euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Gotzon bizkaitarrak bat egingo du Diasporaren Egunarekin, irailaren 8an, ‘Urrundik’ singlea aurkeztuz

2020/09/03

‘Urrundik’ singlea-ren azala
‘Urrundik’ singlea-ren azala

PUBLIZITATEA

Portugalete, Bizkaia. Harreman oso estua du Joseba Gotzonek Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal jatorrizko lagunekin, bereziki Latinoamerikako komunitateekin. Azken hogei urteetan dozena bat aldiz zeharkatu du Atlantikoa, eta hamaika kontzertu emateaz gain, lagun ugari egin ditu Diasporan. Urteetan zehar sortutako harremanek inspiraturik, ‘Zortzigarren Probintzia’ izenarekin ere ezaguna den euskal diasporarekiko bere sentimenduak adierazi nahi izan ditu artistak eta hala egin du ‘Urrundik’ plazaratuz.

Parana hiri argentinarreko ‘Urrundik’ euskal etxeari omenaldia ere baden abestiko koruetan euskaraz jarri ditu kantari Argentina, Brasil, Japonia, Mexiko, Uruguai, Txile eta Kolonbiako euskal kolektibitateetako hainbat erreferente; eta musikan, Latinoamerika bertako tresna tipikoak diren ‘bombo legüero’ eta 'kena' entzun daitezke. Kanta berria irailaren 8an egongo da eskuragai plataforma digitaletan, egun horretan mundu osoan –leku gehienetan era birtualean– ospatuko den Diasporaren Egunarekin bat eginez.

(Euskal diasporaren ordezkari, Urrundik abestiko koruetan kantari ari dira, Argentinatik Begoña Tisera, María Silva Soloaga, Carolina Bravo, Sabrina Otegui, Valeria Aramburu eta Juan Carlos Borrás; Brasildik, Ederson Otharan, Juliana Batista eta Eusko Brasildar Etxeko Oskar Goitia, María Cecilia Medina, José Pérez eta Dunia Karolina Salazar; Kubako Odalys Echevarria; Japoniako Hidenao Dohino; Mexikotik, Nancy Romano Echavarria, Haizea Elizondo Gorroño eta UNAMeko Euskara Irakurletzako kideak; Uruguaitik, María Noel Abella Aiscar eta Federica Zieleniec; Txiletik, Angel Espinoza eta Carmilla Karnstein; eta Kolonbiako Iker Guillermo López)

Kantariaren abestia aurkezteko hasierako asmoa bira bat egitea izan bazen ere, COVID-19ak sortutako egoerak planak aldatzera behartu zuen eta atzeratu behar izan ditu datorren urterako Mexikon, Argentinan eta Kuban eskainiko zituen kontzertuak. Hala ere, EuskalKultura.eus-i. aurreratu dionez, aste pare bat barru ‘Urrundik’ abestiaren bideo klipa estreinatuko du, eta ez dira hor sorpresak faltako.

-Proiektuari buruzko informazio osoa, hemen
-Joseba Gotzonen webgunea: www.josebagotzon.com



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia