euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak Euskal Kultura ikastaroak abiatuko ditu urtarrilean

2010/12/17

Euskal baleazaleei buruzko mintegia egingo dute urtarrilean UCSB-n (argazkian, balea Hondarribiko armarrian)
Euskal baleazaleei buruzko mintegia egingo dute urtarrilean UCSB-n (argazkian, balea Hondarribiko armarrian)

PUBLIZITATEA

Euskal Ikasketek bere lekua izango dute urtarriletik aurrera Kalifoniako Unibertsitateak Santa Barbara (UCSB) hirian duen egoitzaren curriculumean. Bi ikastaro emango ditu Viola G. Miglio irakasleak: batetik, 'Introduction to Basque', oinarrizko euskara ikastaroa, eta, bestetik, 'Basque History and Culture', historiaurretik gaur egunera bitarteko Euskal Herriko historiari gainbegiratua. Horrez gain euskal gaiei buruzko zenbait mintegi eta hitzaldi eskainiko dituzte UCSBn, lehena 'Euskal baleazaleen masakrea Islandian (1650)' topaketa, urtarrilaren 28an.

Santa Barbara, AEB. Azken urteotan Basque Studies Consortium unibertsitate-taldea Estatu Batuetako unibertsitateetan euskal ikasketak sustatu nahian dabil. Lau unibertsitatek osatzen dute oraingoz taldea: Boise State University; Center Basque Studies, University of Nevada-Reno; California State University, Bakersfield; eta University of California, Santa Barbara. Azken honek urtarriletik aurrera Euskara eta Euskal Historia ikastaroak abian jarriko dituela iragarri du.

Ikastaroak UCSBren Gaztelera eta Portugalera Sailaren baitan emango dituzte eta Viola G. Miglio irakaslea izango dute arduradun. Unibertsitateko kurrikulumaren barnean egongo dira eta bertan parte hartzeko unibertsitateko ikasle izan beharko da. Hala ere entzule bezala ere parte hartzeko aukera egon daiteke irakasleari galdetu eta norberaren kasua azalduz.

Lehenengo ikastaroa '154A. Introduction to Basque' izanpean emango da, urtarrileren 3an abiatuta. Ikastaro honetan Viola G. Migliok 'munduko hizkuntza misteriotsuenetako bat' ezagutzeko oinarriak emango dizkie ikasleei. Gazteleraz emango du. Bigarren ikastaroak '153 Basque History and Culture' dauka izena eta bertan ikasleek historiaurrean hasi eta gaur egunera bitarteko euskal historiari gainbegiratua emateko aukera izango dute. 

Ikastaroei buruzko informazioa gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi e-maila Viola G. Miglio-ri, hona. UCSBn egingo diren euskal ekitaldiei buruzko informazio eguneratua, Basque Events webgunean.

Euskal baleazaleen triskantza Islandian

Ikastaro hauez gain, Santa Barbarako Kaliforniako Unibertsitateak euskal kulturari buruzko beste zenbait hitzaldi eta mintegi ere eskainiko ditu datozen hilabeteetan. Lehena, urtarrilaren 28an egingo den 'The Massacre of the Basque Whalers in Iceland (1615)' (Euskal baleazaleen sarraskia Islandian - 1615) izango da. Bertan Euskal Herriko, AEBetako, Islandiako eta Ingalaterrako adituek hartuko dute parte. Hizlarien artean Marijo Olaziregi, Etxepare Institutuko Euskara Sustatzeko zuzendaria izango da. Mintegiaren behin-behineko egitaraua, hemen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia