euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Euzko Etxeak 75 urte beteko ditu apirilean eta sare sozialetan ospatuko du, bere historia partekatuz

2020/04/03

Necocheako Euzko Etxearen 75. urteurrena
Necocheako Euzko Etxearen 75. urteurrena

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Apirilaren 15a izango da Euzko Etxearen urtebetetze eguna. Garai txarra hau, urteak egiteko, edo normaltasunez ospatzeko bederen, Koronabirusa dela eta ezarritako itxialdiak eragozten baitu edozein bilera edo elkarretaratzea antolatzea. Euskal Etxeak ezin izango du beraz prestatuta zeukan ekintza programa garatu. Ez du hala ere eguna oharkabean pasatzen uzteko asmorik eta xede horrekin, ekimen polita jarri zuen abian atzo Euzko Etxearen historia eta ibilbidea plazaratu eta jendaurretzeko.

Atzotik eta apirilaren 15era arte, artxiboko mota askotako materialak –argazkia, artikuluak, gutunak…– sareratuko ditu euskal elkarteak Facebooken eta Instagramen “gure Euskal Etxea nola jaio zen gogora ekartzeko”, azaldu digu erakuneko lehendakari Kiti Zubillagak.

Zubillagak berak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, “koronabirusari dagokionez momentu honetan hiru lagun daude kutsatuta Necochean, baina kontrolpean omen daude. Euskal Etxekook, zorionez guztiok ondo gaude orain arte, baina hala ere, edo horrexegatik, itxialdia errespetatzen segitu behar dugu eta ezin gara orain elkartu. Dena den laster egin ahal izatea espero dugu”. Gogora dezagun Euzko Etxea itxita egon dela azkeneko 15 eguneta eta ekintza guztiak bertan behera utzita daude besterik esan arte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia