euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emozio eta esker on ugariz Paranáko Urrundikek Zilarrezko Eztaiak ospatu ditu, urrian Joseba Gotzon ekarriko du

2025/05/19

Paranáko Urrundik Elkarteak bere lehen mende laurdena ospatu zuen bazkari batekin eta topa egin zuen lagun ugariren konpainian
Paranáko Urrundik Elkarteak bere lehen mende laurdena ospatu zuen bazkari batekin eta topa egin zuen lagun ugariren konpainian

PUBLIZITATEA

Paraná, Argentina. Paranako Urrundik Euskal Elkarteak Zilarrezko Ezteiak ospatu ditu bazkari handi batekin hiriko Círculo Hotelean, euskal dantza ikuskizun batez gozatu zuten 150 gonbidatu lagun. Ekitaldian, elkarteko lehendakari Juan Carlos Borrásek 25 urteotako gertakarien errepasoa egin zuen eta eskerrak eman zizkien, gisa batera edo bestera eta urte hauetan zehar eurekin lankide eta lagun aritu izan diren guztiei. Maiatzaren 11ean egindako jarduera berean 35. urtebetetzea ospatu zuen baita ere, Santiago Erguy eta Federico Borràs gidari dituen "Presencia Vasca" asteroko irratsaioak, 35 urtez etenik gabe igandero aireratzen euskal musika, elkarrizketa eta berriekin.

Festa arratsalde osoan zehar luzatu zen, Urrundik taldeko dantzariek girotua Ignacio Borrás zuzendari. Txikien taldeak, Orpo Punta eta Lantzeko Inauteriak eskaini zituen; gazte eta helduek, berriz, Jaurrieta, Kaskarot, Bolant Dantza, Makil Dantza eta, amaitzeko, Fandangoa eta Kalejira. Zozketek ez zuten huts egin, eta Hernando Pico Rubio eta Cristian Dappen gitarra joleek ere euren musika jendaurretu zuten.

 
Urrundik Elkarteko dantzarien formazio desberdinak eta denboran zehar entitatea identifikatu izan duten elastiko desberdinen desfilearen postala

"Bozkario handiko jaia izan zen, bizipen, emozio eta oroitzapenen ibilaldi bat, egun gurekin ez dauden baina beti gure bihotzean biziko diren pertsonak gogoan", adierazi dio EuskalKultura.eus-i euskal etxe entrerriostarreko lehendakari Juan Carlos Borràsek. Elba Mocoroa izan zuten bertan FEVAko ordezkari, eta hiriko hainbat gizatalde, arabiarrak, Volgako alemaniarrak, piamondarrak eta valeistarrak tartean, baita Entre Riosko Gizataldeen Elkarteko eta Argentinako Gizataldeen Konfederazioko kideak ere (kide dute Urrundik), Club de Leonesko ordezkariak, eta bertako zenbait folklorista.

Urrian Joseba Gotzon

Jende askoren ahalegin eta elkarlanaren ondorioz, egun Paranako Urrundik Euskal Elkartea dena, elkarte sendo eta gizarteratua da Paraná-n, eta hirian egiten diren ekitaldi sozial eta kulturaletan parte hartzen ahalegintzen da. Euskal dantza irakasteaz gain, tailer ugari eskaintzen dizkio komunitateari Espainia kaleko 430.ean duen egoitzan. Antzerki Tailerra, konparazio, Augusto Carballal koordinatzaile; Tangokoa Sebastián Balcazak gidatzen du; eta Federico Del Vallek eta Juan Milesek, Folklorekoa. Raúl Acosta xake eskolaren arduraduna da, oihartzun handia duen proposamenetako bat. Urrundik-ek liburutegia ere badauka, Mireya Alcain arduradun, eta interesa dutenek larunbatetan kontsulta dezakete 10etatik 12etara. Euskal Etxearen 25 urteen ospakizunaren harira, hainbat ekitaldi programatu dituzte. Besteak beste, datorren asteburuan burutuko den Xake Txapelketa garrantzitsua, eta urriaren 15ean, Tres de Febrero Antzokian, Euskal Musika eta Dantza Jaialdia, Europatik bertaratuko den Joseba Gotzon euskal kantautorea partaide.

Zorionak, Urrundik!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia