euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak online inkesta bat planteatu die bere bazkideei itxialdia nola eramaten ari diren jakiteko

2020/07/03

La Platako Euskal Etxearen konfinamenduari buruzko inkesta
La Platako Euskal Etxearen konfinamenduari buruzko inkesta

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Azken egun hauetan Buenos Aires probintziako hainbat hiri --tartean La Plata hiriburua-- derrigorrezko itxialdiaren fase gogorrenera itzuli behar izan dute pandemia kari. Testuinguru honetan, eta bere bazkideen egoera hobeto ezagutzeko, inkesta bat ari da egiten hiriko Euzko Etxea. Izan ere, pandemia garai honetan asko izan dira mundu osoan, modu batera edo bestera euren bazkideekin kontaktatu duten euskal etxeak, euren egoera eta beharrak jakitearren, bereziki zaharrenen eta bakarrik bizi direnen kasuan, arreta gertuagoa eskaintzeko.

Hautazko galdetegi laburrean –bi minutu baino ez dira behar betetzeko– bazkideei bakarrik bizi diren-edo galdetzen zaie, eta hala izanez gero, ea norbait duten eguneroko kontuekin laguntzeko. Itxialdian ateratzeko beharra izan duten ere galdetzen zaie eta ekonomikoki moldatzen diren-edo.

Galdera hauekin batera denbora librerik dutenentz eta denbora horretan ordainsari sozialeko ekintzarik egiteko astirik ba al duten ere galdetzen die Euskal Etxeak. Erantzunen bidez, bazkideen beharrak ez ezik, beste batzuei laguntzeko dauzkaten aukerak eta jarrera ere ezagutu nahi dituzte.

700 laguni zuzendu diete inkesta eta erantzuteko epemugarik ezarri ez bada ere, erantzunak zenbat eta lehenago jaso, orduan eta lehenago hasi ahal izango dira diagnostikoa egiten, beharrezkoa den kasuetan, laguntzeko planak antolatzeko. “Uste dugu hau bezalako jarduerek indartu egiten dutela Elkartea”, esan dute..

Inkestak Google plataforma du euskarri eta Euzko Etxeko kideei dago zuzenduta. Jaso ez dutenek honako helbide honetara eska dezakete: secretaria@cvascolaplata.org.ar; edo +54 221 615-2824 whatsapp zenbakira.

Ideia eta tresna baliagarriak izan daitezke beste euskal etxe batzuetan erabiltzeko, Argentinan ez ezik, Diasporako beste elkarte batzuetan ere.

Euzko Etxea Facebook-en, Centro Basko Euzko Etxea La Plata



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia