euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Martxoaren 31tik apirilaren 10era Korrikak EH gau eta egun zeharkatuko du, Diasporan ere hainbat ekitaldi antolatuta

2022/04/01

Diasporatik ere hainbat euskal etxe, unibertsitate, elkarte, jende multzo eta norbanakoek egingo dute bat Korrika 22rekin
Diasporatik ere hainbat euskal etxe, unibertsitate, elkarte, jende multzo eta norbanakoek egingo dute bat Korrika 22rekin

PUBLIZITATEA

Amurrio, Araba. Gaur Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostiara iritsi arte, Korrika 22 Euskal Herriko bazterretan barrena ibiliko da, euskararen lekukoa eta aldarria eskuz-esku pasatuz, euskal diaspora ere, urtero bezala, partaide izango duen edizio berri batean. Diasporatik, euskaldun eta euskaltzaleek euren saio eta hitzorduekin egingo dute bat, kasu batzuetan EEek (Brusela, Bordaleko EE) eurenean antolatutako elkarretaratzearekin batera, kilometro bat ere erosi dutela EHan, areagotuz beraz atxikimendu eta partaidetza.

Euskal Herriko Korrika EiTBren Youtube kanal honetan segi daiteke zuzenean une oro eta etengabe:


Tipi-tapa, eguraldiari aurre eginez, Euskal Herrian barrena Korrika, zuzenean. Hitzekin!

Atzo bertan, adibidez, Bordelen, bertako Euskal Etxekoek jaialdi eta ekitaldi sinboliko batez egin zuten bat Korrikaren Amurrioko irteerarekin, iluntzeko zortzietatik aurrera, jokoekin eta miniaturazko Euskal Herri batean ping-pong bolei putz eginez antolatu duten ibilbide batekin, Kantuz taldearen aireak eta alimaleko giro ona lagun. Korrikaren aurtengo leloa ahotan, 'Hitzekin'. Hitzordu hauetako batzuen xehetasun gehiago gure agendan irakur daitezke.

Izan ere, Euskal etxe eta Diasporako antolatzaileek askatasuna daukatenez Korrikaren aldeko euren ekitaldia hobekien datorkien datan antolatzeko, batzuk aurreratu egin zaizkio hastapen ofizialari eta azkeneko egun eta asteetan eginak dira dagoeneko Diasporako Korrika saioetako batzuk, aurreko artikulu batean islatu genuenez. Goiztiar ibili dira, esaterako, Pariseko Euskal Etxekoak, martxoaren 12an eginik, edota Bruselako EEa, 20an, edo Nevada-Renoko Unibertsitatekoak 27an, besteak beste.

Badira gaur bertan bilduko direnak, Etxepare Euskal Institutuaren Irakurletza Mexikoko UNAMen, esaterako, baina Diasporakoen egunik hautatuena bihar larunbata izan da, apirilaren 2a. Multzo honetan koka daitezke, adibidez, Sydney Australiako Gure Txoko, Argentinako La Plata (UNLPko irakurletza eta Euzko Etxea partaide), New Yorkeko Eusko Etxea (Euskadiren Ordezkaritza lagun), Boiseko Euskal Museoa (Euzkaldunak, Ikastola, BSU eta Etxepare lagun), Txileko Santiago (Euzko Etxea, Euskal Gizataldea, Etxepare eta Ordezkaritza lagun), Leipzig (Etxepare eta EE), Bartzelona (EEa, Etxepare eta Hizkuntza Eskola partaide), Quebec-eko Montrealeko Euskaldunak, Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea, Frantziako Tolosako Denak Bat, Berlin (EEa eta Etxepare Freie Universität), Poznan (Etxepare), Madril (Unibertsitate Konplutensea, EEa eta Hizkuntza Eskola Ofiziala)...

Apirilaren 3an, Washington Hiria (Euskal Etxea), Necocheako Euzko Etxea, Mexiko Hiriko Euskal Etxea, Mallorcako Artea Euskal Etxea, Cork University Collegeko Etxepare Irakurletza, Valladolideko Euskal Etxea

Apirilaren 9an, Salt Lake City-n, Utah-ko Euskal Etxeko lagunek ezarri dute hitzordua, Londres (Basque Society - Euskal Elkartea EEa), baita Varsoviako Uniwersytet Warszawski-ko Irakurletzakoek ere.

Gehiago dira munduan Korrikarekin bat egiteko antolatu diren korrikaldi eta ekitaldiak, zeurea ikusten ez baduzu, idatzi info@euskalkultura.eus-era eta pasa iezazkiguzu xehetasunak.

-Korrikaren webgune ofizialak atal hau eskaini die munduko korrikei
-Diru ekarpena egin nahi badiozu Korrikari, hemen egin dezakezu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia