euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako euskal piknik eta elkarretaratze askotan euskarazko meza-emaile izandako Aita Mike Lastiri hil da

2022/02/27

Aita Jean Michel 'Mike' Lastiriren euskal komunitate aurreko azken meza, joan den igandean San Frantziskoko Gure Euskal Etxean
Aita Jean Michel 'Mike' Lastiriren euskal komunitate aurreko azken meza, joan den igandean San Frantziskoko Gure Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Hanford, Kalifornia, AEB. Askok joan den asteburuan, San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen 40 urteak ospatzeko EEaren egoitzako kantxan eman zen mezan agurtu zuten azken aldiz, eta inor gutxik espero zuen astebete eskasera bere heriotzaren berri izatea. Aita Jean Michel 'Mike' Lastiri otsailaren 25ean hil da, azken boladan osasun arazoak izan ostean. Joan den urrian ospitaleratu eta bertan bolada bat eman ondoren etxeratua zuten, eta bizkortze bidean ari omen zen. Joan den igandeko meza, South San Frantziskon, aulki kurpildunetik eman zuen aita Renee Iturberekin batera. Sermoia ere indartsu eta gogotsu eman zuen, euskaraz eta ingelesez.

Jatorriz baxenabartarra aitaren aldetik eta nafartarra amarenetik, euskal piknik eta elkarretaratze askotan meza-emaile ibilia zen eta Fresnoko Elizbarrutiari atxikita bazegoen ere, prest agertu zen beti euskal komunitatearen barne laguntzeko eta zaharrei eta premia zutenen aldeko lanetan aritzeko, Kalifornian eta Nevadan batez ere.

Aita Antton Egigurenek igandero Fresnoko Elizbarrutitik online eskaintzen duen euskara/ingeles mezan bere alde eskatuko du, astero euskal komunitatearen baitan hildako guztiak gogoan hartzen baititu, bakoitzaren aipua eginez.

Igandean Kaliforniako 8:45etan [Euskal Herriko 17:45etan] ematen den online meza, Estatu Batuetako euskal fededunen Artzai Ona elkartearen Facebooketik segi daiteke zuzenean, aipatutako tenore horretan. Ondoren, meza grabatua, hor geratzen da, geroago entzun nahi dutenentzat.

Doluminak bere ama Marie, familia eta lagun guztientzat. Goian Bego.

-Artzai Ona Basque Catholic Community



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia