euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika 16k munduko euskal etxeei euskararen aldeko herri lasterketan parte hartzeko gonbitea egiten die

2009/02/10

Korrika 15 Beijingeraino heldu zen Shanghaiko Euskal Etxeari esker (argazkia Shanghai EE)
Korrika 15 Beijingeraino heldu zen Shanghaiko Euskal Etxeari esker (argazkia Shanghai EE)

PUBLIZITATEA

Aurreko edizioetan Korrika Beijingera (Txina), Santiagora (Txile), Mar del Platara (Argentina), Londresera (Ingalaterra), Montevideora (Uruguai), Bartzelonara eta Madrilera heldu izan da, besteak beste, hiri hauetako euskal etxe eta komunitateei esker. Aurten Euskal Herrian 16. edizioarako falta diren orduak zenbatzen ari direnean --bitartean Korrika Kulturala abian da jada giroa berotzen hasteko--, lasterketaren antolatzaileek euskal Diasporari Korrikarekin bat egiteko gonbitea luzatzen diete, euskararen aldarria Euskal Herriko mugaz gaindi zabaltzeko.

Bilbo, Bizkaia. Dena prest dago Euskal Herrian Korrika 16rako, bi urtean behin AEK euskaltegien koordinakundeak antolatzen duen euskararen aldeko herri lasterketarako. Aurten Korrika martxoaren 26ean abiatuko da Tuteratik (Nafarroa) eta Gasteizko helmugara apirilaren 5ean helduko da. Tarte horretan lasterketak Euskal Herri osoan zehar milaka kilometro egingo ditu, lekukoa eskutik eskura ibiliko duten korrikalariei esker, behin ere gelditu gabe. Udaletxeek, erakundeek, elkarteek eta hiritarrek lasterketako kilometroak erosiko dituzte, horrela AEKak bere lanean jarraitu ahal izateko behar duen finantziazioaren zati bat batu dezan.

Aurtengo edizioaren leloa 'Ongi Etorri euskaraz bizi nahi dugunon herria' da eta aurten lasterketak omenaldia egingo die atzerritik etorri eta Euskal Herriko kulturara adaptatu, euskara ikasi eta seme-alabeei erakutsi dioten etorkinei. Aldi berean, frankismo garaian edo frantziar estatuko legeen pean euskara galdu eta berreskuratzen ahalegindu direnei eta erbestean eta Diasporan euskara mantendu, erakutsi edo ikasi dutenei ere omenaldia egingo die lasterketak.

Korrikaren antolakuntzatik aurten ere Diasporako euskaldunei lasterketarekin bat egin eta bakoitzak ahal duen neurrian bere herri edo euskal etxean lasterketa edo ekitaldiren bat antolatzeko gonbitea egiten zaie. Jaialdi hauetan esperientzia handia du adibidez, Londreseko Basque Society elkarteak, makina bat edizio daramatelako euren lasterketa propioa antolatzen hiriko parke batean. Madrilen Euskal Etxeak, aldiz, Korrika 15 Diputatuen Kongresuaren ateraino eraman zuen. Mar del Plata (Argentina), Beijing (Txina), Montevideo (Uruguai), Bartzelona (Catalunya), Txileko Santiago... hamaika lekutaraino heldu da jada lasterketa, euskararen aldeko aldarria kaleetara atereaz alai eta koloretsu. AEKak, euskal etxeei laguntzeko, urtero legez, pegatinak, lasterketako petoak eta afitxeak bidaliko dizkie hala eskatzen badute. Horretarako deitu Korrika 16ko koordinatzaile Klara Astondoari (+34-944159512) edo bidali e-maila hona.

Korrika 16ko kantua eta bideoa, hemen.

Korrika Kulturaleko egitaraua ikusteko jo hona.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia