euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalakan talde euskaldunaren soinuak Madonna kantari ipar-amerikarra liluratu du

2012/04/18

Kalakan taldeko kideak
Kalakan taldeko kideak

PUBLIZITATEA

Taldeak ez du txintik esan, baina bolo bolo dabil Madonna ospetsuaren hurrengo biran parte hartuko duten berria. Kantari amerikarraren zaleen webgune batek bota zuen primizia iragan astean, eta harrezkero euskal medioetan agertu da albistea. Taldeak, antza, konfidentzialtasun akordio zorrotza du eta ezin du berria baieztatu ezta gai honi buruzko informaziorik eman. Gauzak horrela, maiatzaren 29an Madonnak bira Tel Aviv-en abiatzen duen unera arte itxaron beharko dugu. Kalakaneko hirukotea izango ote du alboan?

Donostia-San Sebastian. Berria ezin da baieztatu, taldekideek ez dute telefonoa hartzen eta euren diskoetxeak ere tentuz azaltzen du ezin duela ezer azaldu. Antza, Kalakaneko kideak Estatu Batuetan dira orain, Madonnaren bira berrirako prestatzen. Bira maiatzaren 29an abiatuko da Tel Aviv-en eta taldeak kantariaren "Open your Heart" abestiaren bertsio batean parte hartuko omen du, euren "Sagarra Jo" kantuaren doinuak tartekatuz.

Kalakan taldea Thierry Biscaryk, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk osatzen dute, eta Artzeren poema aintzat hartuz --"Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik..."-- euskal musika tradizionala dute oinarri, baina euren musikaren emaitza erabat berria eta zinez indartsua da. Taldeak ahotsak era ikusgarrian baliatzen ditu; txalaparta, danbor, txirula eta albokarekin batera.

kalakan

[Kalakan taldea V. Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean izan zen eta euskal etxeen ordezkarientzako emanaldi berezia egin zuen]

Getarin oporretan

Momentuz disko bakarra kaleratu du taldeak (Kalakan izenekoa, 2010ean). Disko honetan Pariseko Anaiki abesbatzak bai eta ere Katia eta Marielle Labeque ahizpa pianojoleek parte hartzen dute. Preseski, Labeque ahizpak izan ziren antza Kalakan taldea Madonnarekin harremanetan jarri zutenak; izan ere, kantariak Lapurdiko Getarian egin zituen oporrak iaz. Labequetarrak Kalakaneko kideak gonbidatu zituzten urtebetetze jai batean jotzera eta hantxe ikusi zituen --eta txundituta gelditu omen zen-- Madonna ezagunak. Orain taldeak "Sagarra jo" kantuarekin nahastuko omen du Madonnaren "Open your heart" (True Blue, 1986) lana eta euskal musika munduan zehar eramango du kantariaren nazioarteko biran.

Kalakaren "Elementuak" abestiaren bideoa:

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia