euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Nafar Haziak" filma estreinatuko dute, Ortzadar taldeak Argentinako Nafar Etxeetara egindako bidaian grabatuta

2023/10/16

"Nafar Haziak" dokumentalak Ortzadar Dantza Taldeak eta Argentinako Nafar Etxeetako kideek bizitako trukea islatzen du
"Nafar Haziak" dokumentalak Ortzadar Dantza Taldeak eta Argentinako Nafar Etxeetako kideek bizitako trukea islatzen du

PUBLIZITATEA

Pamplona-Iruña. Aste honetako ostegun eta ostiralean, urriaren 19an (euskaraz) eta 20an (gaztelaniaz), "Nafar Haziak" estreinatuko dute Iruñean, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek iazko azarotik abendura Argentinan barrena egindako bidaian grabatutako dokumentala. Talde iruindarrak Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendozako Nafar Etxeak bisitatu zituen, Nafarroako Gobernuaren babesarekin, Nafarroako kultura zabaltzeko asmoz. 

Bisitaldian zehar dantza, musika eta gastronomia tailerrak eman zituzten, hitzaldiak eskainiz eta ikuskizunak taularatuz. Mendozan amaitu zen bidaia, lau nafar etxeek lau urtero egiten duten musika erakustaldi eta zentro guztien elkarretaratze berezian, Chivite lehendakaria ere bertan zela. Partekatu zituzten esperientziek argentinarren eta nafarren arteko loturak sendotu dituzte. Horietako batzuk, kamerak jasota, aste honetan gogora ekarri ahal izango dira "Nafar Haziak" dokumentalean.


Aste honetan Iruñeko Golem Baiona Zineman estreinatuko den dokumentalaren trailerra

Ander Zudaire Ortzadar Taldeko kide eta dokumentala grabatzeko arduradunak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, pozik daude oso emaitzekin, bizitako esperientziarekin, eta dokumentalera bildu ahal izan dutenarekin. "Azkenean helburuak proiektuarekin bi ziren: Argentinara gure kultura eramatea hainbat modutan, eta baita ere han gure kulturarekin lotua egiten dutena islatu eta Nafarroara ekartzea hemen aurkezteko. Bidaiaren lehen helburua lortu genuela uste dut, eta orain dokumentalak bigarrena”.

“Nafar Haziak”en estreinaldi eta aurkezpena ostegun-ostiralez, urriaren 19an eta 20an, egingo da, iluntzeko 8etan, Iruñeko Golem Zineman. Bertan, taldeko kideez gain, Nafarroako Gobernuko agintariak ere izango dira. Aste honetakoez gain, geografia nafarreko herri eta leku gehiagotan ere eskainiko da, eta Euskal Herri osoan ere, doaike. Oraindik datak finkatzeke, Argentinara bidaiatzeko asmoa ere dute, bertan erakutsi eta protagonistekin berekin partekatu ahal izateko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia