euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Macachingo 'Gure Ametsa' Dantza Taldea, Euskal Asterako bidaia bideratzeko ekintzetan murgilduta

2010/10/18

Macachineko Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko dantzariek pieza batzuk egin zituzten haien alde egin zen afarian
Macachineko Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko dantzariek pieza batzuk egin zituzten haien alde egin zen afarian

PUBLIZITATEA

Ehun bat lagun bildu ziren Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko Kultur Gelan dantzarien aldeko bazkari batean parte hartzeko. Topaketan bildutako diruari esker, errazago egingo zaie erakundeko dantzariei Mar del Platan izango den Mendeurreneko Euskal Asterako bidaia. Beste jarduera batzuk ere aurrera eramaten ari dira 'Gure Ametsa'ko kideak, hala nola, zozketak eta instituzioaren hipodromoan taberna-zerbitzua eskaintzea.

Macachin, Argentina. La Pampa probintziako Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko kide eta lagunak lan handia ari dira egiten euren dantzariak Mar del Platako Euskal Astean parte har dezaten. Ahalegin horren barruan, joan den irailaren 25ean ehun bat pertsonarentzako tallarinada egin zen euskal etxean.  Proposamenak oso harrera ona izan zuen komunitatean. "Urriaren 30ean errepikatuko dugu esperientzia, hain giro ederra izan baikenuen afarian!", adierazi dio Marigen Mujica Zuzendaritza Batzordeko kideak EuskalKultura.com-i.

Dantzarien aldeko afaria - Macachin 2010 03

[Ehun bat lagun bildu ziren dantzarien aldeko afarian parte hartzeko]

Bi talde aurkeztuko dira azaroan Mar del Platan Bigarren Mendeurreneko Euskal Astean. Lehenak, hamabi neskek osatuak, igandeko kaleko ikuskizunean dantzatuko du. Bestea, berriz, iaz berriro bildu den dantzari ohien taldea, antzerkirako pieza bat prestatzen ari da. Eta bidaia gauzatzeko mota askotako ekintzak antolatzen ari dira. Afariez gain, zozketak egiten dituzte eta euskal erakundeak kudeatzen duen hipodromoan, taberna-zerbitzua eskaintzeko ardura hartzen ari dira astero.

Beste alde batetik eta orriotan azaldu bezala, urte hasiera gogorra izan zuten Euzko Alkartasuna-ko kideek elkarteko hotelean gertatutako gorabeherak kari. "Langileekin zabaldu zen gatazka konpondu ondoren, murgilduta gabiltza euskal etxea bere onera itzultzeko lanetan”, azaldu digute Macachingo euskal etxetik. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia