euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako Gobernuak Bruselan zeukan Ordezkaritza bulego propioa berreskuratuko du

2017/03/24

PUBLIZITATEA

Foru gobernuak aste honetan onartu du Bruselan higiezin bat errentatzeko akordioa, Europako Parlamentutik eta Erregioen Batzordetik hurbil, bertan ezartzeko Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitza. Neurri honekin, egoitza propioa berreskuratuko du Nafarroak, herrialdearen ahotsa zuzenean entzun dadin Europan eta nazioartean, berezkoak dituen eskuduntzak erabiliz, adierazi dute nafar exekutiboko iturriek.

Brusela, Belgika. Foru erakundeak gogora ekarri duenez, Gobernu nafarraren Bruselako Ordezkaritzak egoitza propioa izan zuen 2002tik 2012ko abendura, orduantxe lankidetza protokolo orokorra sinatu baitzuten Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio Ministeritzak Ordezkaritzaren egoitza Espainiaren legazio egonkorrera eramateko.

Kokapen berri horrek, baina, Nafarroako pertsonalak antola zezakeen bisita eta bilera kopurua mugatu egiten zuen. Leku eskasiak, gainera, bertan praktiketan, bekadun edo bestela sostengu lanetan lan egin zezakeen pertsona kopurua ere mugatzen zuen, jende gehiago emendatzea galeraziz.

Hori guztia gogoan leku propio batera aldatzeko erabakia hartu da, nahikoa tokiz eta kokapen egokiz. Eraikina Rue de Pascla 169 helbidean kokatzen da, Europar Parlamentutik eta Erregioen Batzordetik berrehun bat metrora. Eraikineko lehenengo solairua da, 78 metro koadrokoa, beheko solairuan dauden bi bilera eta hitzaldi gela erabiltzeko aukera ere eskaintzen duena.

Errentaren prezioa 1.200 eurokoa da hilean (14.400 euro urtean), 2014an gastatzeko finkatu zen 21.000ko mugatik urrun. Kontratuak bederatzi urteko luzera aurrikusten du, hiru urteroko epearen ondoren uko egiteko aukerarekin, aurretik abisua pasata sei hilabeteko aurrerapenarekin, bukatzen du Gobernuak, zabaldutako ohar batean.

Nafarroako Gobernuak 2002tik 2012an REPERera aldatu zenera arte izan zuen bulegoa berreskuratu du beraz. Gogora daiteke, honi buruz, Ordekaritzaren aurreko lokaleko jabeek Nafarroako Gobernua kontratua ez betetzeagatik salatu zutela eta ondorioz exekutibo nafarrak 196.935 euro ordaindu behar izan ziela.

Mikel Irujo Amezaga da egun Nafarroako Gobernuaren ordezkaria Bruselan.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia