euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevada-Renoko Unibertsitateak zuzendari lanpostua eskaini du bere Euskal Liburutegi ospetsuaz arduratzeko

2007/05/24

Basque Library-ko irudi desberdinak
Basque Library-ko irudi desberdinak

PUBLIZITATEA

Euskal Liburutegiaren ardura hartuko duen profesional baten bila ari da Nevadako Unibertsitatea. Renoko Basque Library Euskal Herritik kanpo euskal gaiei eskainitako liburutegi nagusiena da eta Center for Basque Studiesekin batera euskal Diasporari buruzko ikerketetan erreferentzia gune. Liburutegi honen ardura bere kargu hartu eta proiektu erakargarri hau garatzeko aukera izango du AEBtako zein Euskal Herriko edo Diasporako profesional batek, Basque Library-k egin duen lan eskaintzari erantzunez. Kurrikulumak bidaltzeko epea ekainaren 18an bukatuko da.
Nevada Renoko Unibertsitateak bere Euskal Liburutegiko arduradun postua bete nahi du. Postua bereganatzen duen profesionalak euskal gaiei dagokienean nazioartean erreferentzia den liburutegi honen zuzendaritza hartuko luke bere kargu. Unibertsitateak eskaintzen duen laspostuaren soldata urteko 46.305 eta 71.239 dolar bitartekoa izango da, hautagaiaren esperientziaren arabera. Familiakoentzat eta hautagaiarentzat ikasketa edota ikerketa erraztasunak ere emango dituzte. Informazio gehiago hemen.

Hautagaiek bete behar dituzten eskakizunen artean honokoak daude: bibliotekonomia eta dokumentazio arloan nazioarteko titulazioa edo antzeko izatea; liburutegietan bi urteko lan esperientzia; erabiltzaile, ikertzaile eta lankideekin ahoz eta idatziz komunikatzeko gaitasuna, ingelesez zein espainolez; lanpostuak unibertsitate sistemaren barruan promozionatua izateko aukera dakar. Beste ezaugarri hauek ere oso kontutan hartuko dira: zerbitzu berriak garatzeko gogoa; teknologia berrien eta web diseinu ezagutzak izatea, jendearteko tratu ona; euskara eta euskal kultura ezagutzak; eta esperientzia kontrol postuetan.

Lanpostuaren ezaugarriak

Basque Library-ko arduradunak liburutegiaren helburu, lehentasun eta ekimenak erabakiko ditu. Hautatutako profesionalak laguntza emango die liburutegira heltzen diren Euskal Herriko eta munduko ikertzaileei. Euskal Diasporarekin harreman egokiak sortu eta landu beharko ditu, batez ere Estatu Batuetako euskal komunitatearekin. Center for Basque Studies ikerketa gunea Unibertsitateak euskal komunitatearekin duen konpromezuaren eragile garrantzitsua da eta Liburutegiko arduradunak zentruarekin batera lan egin beharko du, euren informazio beharrak asetuz.

Euskal Liburutegia Euskal Herritik kanpo euskal gaiak gordetzen dituen artxibategi nagusia da. Bere bildumak egunkariak, artxiboak, argazkiak, audioa, bideoa, posterrak, diaspositibak eta bestelako materialak jasotzen ditu, bai Euskal Herrikoak eta baita euskal Diasporakoak ere. Nevadako Unibertsitatea, bestalde, estatuko ikerketa gune garrantzitsuena da eta 16.000 lagun inguruko ikaslegoa dauka, kanpus nagusia Reno hirian. Eraikuntza berri bat egiten ari dira uneotan, Mathewson/IGT Knowledge Center izena izango duena eta Euskal Liburutegia eta Center for Basque Studies-a bertan kokatuko dituzte 2008ko udazkenean.


Lotura interesgarriak

Lan eskaintzaren informazio eta eskabideak bidaltzeko
www.unrsearch.com/applicants

Euskal Liburutegia-Basque Library
www.library.unr.edu/basquelibrary

CBS-ren 40 urteurreneko erakusketa
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia