euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehendakaria Ormaiztegin Diaspora Egunean: "Jarraituko dugu laguntzen, garai zailetan ere aurrera aterako gara"

2020/09/09

Eguzkia aurrez aurre, Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren euskal diasporarekiko konpromisoa berretsi zuen Ormaiztegin
Eguzkia aurrez aurre, Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren euskal diasporarekiko konpromisoa berretsi zuen Ormaiztegin

PUBLIZITATEA

Ormaiztegi, Gipuzkoa. Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi instituzionala, Urkullu lehendakariak joan den larunbatean karguaz jabetu eta gero egindako lehenengo ekitaldi ofiziala izan zen. Pandemiagatik hartutako neurriengatik, aurtengo formatoa askoz txikiagoa izan zen iazkoarekin alderatuta, eta gehienbat bertako jendea zegoen bakarrik presentzialki, pantailaren bidez munduko hainbat euskal etxe eta gizataldetako dantzariak bertaratu baziren ere. Ekitaldia xumea, baina hitzak erabatekoak, lehendakariak berba irmoak luzatu baitzizkien munduko euskaldunei eguzkiak bete-betean aurpegian jotzen ziola:  "Jarraituko dugu zuei laguntzen, garai zailetan ere aurrera aterako gara".

Agintarietan, Urkullu lehendakariarekin batera, Legebiltzarburu Bakartxo Telleriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok hartu zuten parte ekitaldian, eta eurekin Ormaiztegi herri anfitrioiko alkate Jon Enrique Galarzak eta Urretxuko bere pareak, Jon Luqui Albisuak. Jaurlaritzatik, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk arretaz segitu zuten eurak buru diren ekipoek antolatutako ekitaldia Ormaiztegiko elizako arkupe ondoan, baita, besteak beste, Jasone Agirre legebiltzarkideak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ere..

Plazara heldu aurretik Lehendakariak eta autoritateek bisita egin zioten herriko Zumalakarregi Museoak eraturik bertan ateak zabalik dauzkan “Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat” erakusketari,  XIX. mendeko euskal emigrazioa eta gaur egungo migrazioak parez pare ipintzen dituena. Ondotik, ekitaldi instituzionalean, Galarza alkatearen harreraren ostean, bertatik jardun zuten bi dantzarik bat egin zuten munduko hainbat lekutatik beste hainbeste dantzarik grabatu eta uztartuta emandako Banako batean (ikus beherago, bigarren bideoan). Haren ondoren, Jose Kruz Gurrutxaga eta Miren Arrieta aktoreek, Josemari Iparragirre eta Anjela Kerexeta bere emaztearen arteko solasaldi bat antzeztu zuten, musikari famatuaren bizitzako bestelako egiak ere batere saihestu gabe. Lehendakariaren hitzek itxi zuten ekitaldia.

Lehenengo bideo honetan, saioaren laburpena eta ekitaldia bururatuz Lehendakariaren hitzak bere osotasunean.

Bigarren bideoan, ekitaldian ezarritako pantaila medio, dantza partekatua Euskal Herriko eta Diasporako dantzarien artean:

EHko dantzari & txistulariak:
-Gari Otamendi Arrieta eta Miren Hazas
-Txistularia: Jose Migel Laskurain

Dantzariak Diasporatik:
-Ainhoa Inthamoussu (Montevideo, Haize Hegoa)
-Andoni Sangroniz (Salt Lake City, Basque Club of Utah)
-Ben Monasterio (Boise, Euzkaldunak)
-Carolina Ale (Buenos Aires, Laurak Bat)
-Delia Peiro (Madril, Euskal Etxea)
-Jean Max Fawzi Goyeneche (San Frantzisko, Basque Club)
-Maite Bastarrica Carrasco (Txile Santiago, Euzko Etxea)
-Carolyn Van Lydegraf (Basel, Suiza)
-Victoria Rodriguez (Cañuelas, Denak Bat)
-Asier Hormaechea (Mar del Plata, Denat Bat)

-Hona Zumalakarregi Museoak Euskal Diasporaren Egunaz eta Urkulluren bisitaz egindako kronikatxoa



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia