euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marcos Tedin argentinarrak euskarazko bideo saria irabazi du: “Harro nago lagunak euskaraz mintzatzen ikusteaz”

2020/10/27

‘Nire Aitzakia’ bidearen zati bat
‘Nire Aitzakia’ bidearen zati bat

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Hamaika Telebistaren ‘Hamaika-klik’ lehiaketaren helburua argia da: “Sarean eta formatu digitalean diharduten gazteek ikus-entzunezkoak euskaraz sortu, ekoitzi eta kontsumi ditzaten sustatzea». Deialdiak Euskal Herriaren muga geografikoak gainditu ditu eta laburmetraien kategoriako lehenengo saria Argentinara etorri da, Marcos Tedin gazteak egindako ‘Nire Aitzakia’ bidearentzat. Zorionak, Marcos!

Buenos Airesko Euskaltzaleak ikastegiko ikasle den Marcos duela bi urte hasi zen euskara ikasten eta lan ederra egin du epe labur honetan. Deialdiak animatuta eta bitan pentsatu gabe parte hartzea erabaki zuen ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea zelakoan.

 "Hemengo jendeak euskara ezagutzea nire helburuetako bat da, eta apal baina bideoarekin lortu dut. Euskara zabaltzen jarraitu nahi dut

“Lagunei deitu eta lehiaketaren berri eman nien. Batek oso ondo menperatzen ditu edizio eta filmazio tresnak, beraz berak filmatu eta editatu zuen guztia, eta nik gidoia idatzi nuen”, azaldu digu, beti euskaraz, Marcosek. “Zailena ideia on bat asmatzea izan zen. Konfinamendua orain baino zorrotzagoa zen orduan eta traba asko genituen… Azkenean, honi guztiari buruz hitz egin behar genuela konturatu nintzen”.

“Hasierako gure ideia Argentinako zati bat erakustea zen, eta uste dut ondo nahasi genituela bi elementu horiek: gure herrialdea erakutsi eta filmatzearen zailtasunak erakustea. Azkenean, bideoari mezu polita gehitu ahal izan geniola uste dut”.

Talde-lanak emaitza bikaina izan zuen. Batetik lehenengo saria irabazi zuten –mila euro esku dirutan– eta bestetik, "talde garaipen bezala" sentitu dutela esan digu gazte argentinarrak. “Konfinamendua luzea izaten ari da, eta ez gara garai onak pasatzen ari. Beraz, lagunoi oso ondo etorri zaigu animoak goian eukitzeko”.

“Horretaz gain, oso harro nago. Nire lagunak euskaraz hitz egiten entzuteak harrotasunez bete nau; hemengo jendeak euskara ezagutzea nire helburuetako bat da, eta apal baina bideoarekin lortu dut. Euskara zabaltzen jarraitu nahi dut, eta hau bultzada izugarria izan da niretzat. Noizbait Euskal Herriko komunikabideetan lan egitea gustatuko litzaidake, eta hau hasiera ona da hori lortzeko”, adierazi digu Buenos Aires ondoko bere etxetik gazte euskaltzaleak.

Hona saria ekarri dion bideoa:


['Nire Aitzakia', Hamaika Klik lehiaketaren laburmetraien kategoriako irabazlea]



Komentarioak

  • Gu gaude harro zutaz

    Kaixo Marcos, zure berri irakurri dut eta eskerrak eman dizkizut eta gu gaudela zutaz harro behar dizut esan. Ohorea da zu bezalako jendea euskaldundu eta gutartzea. Eskerrik asko eta gustura segituko dut zure berri irakurtzen. Ea zure planak betetzen diren eta Euskal Herrira etortzeko aukera lehenbailehen gauzatzen zaizun. Zu bezalako jendeak handi egoten gaitu.

    Begoña Salaberria (Lasarte), 2020/11/01 02:24

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia