euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Natalia Suarez Caminoa da Chubut Iparrekialdeko EEko lehendakari berria eta urteko azken ekintzak iragarri ditu

2021/11/04

Natalia Suarez Caminoa da Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeko aurreneko emakume lehendakaria (argazkia EE)
Natalia Suarez Caminoa da Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeko aurreneko emakume lehendakaria (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Trelew hiri patagpnikoan egoitza duen Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeak Batzordea berritu du eta lehenengo aldiz emakume bat izango du lehendakari. Natalia Suarez Caminoa Trelew bertakoa da eta Nafarroako bere baztandar sustraiei buruz sakontzeko hurbildu zitzaion gaztetan euskal gizataldeari. Zapaldu zuen lehenengo euskal etxea, hala ere, Buenos Airesko Euskaltzaleak izan zen, euskara ikasteaz gain bertako abesbatzako kide ere izan baitzen.

Duela hiru urte Salvador Bonacheak Euskal Etxea indartzen hasitako bideari segida emateko hautatu zuten bazkideek Natalia Suarez Caminoa urriaren 25ean egindako bileran. “Lehendakari berriarekin Euskadik bultzatzen dituen genero politikekin ere bat egiten dugu. Eta goraipatu nahi dugu azken urte hauetan orain arteko lehendakari Salvador Bonacheak egin duen lana. 2019an geldirik zegoen elkarte bat hartu zuen bere gain eta lan ederra egin du”, adierazi digute EEtik.

Izan ere, urrats handiak eman ditu Euskal Etxeak azken urteetan, koronabirusak ezarritako traben gainetik: lege aurreko egoera formalizatu egin dute, egoitza txukundu eta egoitzaren jabetza titulua eskuratu dute; FEVArekiko eta Euskadiren Ordezkaritzarekiko harremana sendotu egin dute eta gauza bera gertatu da Chubut probintziako gainerako hainbat kultur erakundeekiko.

Antolatutako ekitaldi hurbilenak aipatzearren, oso pozik daude Ignacio Esquiroz musikariak urriaren 20an Euskal Herriari buruz eskaini zuen hitzaldiarekin. “Jende ugarik hartu zuen parte, oso proposamen arrakastatsua izan zen”, adierazi dute.


[Ignacio Esquirozek Museo de Artes Visuales-en Euskal Popularen sorrerez urriaren 20an emandako hitzaldia]

Urtea bukatu arteko datozen asteetako egitaraua honakoa izango da: azaroaren 16an eta 23an, euskal musikari buruzko hitzaldiak; azaroaren 20an, sukaldaritza klasea; abenduaren 4an, Euskararen Nazioarteko Eguna, euskal musika kontzertua eta urte amaierako topaketa.

Honakoek osatzen dute Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeko Batzorde berritua:

-Lehendakaria: Natalia Suarez Caminoa
-Lehendakariordea: Graciela Ercoreca
-Idazkaria: Milagros Ibarbia
-Diruzaina: Gastón Mendieta
-Batzordekide titularrak: Salvador Bonachea, Alberto Eliceche, Hugo Derin y Edith Terenzi
-Batzordekide ordezkoak: José Salvador Arrechea, Irún Mujica, Ignacio Esquiroz eta Juan Emilio Arbeletche
-Kontu ikuskatzaileak: Ruben Angel Lorenzi

Chubut Iparrekialdeko EEa Facebook-en, Centro Vasco del Noreste del Chubut 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia