Caldas, Kolonbia. John Alejandro Ricaurte historialari kolonbiarrak ‘Euskal ideala Antioquiako literaturan: aztarnak, mitoak eta estereotipoak’ liburua aurkeztu du abuztuaren 28an. Publiko ugari bildu zen aurkezpenera Udal Liburutegi - Débora Arango Kultur Parkeko aretora eta bertan Julian Quintero irakurketa-sustatzailearekin izandako solasaldi batean azaldu zuen bere ikerketaren ardatza: nola eta zergatik eraiki zen Antioquia eskualdeko literaturan gaur arte iraun duen euskal identitatearen inguruko iruditeria kolektibo sendoa.
Ricaurte beraren hitzetan, “testuan ikertzen dut zergatik hemengo intelektual batzuek bilatu zuten lotura sinboliko eta zehatza Antioquiaren eta euskal jatorriko jendearen artean; gaur egun ere ezagutzen dugun ‘euskal ideal hori’ nola eratu zen aztertzen dut eta baita ere nola kontzeptu horren errepikapenak —adituen ahotan batez ere— lagundu zuen sinestarazten Antioquiaren osaketa historikoan nolabaiteko euskal nagusitasun bat existitulo zela”.
Fondo Editorial argitaletxeak argitaraturik, ‘Euskal ideala Antioquiako literaturan’ liburuak 20 urteko ikerketa baten emaitzak jasotzen ditu, Antioquiako Euskal Ikasketa Zentruaren baitan sortua. Argitalpenak Antioquiako Historia Akademiaren eta Envigadoko Erakunde Unibertsitarioaren babesa dauka eta bere bigarren aurkezpena datorren asteazkenean, irailaren 16an egingo da, arratsaldeko 4etan, Medellingo 20. Liburu Jaialdian. Liburua doan eskura daiteke, pdf formatuan, esteka honetan.
John Alejandro Ricaurte Kolonbian jaioa da eta Antioquiako Unibertsitatean lortu zuen historia gradua. Historiako masterra ere badu eta Nazioarteko Ikasketetako doktoretza Euskal Herriko Unibertsitatean. Jakinet 'aditu' graduondoa ere atera zuen. “Los Vascos en Antioquia” liburu bildumaren egilea da eta Andrés de Irujo saria jaso zuen 2011 urtean.
Antioquiako Gure Mendietakoak
Arlo akademikotik at, Gure Mendietakoak Euskal Etxearen sortzaile eta lehendakaria da Ricaurte. Historialariak euskara eskolak ematen ditu eta komunitateari begirako hainbat ekitaldiren antolatzailea da. “Hemengo errealitatea ez da, konparazio, Argentinako euskal etxeena bezalakoa… guk ezin ditugu hileroko ekintzak antolatu ez dugulako hainbeste bazkide aktibitateei jarraipena emateko. Horregatik urtean zehar ekitaldi jakinak antolatzen ditugu, komunitate osoari begira, edonork parte har dezan… Horrela antolatzen dugu Korrika, Euskararen Eguna, Euskal Diasporaren Eguna…”.
Hilabete eskas igaro da Kolonbian lurrikara izan zenetik eta oraindik ere egoerari aurre egiten saiatzen ari dira kalte handiena jaso zuten hiriak, tartean Bogotá, Cali eta Medellin, batzuk aipatzearren. Ricaurtek adierazi dio EuskalKultura.eus-i zorionez ez dagoela ez hildakorik ezta zauritu larririk ere Euskal Etxeko kideen artean. Eskualdean zeuden euskaldunen zerrenda bazeukaten Euskal Etxekoek eta horiek ere ondo daudela baieztatu ahal izaten zuten.
“Baina mingarria izan da Eusko Jaurlaritzatik edo Euskal Ordezkaritzatik deirik edo mezurik ez jasotzea. Geu, Euskal Etxearen izenean eta geure familien izenean, kaltetuen esanetara jarri ginen, baina ezin izan genuen laguntza handiagorik eskaini, erakundeen aldetik babesik jaso ez genuelako… eta pena da, azken finean hori ere bada-eta euskal etxeen funtzioa, ezta?”, nabarmendu du historialariak.
- Gure Mendietakoak Euskal Etxea Facebook-en

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



