astelehenean, Zentruaren 40 urteko ibilbidean euskal kulturaren alde egindako lana aitortuz. Aho batez onartu zuten batzarreko kideek ebazpena eta Gloria Totoricaguena CBS-ko zuzendariari eman zioten idatzizko bertsioa. Totoricaguenarekin batera CBS-ko kide eta lagun ugari bildu ziren Estatu Batzarraren bilkurara. Horien artean William A. Douglass, antropologoa eta Center for Basque Studies-eko sortzailea; Sandra Ott eta Xabier Irujo, CBS-ko irakasleak; Pedro Ibarra, 2006-2007ko William A. Douglass beka jaso duen ikerlaria eta bere emazte Carmen Oriol; Kate Camino, CBS-ko idazkaria; Carmelo Urza, USAC programako zuzendaria; Michonne Ascuaga eta Pete Ernaut, CBSko Administrazio Batzarreko kideak; Argitxu Camus Etchecopar bertan doktorego tesia egiten ari den ikaslea eta John Ascuaga Reno-Sparks-eko Nugget's kasinoko jabea, besteak beste.

Bilkura David Bobzien batzarkideak aurkeztu zuen eta beste lau kidek ere hitza hartu zuten. Senatuan, gehiengoaren buru William J. Raggio errepublikanoak eta gutxiengoaren buru Dina Titus demokratak proposamena aurkeztu eta babestu zuten. Raggio senadoreak euskaldunek Nevadaren historian izan duten eraginaz jardun zuen. Titus senadoreak, aldiz, USAC ikasle eta irakasle trukaketa programak izan duen garrantzia aipatu zuen. Carmelo Urza, azken 26 urtetan programaren zuzendaria izan dena, entzuleen artean zegoen. Titusek esperientzia pertsonala zuen oinarri, azken sei hilabetekoan Donostian bizi izan baita programa honen trukaketa batean parte hartzen.

40 urteurrena 'eta urte askotarako'

Ebazpenaren testuak gaur egun Center for Basque Studies bezala ezagutzen den zentruaren sorrera ekartzen du gogora. 1967an izan zen --orduan Basque Studies Program izena zuen-- eta bere helburua 'euskal artzainek Nevadako historian zuten papera aztertu' eta 'euskal kulturak AEBko Mendebaldeko kultur ondarean izan duen eragina ikertzea' zen, Nevadako Batzarraren esanetan. [Ezkerreko irudian Pete Goicoechea senadore euskal-amerikarra CBS-ren omenez egindako bilkuran hizlari (argazkia X. Irujo)]

Ebazpenak, CBS munduan euskal kultura ikertzen duten zentruen arteko puntako adibidea dela aitortzen du eta Basque Library edo Euskal Liburutegiaren garrantzia azpimarratzen du. Liburutegi hau Robert Laxalt zenak eskuratu zuen '750 aleko donazio batekin' hasi zen, eta gaur egun 'argitara emandako 50.000 ale baino gehiago biltzen ditu eta argitaratu gabeko beste milaka batzuk: gutunak, argazkiak, egunkari pertsonalak, ahozko kontakizunen grabazioak, filmeak...'. Hau guztiarengatik Estatu Batzarreko kideek omenaldia egin zioten CBSri, ebazpeneko ingelesezko testuan 'Zorionak eta urte askotarako' euskaldun bat tartekatuz, aurten bete diren 40 urte horiek adina urteurren berri izan daitezen opatuz.

[Goiko irudian Renoko Center for Basque Studieseko ordezkaritzako kideak Nevadako Estatu Batzarrak emandako ebazpenaren agiriarekin. Ezkerretik eskuinera, Kate Camino, Sandra Ott, Michonne Ascuaga, Gloria Totoricaguena, William Douglass, Pete Ernaut, John Ascuaga eta Carmelo Urza (argazkia CBS)]


Lotura interesgarriak

Center for Basque Studies (CBS, UNR), Reno, NV
www.basque.unr.edu

CBS-ren 40 urteurreneko erakusketa
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 21ean

Gloria Totoricagüena, CBS-ko zuzendariari elkarrizketa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko apirilaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia