euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Sarrionandiak euskaratutako Ana Estaregui olerkari brasildarraren sei poema Euskal Herrian argitaratuko dira

2025/05/16

Joseba Sarrionandiaren itzulpenei esker, Ana Estareguiren poesiak Euskal Herrian argitaratuko dira ekainean
Joseba Sarrionandiaren itzulpenei esker, Ana Estareguiren poesiak Euskal Herrian argitaratuko dira ekainean

PUBLIZITATEA

Sao Paulo, Brasil. Urte hasieran jarri ziren kontaktuan Sao Pauloko 'Casa Guernica'ko lagunak Ana Estareguirekin ‘Gernika Bizirik’ Astearen laugarren edizioan parte hartzera gonbidatzeko. Asmoa, berak portugesez idatzitako poema batzuk euskaratzea, Astearen programa barruan irakurtzeko. Hasierako proposamen hura uste baino askoz urrunago iritsi zen eta Joseba Sarrionandia bera izan zen azkenean Sorocaban jaiotako artista brasildarraren lanaren itzultzailea.

'Casa Guernica' erakundearen kolaboratzaile eta Brasilgo euskal komunitateko erreferente den Miriam Aguirre izan zen Estaregui eta Sarrionandiaren arteko lotura ahalbideratu zuena. “Egiari zor, kasualitatez ezagutu nuen Ana. Astea antolatzen ari ginenean Sarrionandiaren poema bat ikusi nuen Interneten portugesez, hemengo Paulo Ferraz-ek itzulia. Harritu egin nitzen, ez baitago Sarrionandiaren libururik portugesez. ‘Atsegin dut’en artean Anaren abizena ikusi nuen eta berehala jarri nintzen kontaktuan berarekin”, azaldu dio Aguirrek EuskalKultura.eus-i.

Euskal arbasoak

Ana Estareguik bazekien bere abizenaren euskal jatorriaz baina kontakturik ez zeukan euskal gizataldearekin. Are gehiago, bazekien bere birramona Zaragozan jaioa zela eta bertatik etorri zela Brasilera. “Baina Euskal Herritik Zaragozara noiz edo zergatik joan zen ez dakigu”, adierazi digu Estareguik. “Orain liluratuta nago eta Euskal Herria ezagutu nahi dut eta Josebarekin elkartu bertan; olerkiak direla-eta email batzuk trukatu ditugu eta aurrez aurre nahi nuke berarekin solas egin. Geroari begira euskara ikastea ere nire helburuen artean dago”, esan du.

Ana Estaregui olerkaria da eta gaur egun doktoretza ari da egiten Sao Pauloko Unibertsitatean. Literatura eta Kritika Literarioan masterra dauka eta “Dança para cavalos” (Zaldien dantza) da bere azkeneko liburuaren izenburua. Liburu honetakoak dira hain zuzen Joseba Sarrionandiak euskararatutako poemak. Sei olerki horiek Euskal Herrian argitaratuko ditu ekainean Labayru Fundazioko, Idatz & Mintz aldizkariak. Poesia gehiago, hemen.

- Ana Estareguiren Instagram, ana.estaregui



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia