euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lamina eta Basajaun Parisen dira, Eskual Etxearekin Inauterietako desfilean parte hartzeko

2014/02/20

Irribartsu Pariseko Eskual Etxeko sorkuntza lantegiko lagunak, Lamina eta Basajaun emeki emeki sortzen (argazkia ParisEE)
Irribartsu Pariseko Eskual Etxeko sorkuntza lantegiko lagunak, Lamina eta Basajaun emeki emeki sortzen (argazkia ParisEE)

PUBLIZITATEA

Pariseko Eskual Etxeak marka utziko du aurten hiriko Inauterietako desfilean, Lamina eta Basajaun buru dituelarik. Euskal elkarten jo eta ke ari dira lanean azken asteotan euskal kulturaren pertsonaia mitologiko hauen bi figura erraldoi sortzeko. Emeki emeki, forma hartzen hasi dira biak eta datorren martxoaren 2an, igandean; Pariseko kaleetara ateratzeko prest egongo dira, euskal etxeko Gazteria dantzariekin, Gernika koruko kantariekin eta eurekin bat egin nahi duten lagunekin. Hitzordua eguerdiko ordu batetan da, Place Gambettan; zatoz eta disfruta itzazu Pariseko Inauteriak euskal erara!

Paris, Frantzia. Pariseko Eskual Etxeak lehen aldiz parte hartuko hiri honetako Inauterietako desfilean, eta ez edonola, baizik eta Lamina eta Basajaunen bi erraldoiek gidatuko duten talde mardularekin. Erraldoiak izango dira buru, baina eurekin batera Gazteriak taldeko dantzari eta musikariak, Gernika abesbatzako kantariak eta bertara bildu nahi duen euskaldun oro aterako dira kalejiran.

Egun handirako prestatzen ari dira aspalditik euskal etxean eta larunbatero sorkuntza lantegi bat ari dira egiten, bertan Lamina eta Basajaunen erraldoiak egiteko. Lantegiko bolondresek materialak bildu, diseinuak prestatu eta emeki emeki ari dira figurei forma eta kolorea ematen. Prozesua pausoz pauso jarraitu nahi dutenentzat, gaineran, Facebook orri bat sortu dute.

Pariseko Eskual Etxea Inauterietako Lantegia 2014

[Lantegian erraldoiak sortzen (argazkia ParisEE)]

Pariseko Eskual Etxea Inauterietako Lantegia 2014 2

[Inauterietako lantegiko partehartzeileak (argazkia ParisEE)]

Ikurrina Place Gambettan

Eskual Etxeak desfilean parte hartu nahi dutenei datorren martxoaren 2an, igandean, Place Gambettara biltzeko deia egin die. Hitzordua 13.00tan izango da eta euskal taldeak ikurrina eramango du.

Ekitaldia 14:00-14:30ak aldera jarriko da abian eta Pariseko kaleetan barrena ibiliko da desfilea, Place de la Republique delakoan amaituz, 18:30tan. Gune honetan jaia  21:00ak arte luzatuko da. Antolatzaileek mozorrotuta agertzeko eskatzen dute, ahal dela, eguneko bi pertsonaien gaiari lotuta: 

  • Basajaun edo Basandere: basoetako gizon eta emakumean, ile eta bizar luzeekin, larruekin edo artzainak bezala jantzita, ilean loreak eta adarrak dituztela. Koloreak: beltza, berdea eta marroia.

  • Lamina, uretako jenioak, ahate hankadun emakumeak, edo erdi arrain erdi emakume edo gizonak. Koloreak: urdina eta berde-urdina.

Mozorrotu nahi ez dutenei aurpegia margotuko diete euskal etxeko bazkideek eta egun honetarako apropos eginiko zapi bat banatuko zaie. Horretarako, baina, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, otsailaren 22a baino lehen, e-mail idatziz hona: ihauteria@eskualetxea.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia