euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kristau tradizioa eta euskal mitologia uztartzen dituen Tandilgo 'Euskal Jaiotza', “Udal Interesekoa“ izendatu dute

2021/12/22

Gure Etxea Euskal Etxeko arlo guztietako kideek hartzen dute parte urtero Tandilgo "Euskal Jaiotza" proiektuan
Gure Etxea Euskal Etxeko arlo guztietako kideek hartzen dute parte urtero Tandilgo "Euskal Jaiotza" proiektuan

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Joan den ostiralean, abenduaren 17, estreinatu zuten aurtengo “Euskal Jaiotza” Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxekoek. Inaugurazioa Martin Rodriguez plazan egin zuten, arratsean, Gernikako Arbolaren kimua hazten den lekuan, euskal etxearen egoitzaren aurrean. Ekitaldiaren ondoren, mokadu bat partekatu zuten bildutakoek euskal etxeko tabernan eta Gabonetako brindisa ere egin zuten. 2000. urteaz geroztik urtero egiten den ekimena da eta aurtengoan, honelako talde-ahalegin ederrari dagokion merezitako esker ona jaso du hiriko agintarien eskutik, udal Interesekoa izendatu baitute.

Euskal Etxeko talde guztiek hartzen dute parte “Euskal Jaiotza”n: dantza taldeek, euskara ikasleek, abesbatzak, pilotariek, Zuzendaritza Batzordeko kideek, familiek eta kolektibitateko lagunek. Bakoitzak rol bat du 2000tik hona eboluzioa izan duen ekimenean. Izan ere, hasieran jaiotza tradizional bat baizik ez zena urtez urte moldatzen joan dia, ekarpen berriak emendatuz, beti ere antzinako euskal munduaren irudipena eta euskal mitologia jendaurretzea eta kristau tradizioarekin uztartzea helburu.

Ostiral gauean Mari jainkosa, galtzagorriak, etxekoandreak, artzainak, lamiak, Ziripot eta Otxin agertu ziren, besteak beste, zuzenean Euskal Herriko mendi eta oihanetatik Tandilgo hitzordu honetara etorriak. Euskal ohitura eta mitoak irudikatu eta antzeztu zituzten, Jaiotza eta Olentzeroren agertzearekin amaituz.

Valeria Aramburuk, taularatzearen arduradunak, azaldu dio Euskalkultura.eus-i, iaz pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zela emanaldia, eta aurten, arrazoi beragatik, entseguak egiteko denbora eskasian ibili direla, baina lortu dutela  “Oso gustura egiten dugun zerbait da. Aurten bertan, Jaiotzaren aitzakian egunero elkartu baikara euskal etxeko kide guztiok, oso berezia izan den urte honetan”. "Zer modu hoberik urte amaiera ospatzeko, ilusioz, elkarrekin lanean aritzea baino", gehitu du.

Gabonak modu paregabean ospatzeaz gain, Euskal Etxean era batera edo bestera parte hartzen duten guztiek urtean zehar egin duten lana ere erakusteko aukera ederra ere bada Euskal Jaiotza.

Zorionak Gure Etxea-ko bazkide eta lagun guztioi!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia